Gu gaurko euskaldunok, gure aitasoen illezkorren oroipenean bildu gera emen gure legea gorde nai degula erakusteko. Gamazadaren abaroan 1893an sortu eta hamar urte geroago Foruen Monumentuan zizelkatutako hitz hauek, XX. mende nahasia bizi izan zuten eta XXI. mende hasiera nahasi honi hasiera eman dioten nafar belaunaldi ezberdinei oroitarazi diete promesa xingle bat, haien antzinako hizkuntzan idatzitako esaldi soil horretan jasotako promesa. Promesa sakon bezain xume bat, mende luze honetan ziklikoki berritu duguna, eta behin eta berriro berritzen jarraituko duguna, desira horrek bere baitan gorderik duen borondatea egia bihurtu arte.
Orain dela bostehun urte, Nafarroa bere subiranotasunaren alde matxinatu zen, ez soilik 1521eko ekainaren 30ean Noaingo zelaietan zeuden espainiar tropen aurrean, baizik eta aurreko hilabeteetan, herriz herri eta auzoz auzo, Amaiurko gazteluan urtebete beranduagora arte iraun zuen erresistentzia izpiritu batekin. Askatasun oihu horren oihartzunak mendez mende dirau eta, gaur egun, gure artean darrai.
Geroztik, Nafarroa mila eta bat aldiz altxatu da bere herritarren, izaeraren eta bizitza ulertzeko duen moduaren alde, eta 500 urtetik gora dirauen konkistaren ondoren, oraindik orain, egunero erantzuten diogu oraindik ere Nafarroa Espainiako Erreinuaren kide izateko proiektuari. Noaindik Gamazadara, Amaiurtik Trantsiziora, gure gizarteko sektore zabalek Espainiako Erresumaren eredu probintzial edo autonomikoa arbuiatu dute, gure jauntxoen eliteek espainiar monarkia ustelari onarpen triste eta geroz eta bakartiago bat ematen dioten arren.
Espainiako Erreinuak gaur egun pairatzen duen goitik beherako krisi egoeran, politika publikoak gehiengoaren zerbitzura jartzeko eta eredu sozial eta ekonomiko bidezkoagoa bat eraikitzeko gai izanen diren tresna eratzaileak eskuratzea premiazkoa bilakatzen da: Nafarroa berdinzaleagoa, inklusiboagoa, feministagoa, euskaldunagoa, berdeagoa, solidarioagoa eta azken batean maila guztietan burujabeagoa lortzeko. Burujabetza, beraz, ez da iragan urruneko desira bat, etorkizun hobe baten bermea baizik.
2021. urtean gure historiaren ziklo garrantzitsu bat bizitzen ari gara, Noaingo batailaren 500. urteurrena, eta 2022ko uztailean Amaiurko gazteluaren setioa. Nafarroako subiranistentzat testuinguru hau hagitz berezia da, eta Nafarroako Gobernuak gertaera hauek Nafarroaren Eguneko ekitaldietan gogoratzea faltan botatzen dugu. Gauzak horrela, gure agintariek egiten ez dutena herriak egin beharko duela aurreratzen dugu.
Eta hau izanen da gure aurkezpena munduaren aitzinean, Europan olatu subiranista bat altxatzen ari baita. Nafarroa eta Euskal Herri osoak, katalanekin, korsikarrekin, irlandarrekin, eskoziarrekin, galestarrekin eta estaturik gabeko gainontzeko nazioekin batera prestatu behar dugu, askatasunaren alde borroka egin eta duela 500 urte Amaiurrren borrokatu zirenen helburuak lortzeko. Hau izanen da omenaldirik onena.
Eta bukatzeko, gure eta aitzineko belaunaldien izenean, Nafarroako herritarrei beren ideologia, sinesmen, jatorri eta kondizioaren gainetik, dei bat egin nahi diegu gaur, abenduaren 3an, burujabetzaren aldeko aldarria kalera ateratzera, gure ikurra kaleetan, plazetan eta etxeetan jarriz, edota herri mugimenduak antolatutako ekitaldietan parte hartuz.
Burujabetza askatasuna da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu