Zuzenbideko katedradun ohia eta Ekologiako katedraduna

Bultzada berri bat EHUrentzat

Kiko Caballero Harriet eta Miren Onaindia Olalde
2024ko abuztuaren 3a
05:00
Entzun

Krisi eta aldaketa garaian sortu genuen Euskal Herriko Unibertsitate publikoa; eraldaketa politiko, sozial, instituzional, ekonomiko eta kultural askotarikoengatik ezaguna den 80. hamarkadaren hasieran. Gernikako estatutua onartu eta Euskal Autonomiako Erkidegoaren egitura instituzional berria sortzearekin batera abiatutako proiektua izan zen, bere burua antolatu nahi duen herri nahi edo desio baten ondorioa. Testuingurua konplexua zen arren, inertziaz aritu baino, ausardiaz eta arduraz norabide berri eta argi bat finkatzea lortu zen 90etako hamarkadatik aurrera.

Gure goiburuak ezarri zigun norabidea: Eman ta zabal zazu. Horretan tematu gara denon etxea izan nahi duen honetatik pasatu garen milaka ikasle, irakasle eta ikerlariak. EHU bera martxan jarri zuten eta kasu askotan kanpotik etorritako lehen irakasleek aitortza berezia merezi dute. Baita, nola ez, kalitatea eta bikaintasuna helburu, orain arte ikasten, irakasten edota ikertzen ibili diren eta egunerokoan ezinbestekoak diren TEKAZEL-eko langile guztiek ere. Bide horretan guztian, bertako harrobiaren aldeko apustua egin izanak ekarri gaitu eskaintza elebiduna egiten duen egungo euskal unibertsitatera, baita gure potentzialitatean oinarritutako nazioartekotzera ere.

Ziurrenik EHU bera eraldaketa askoren garaian sortu zelako, hasierako asmoetan finkatu eta estatutuetan bertan adierazi zen beste xede bat gogorarazi nahi dugu oraingoan. Hala dio hitzez hitz gure lehen artikuluak ere: «Bestalde, euskal gizartearen premiei erantzungo die, bai eta historiak eta aldaketa sozioekonomiko, politiko eta kulturalek ekarritakoei ere». Horren araberako hausnarketa egin behar dugu orain ere, aldaketen aurrean aitzindari lanak gureganatuz eta dagokigun ardura eta konpromisoa hartuz.

EHUren sorreran jazo bezala, orain ere aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari dira munduan eta horiek eragin zuzena dute gure herrian, jakina. Larrialdi klimatikoak ezinbestekoa egiten duen trantsizio ekologikoa; munduan ematen ari diren aldaketa geopolitikoek Europan, eta, beraz, gurean ere sorrarazten dituen ondorioak; gure egitura ekonomikoan ematen ari diren sakoneko aldaketak; digitalizazio zein automatizazio prozesuek lan munduan zein komunikazioaren gizartean dituzten ondorioak; adimen artifizialak ezartzen dizkigun erronkak, zahartze demografikoak eta migrazio prozesu berriek sortzen dituzten beharrak eta aukerak; aurrekoarekin harreman zuzena duen zaintza krisia; dualizazio sozial etengabekoa; hegemonikoa den globalizazio kulturala gure hizkuntzaren eta kulturaren etorkizunean izaten ari den eragina... horiek guztiak bizi ditugun garai aldakorren dimentsio eta ezaugarriak dira eta horien aurrean, tentuz eta arduraz jokatu behar delakoan gaude.

Unibertsitate publiko gisa eta euskal gizartearen beharrei zor gatzaizkion neurrian, uste dugu talaia eta posizio pribilegiatua dugula herri honek parez pare dituen erronken aurrean eskuzabaltasunez aritzeko, zientziatik ekarpena egiteko eta, ondorioz, soluzioak eskaintzeko.

