Milaka eta milakaurte pasa dira gizakiak gaur egun duen adimenalortu arte. Dudarik gabe, gizakiak bere eboluzio guztian lortu duen tresnarik ederrenetakoa da, baina maltzurra ere bai. Tresna diot hala delako, nahiz eta askorentzat adimena gizakia den guztia izan, alegia, burua. Gizakia bere adimenarekin lotzen dute, eta hala da, baina ez da adimena bakarrik. Batzuen ustetan, zenbat eta adimen handiagoa eta bizkorragoa, orduan eta gizakiagoa; adimen-kozienteaz ari dira hitz egiten. Hori hala bada, ze gizaki maila ematen ote dute ba %50 edo %60ko adimen-kozientea dutenek? Bigarren mailako gizakiak ote dira ba? Edo, %110etik gorako adimen-kozientea ematen dutenak bakarrik al dira gizakiak? Zoritxarrez, inteligentzia mota bat bakarra neurtzean dator ondorio latzak dituen akatsa. Zorionez, gaur egun, zazpi edo zortzi adimen anitzak kontuan hartzen hasi dira. Hala ere, egia da lortutako titulazio zerrendak duela prestigioa eta oso erraz baztertzen direla abilezia handiak dituzten pertsonak.
Adimena bizidun guztiek daukate, bakoitzak bere mailan, noski; ez da gizakiaren ezaugarria bakarrik. Adimena definitzeko orduan, bizidun guztiak kontuan hartuta, ikerlariek zera diote: adimena aldatuz doan ingurune batera egokitzeko gaitasuna da, eta, abilezia berriak lortuz eta erabiliz, bizirautea ahalbidetzen duen jarrera. Bizidun guztien xedea norberaren eta espeziearen bizirautea baita. Akaso, XXI. mendean bizirauteko hiru-lau titulu behar dira!
Gizakia zeharo konplexua da. Gizakia osatzen duten atal guztiak erlazionatuta daude. Zelula guztiek dute elkarren berri. Gizakia bere osotasunean hartu behar da. Horregatik ez da zuzena burua ordenagailu edo konputadura batekin alderatzea. Zientziak asko aurreratu badu ere, ene ustetan ezinezkoa da gizakiaren adimena, burua orokorrean, robotikako inteligentzia artifizial batekin ordezkatzea.
Burua! Buruak zenbat buruhauste eta buruko min ematen dizkigun! Egunerokoan, bat-batean bizi ditugun poz eta tristeziak gure buruak sortutakoak izaten dira. Berak maneiatzen gaitu une guztietan. Gainera, gure nia, egoa, eta bera oso ongi konpontzen dira; berak sortu zuen nia, eta niari ondo datorkio bere jauntxoa, burua. Adimena pentsamenduetan plazaratzen da, eta etengabeko jarioa dauka. Burua ezin isildu, beti lanean! Beti pentsatzen; batzuetan ideia berdinarekin bueltaka, besteetan bidaiari eta ameslari.
Burua ez dago sekula orainean, beti iraganean edo etorkizunean. Askotan zenbat kostatzen den burua egiten ari zaren horretan jartzea. Iraganean bazabiltza, kontu zaharrekin hausnarrean, seguru sortuko dizkizula nahigabeak; beti aieneka! Etorkizunean pentsatzea, berriz, denbora galtze bat da, oraindik ez delako etorri eta ez delako existitzen. Baina batez ere hortik bizi da burua. Ezagutzen dugu panorama: erlijioek gerorako esperantza, zerua, aldarrikatzen dute; ideologia desberdinek herrien askapena, langileen garaipena; politikoek ongizatea, aurrerapena. Gizateria geroan pentsatzen jartzen dute, adimen kolektiboaren eraginez, denak berdin gerora begira. Bitartean gizakia frustraziotik frustraziora, etsipenetik etsipenera dantza tristean, buruak dakarzkion ezintasuna eta samina goxatu nahian.
Kontrolatu daiteke burua? Asko dira baietz esaten dutenak, baina zaila dela diotenak ere badira. Erreka bati nola jarri traba, nola itxi bere ur-jarioa! Hasteko, ez dago gaizki konturatzea geure buruarekin hitz egiteko gaitasuna badugula. Nork ez dizkio bere buruari kontuak eskatu edo aholkuak eman: «Hobe duk isilik egon, bestela...», «Ez hadi horretan sartu...».
Geure burua behatzeko ahalmena badugula esango nuke nik. Une guztietan behatuko bagenu, pentsamenduak ere behatuko genituzke. Praktikarekin eta ekinez, une oro jabetuko ginateke iraganeko pentsamenduekin ari garen ala etorkizuneko ametsekin. Behaketaren bidez ezagutu daiteke burua, gutxienez zertan dabilen antzeman, eta hori ez da gutxi.
Orainean bizitzeak onura handiak ditu: hasteko, errealitatean bizi, saminak, une txarrak eta frustrazioak aldendu, momentuan momentuko etekinak hobetu... Orainean bizi ezkero, istripu asko ere ekidin daitezke!
Buruak buruhausteak sortzen ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu