Burgotar aita-semeak eta estatutua

2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Jaime Ignazio del Burgo Iruñean jaio zen 1942an; Jaime del Burgo Torres historialari frankistaren semea da, eta dakizuenez, EAErentzat estatus politiko berria idazteko adituen batzordeko kide, PP alderdiak izendatua. Adituen batzordeko kide gisa, 2019ko abenduaren 6an DV-n egindako elkarrizketan zioen eskubide historikoek ez dutela autodeterminazio eskubidea legitimatzen: hori kontra-foru itzela da. Lehen foruen kontrako bidegabekeriak estatu zentralistak egiten bazituen, orain PNV-Bilduren arteko «kontubernioa» aurrera ateraz gero —judeo-masónico-comunista-internacional oroitarazten du—, Euskadiko instituzio komunek egingo zituztela.

F. Aoizek El retorno de lo reprimido. Notas para una biografía a mala leche de Jaime Ignacio del Burgo biografian dioenez (Tres tristes trileros. Txalaparta. 2016. 125-230), XIX. mendean, indarrean egondako binomio ideologikoak (zentralismo-foralismoa, tradizio-liberalismoa, errege legitimoa-errege ilegitimoa) aldez beste iraulkatu ziren XX. mendeko lehen bi hamarkadetan, eta ardatz ideologiko berriak ezarri ziren: Espainia versus komunismoa eta separatismoa (anti-Espainia). Espainiak ordena, jabetza, hierarkia sozialak, patriarkatua eta erlijio katolikoaren nagusitasuna sinbolizatzen ditu, haren irakurketa erreakzionarioenean, eta Elizaren paper gailena, halaber. Horren guztiaren jarraitzaile abantailatua da Jaime Ignazio del Burgo.

Haren aita Jaime del Burgo Torres, hura ere Iruñean jaioa, eta karlista, baina karlismotik tradizionalismo frankistara igaroa, gazterik hasi zen nabarmentzen Agrupación Escolar Tradicionalistan (AET), eta izen bereko aldizkarian: «Izan gaitezen gizonak eta jakin dezagun eroritakoa mendekatzen; sozialistei beren zentroetan urte osorako xingola beltzak ipinaraziz bada ere. Zeren horien aurka edozein prozedura da ona: bonba, puñala, eta sutea» (137or.).

1934ko urtarriletik, Jaime del Burgok paper garrantzizkoa jokatu zuen karlismoa mugimendu faxisten helburuetara eta hiztegira egokitzen. Iruñeko gazteria tradizionalista paramilitarki antolatzeko lantegia AET aldizkaria argitaratzearekin aldizkatu zuen, eta haren orrietarik iraultza sozial eskuindarrera deitu zen argiro eta nabariro. J.M. Torrealdaik oraindik orain plazaratutako liburuan, frankismo guztian zentsura gotorra ezartzeaz arduratu ziren ordezkari probintzial gailenenak izendatu dizkigu, eta Nafarroatik, Jaime del Burgo Torres huraxe (De la hoguera al lápiz rojo. 2019.119or.). Hogeita hiru urtez aritu zen zentsore nagusi gisa Nafarroatik.

Jakina, semeak ez du aitaren hobenen edo merezimenduen errurik edo bertuterik, baina Jaime Ignazioren kasuan, Aoizek frogatu du aitaren seme duina izan dela Jaime Ignazio, frankismo garaian hasita, aitaren uberan eta hark utzitako herentziaz harro-harro gaurdaino, beti ekialdeko eta mendebaldeko euskaldun penintsularrok elkarrengandik bereizten eta etsaitzen, eta beti demokraziaren aurka, Nafarroako Foru Hobekuntzari buruzko erreferendumaren aurka, eta nafar izatea eta espainol izatea biga ez baizik eta bat dela defendatzen eta goresten; nazio bakarra espainola eta nafarra haren aldaera bat, eta, noski, rol horixe jokatu du adituen batzordean ere, bere ibilbide politikoarekin era-erara.

Egungo egunera etorririk, Jaime Ignazio del Burgoren posizioaren jakitun, nola ikusi du hark PSEren ordezkaria delako adituen batzorde horretan? Bere kideko ikusi du kasik, askoz ere hurbilago bere posizioetatik EAJren posizioetatik baino: «PSEko ordezkariak ez du Euskadiren nazio definizioa partekatzen; proposatzen du batere erreferentziarik ez egotea Nafarroari atariko tituluan, eta zehazki lurraldeari dagokion artikuluan aldezten du País Vasco Autonomi Erkidego bat dela, eta ez du Kontzertu Politikoaren Batzorde Mistorik onartzen eta errefusatzen du estatuarekiko gatazkak Arbitraje-Batzorde batean ebaztea. Ez du onartzen Eusko Legebiltzarrak erreferendumera deitzeko ahalmena izatea, eta batez ere, erabakitzeko eskubideari buruzko xedapena kentzeko eskatzen du».

Orduan, galdera berez bezala dator, %80an bat etorri omen dira EAJ-PSE-Podemos, baina zein da %80 horren eduki kualitatiboa, beste %20ko desadostasun horietan, eduki hain axola handikoak baldin badaude, Jaime Ignaziok azerikiro aditzera eman bezala? Kontent egoteko moduan da iruinseme «basko» nafar-espainola, eta gu ez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.