Arduraz jokatzeko garaia da, eztabaidak sustatzeko momentua, bazterketarik gabe eta ausardiaz aritzeko unea. Aipatu erronketan aitzindariak izateko ausardia behar du Euskal Herriko Unibertsitateak. Sortu ginen unean bertan, gure estatutuen lehen artikuluan ezarri zitzaigun zeregina beteko badugu, herri hausnarketen lema hartu eta elkarlanean arraun egin beharko duen herri bati ekarpen zientifikoa egitea dagokigu. Eta horretarako guztirako EHU osatzen dugun kide eta langile guztien profesionalizatze eta duintzea ezinbestekoa da. Bultzada berria behar du Euskal Herriko Unibertsitateak.

Hausnarketa publiko hau sinatzen dugunon ustetan, EHUk egun egiten ari dena baino askoz ere gehiago egin dezake norabide berri baterantz. Kanpo joera okerrek baldintzatuta eta errutinak jota dagoen unibertsitatea bihurtu zaigu urteekin gurea. Gure eguneroko kudeaketan burokraziak hartu duen pisua aztertu eta desburokratizazio prozesuak sustatu behar ditugu. Belaunaldi berrien prestakuntza eta kalitatezko formakuntza bermatu behar duen dozentziak garrantzia galdu du gurean eta prestigiatu beharra dago. Eta ikerketari buruz zer esan? Ezagutzaren gizarte aurreratu gisa jotzen dugu gure burua, baina nork egingo du herri honetan ikerkuntzaren aldeko hautu pertsonala, horrek kondenatzen badu lehen lau urteetan mileurista izatera edota, ondoren, dozentziari ekin eta 800 euroko soldatarekin bizi beharko bada? Jabetzen gara, edo konturatzen al dira herri honetako arduradunak parez pare ditugun erronken tamaina erraldoiaren eta unibertsitate publikoari eskaintzen zaizkion baliabide urrien artean zer arrakala dagoen? Nola da posible egoera larri honen aurrean, ez ikusiarena egin eta menpekoa eta pasiboa den jarrera mantentzea? Aldaketa behar du Euskal Herriko Unibertsitateak.

Azken Soziometroaren arabera, gurea gehien baloratzen den eta sustraituta dagoen instituzioa da herritarrontzat. Horren araberako baliabideak eta horren araberako egitasmoak behar ditu unibertsitate publikoak. Herri anbiziotik edango duen jauzi bat behar du gure unibertsitateak, dagozkigun eta aipatu ditugun zereginak betetzeko, barne mailan gobernantza parte hartzaile bati bide emateko, irakasle eta ikasleei ahotsa emateko, olatu feministaz blaitzeko, euskara eta euskal kultura sustatzeko, zientzia eta ikerketa prestigiatzeko, lidergo zientifikoa esku publikoetan bermatzeko... Euskal gizarteari harrotasunez so egin eta haren unibertsitatea garela sinetsarazi behar diogu, guri dagozkigun zeregin eta eginkizunei aurre egiteko prest gaudela adieraziz.

Krisi eta aldaketa garaian bizi gara. Eraldaketa politiko, sozial, instituzional, ekonomiko eta kultural ugariri aurre egin behar diogun garaian. Testuinguru honetan ere bi aukera daude: inertziaren esku gure burua abandonatzea edota ausardiaz gure Euskal Herriko Unibertsitate publikoari bultzada berri bat ematea. Idazki hau sinatzen dugunok uneak eskatzen duen ardurari jarraiki horretan tematuko gara.

 

Artikulu hau honako hauek ere sinatzen dute: Ramon Zallo Elgezabal (Ikus-entzunezko Komunikazioko katedraduna), Arantza Urkaregi (Matematika eta Estatistikako irakasle agregatu ohia), Iñaki Lasagabaster Herriarte (Zuzenbide Administratiboko katedradun ohia), Baleren Bakaikoa Azurmendi (Ekonomiako katedradun ohia), Aintzane Camara Izagirre (Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpenaren Didaktikako irakasle titular ohia) eta Pedro Ibarra Guell (Politika Zientzietako katedradun ohia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.