Burgos 50. urteurrena: nahiko barrenetik

2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Hantxe geunden bai, oraindik gazte, mundu ezagunean izan zen apaiz-kartzela bakarrean, Vatikanoak eta Francok bahituta. Kartzela ankerra hura ere, denak bezalakoa, baina eraikin-espezimen haren espezialitatea hango bezerook zeharo isolatzea zen. Munduak ez zuen jakin behar ignominia hura existitzen zenik; eta guk ez genuen jakin behar munduan gertatzen zen ezertxo ere. Beno, Salamanca futbol taldearen berri-eta izan ezik. Bagenuen hala ere kode ezkutu bat etxekoen gutunetan notiziaren bat detektatu ahal izateko. Adibidez, «el manzano de enfrente ha caido (Pareko sagarrondoa erori da)», nahiz eta hango zentsura akabua izan. Martinen gutun batean marra baldar bat ageri zen behin, «las gallinasxxxxxx ya han empezado a poner huevos (xxx oiloak hasi dira erruten)». Gero jakin ahal izan genuen «rojas (gorriak)» ipintzen zuela.

Baina hara non, telebista bat ekarri ziguten, Bonanza eta halakoez lozorroan mantso gintezen. Eta orduantxe gertatu zen Burgosko Epaiketa, non militarrek Manzano torturatzaile ospetsuaren akabuaz akusatuta preso zeukaten hainbat lagun. Jon eta Julen ere Zamoratik Burgosera joanak ziren, lehenengoa etakide izateagatik, eta bigarrena etakideak abade etxean ezkutatzearren, seguru.

Eta gu hantxe telebistari so, begiak irten beharrean, parte ofizialetatik ateratzen ziren altzairuzko hotsak irensten; hantxe Nikola, gure komandante beteranoa, bere txapelaz eta betaurrekoez hornituta. Hantxe Xabier ere bere betaurrekoekin, Burgosko Komandantzia militarreko eraikin mamu hura ikusten, Manzanasen aferagatik sei presori heriotza zigor bina (bina) eskatzen ziotela entzuten. Erakutsi ezertxo ere ez, Militarren Komandantzia hura besterik ez. Baina epaile militarren ezpaten dantza ezagutu berri genuen Burgosko eraikin hartan, hain zuzen ere, tele-ikusleetariko batzuk.

Militarrak beren gerra-medailak distiratsu, akusatuetariko bati aulkitik altxatu omen zelako bronka botatzen, eta honek «usted ha errado el tiro» esaten. Nori eta militar harroari. Izan ere, harro zeuden orduan militarrak. Eta gu «horienak egin du» pentsatzen eta barrutik sentitzen Burgosko epaituengatik. Hantxe Alberto ere erne telebistari beha, eta Luis Mari ate-zulotik begira, ea kostaldean mairurik hurreratzen zen... Baina batez ere, gure artean Lukax zegoen. Lukax, zeinen anaia baitzen heriotza kondena bikoitza ezarri ziotenetariko, eta haren arreba ere bertan, Burgosko akusatuen artean. Lukaxi begiratzen genion, bada, guztiok zeharka, «haienak egin du» sentitzen gure barrunbeetan.

Jakina, guk ez genekien kanpoan gertatzen zen ezer, eta ez genuen jakingo ere, harik eta Julen eta Jon itzuli arte. Pentsa, Carrero Blancorena ere egun hartatik hilabetera edo enteratu ginen, Correo de Zamora zuloz beterikoan futbol partida bateko kronikan letra txikiz ageri zelako «un minuto de silencio por el vil asesinato de...(... ren heriotzagatik minutu bateko isilunea». Beraz, guk orduan ezin jakin kanpoan tsunami-zurrunbilo moduko bat sortzen ari zela... Hantxe zeuden gure artean Vicente gailegoa eta Mariano madrildarra ere, bata guardia zibilaren semea eta bestea guardia zibilek aita erail ziotena. Eta orduan nik, heriotza zigor haien berri izatean, neuretik irtenda eta modu ez hain ortodoxoan, «espainiar kabroiak» esan nuen. Isildu ninduten, arrazoiz.

Zer irudika genezakeen guk orduan hango eta hemengo jende jatorra mugitzen ari zela Burgosko epaituen alde? Bai, gizarte hura eta langileen borroka izan zen, hain zuzen, gu torturen kontrako gose greba bat egitera bultzatu gintuena Bilboko Gotzaindegian. Hirurogeitako belaunaldiaren borrokara batu baino ez ginen egin, geure arlo berezitik. Amorruz bete genituen nagusiak: nortzuk eta abadeak lerratu beharra gorrira. Errebelamendu militarra ezarri ziguten, hara zer gauza, gose-greba eta papertxo bategatik.

Zamorako telebista haren aurrean ikusten ditut oraindik Zamorakideak, zazpi gorputz-atalak asaldatuta, duela 50 urte, gela hartan. Beilh kontsul alemaniarra bahitu zutela entzun genuela uste dut. Kontxo, baina horixe baino ez, ingurukorik gabe. Zelan jakin kaiola hartan tsunamia Europa osora zabalduko zela, eta Euskal Herriaren auzia ia mundu guztira hedatu? Akusatuen egoeraz eta jokaera bulartsuaz ere ez genekien ezertxo. Jon eta Julen ere han.

Egiten ari ginen tunelaz ere ahaztuta geunden une hartan. Konkordatu Kartzela hura salatzeko edozer gauza egiteko prest geunden. Handik ateratzea eta gainontzeko preso politikoengana eramatea eskatzen genuen lehen unetik bertatik. Baina ez zeuden euren muntaia hura deseraikitzeko prest. Orduan batzuk argi ikusi genuen ihes egiten saiatu beharko genuela, Basauriko ihesa gogoan. Gainera presoen lehen obligazioa ihes egitea ei da, ahal izanez gero. Eta ikusi genuen ahal izan zitekeela agian. Lehenbizi horman gora pentsatu genuen Papillon eleberria eta irakurrita. Baina gero tunela egiten hasi ginen. Orain, Burgosko Epaiketa zela eta, zuloa zigilatuta daukagu, baina ez ahaztuta, zeren gauzak martxa onean baitoaz, dagoeneko lehenengo horma zeharkatuta... Orain ez dut gogogoan Pedro Zornotzakoa gure artean zegoen une hartan, baina bera zen Kanpo Arazoetarako gure ministroa.

Halaxe bizi izan genuen Burgosko Epaiketa. Gero tantaka joan ginen jabetzen Euskal Herriko historia biratu zuten gertakizunez. «Frankoren hilkutxa prestatu zuten sei iltzeak», Albertik esan bezala. Munstro hark hartu zuen bere azken mendekua, zelan ez ba: Txiki, Otaegi... Baina hilkutxa prest zeukan. Eta guk Zamoran txanpan botila bat hozkailuan. «Españoles, Franco ha muerto (Espainiarrok, Franko hil da)».

Orain Frankokumeak harrotzen hasiak dira berriro. Hortxe egon dira beti, Espaina beltzean. Beraiek agindu izan dute beti. Beraz, amorratzen daude berriro: betiko militarrak, betiko epaile frankistak, Erdi Aroan eliz hierarkiak betetzen zuen eginkizuna betetzen, tinko herriak zanpatzen... Nire osaba batek zioena, «Gurutzadako ganadu hau desagertu arte, ez daukazue zereginik». Idiskoak jarraitzen dute hor, bai. Baina... aitak esan arren, amak esan arren... Euskal Herriak larriagoak gainditu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.