Bulego obala, munduaren ardatz. Donald Trump eta JD Vance-k bilera tranpa bat prestatu diote Zelenskiri Etxe Zurian. Munduko kamera guztien aurrean. Berbarik gabeko komunikazioa berbazkoa bezain garrantzitsua da. Sheriff berria, oldarkor. Goitik begiratzen dio gonbidatuari. Eri erakuslea Volodimirren bihotzean sartzen da, zuzen-zuzenean, labana goria gurinean legez: «Hirugarren Mundu Gerrarekin ari zara jolasean, txikito». Une batean, Donaldek begi-kliska egin dio Vanceri, begiradarekin hauxe esanez: «Adi, JD, hau ikuskizun hutsa duk, telebistarako urre fina. Gaur prime time-a birrinduko diagu».
Mundu osoan harridura piztu duen portaera zatarra izan da. Guretzat handiustekoa. Baina, bistan da eraginkorra dela. Donald Trump eguneratzen ari da aspaldian teorizatu zuen pentsamoldea, bere The Art of the Deal (1987) liburuan. Hauxe pentsaera horren muina (Mikel Reparazek Amerikaren arrakalak liburuan laburtuta): «Nik aldarrikatzen dudanaren gakoa ahoberokeria da, arrandia. Jendearen fantasiekin jolasten dut; jendeak ez du beti bere burua handi ikusten, baina handi sentitzen den jendeak hunkitzen du. Horregatik, eskertzekoa da beti hiperbole apur bat».
Hiperbolea. Etengabe populismoak erabiltzen duen estrategia. Espainiako politikagintzari begiratzea besterik ez dago (PP eta Vox-en estrategia). Eta horixe bera erabili zuen Trumpek bulego obalean. Guretzat ahobero nazkagarri bat. Bere jendearentzat, ordea, beste zerbait. Seguru haietako askok hauxe pentsatu zutela: «Memelo zarpail horri kontuak argi eta garbi esaten dizkion presidente handi bat daukagu».
Horraino —protagonista ezagututa— ezer harrigarririk ez. Kontua da eszena lotsagarri horrek sortzen digun amorrua ez ote den amarrua ere bilakatu. Tranpa bat. Bilera bera bezala. Hau da, horren ostean mundu zibilizatu guztia Zelenskirekin lerratu da. Europako agintariek harrera beroa egin diote Volodimirri. Eta erantzun egin dute: «Defentsa, defentsa, defentsa. Gehiago inbertitu behar dugu defentsan. Europak bere protagonismoa behar du». BPG barne produktu gordinaren %2 ez, %5 inbertitu behar da.
Europako ezkerra (salbuespenak salbu) —beldurrez, konplexuz— noraezean dabil gerraren inguruan. Inperialismo desberdinen markoa erosi du. NATOri ez esan zioten sektore asko orain armagintza sektorea indartzearen alde daude, oso modu akritikoan. Putinek inbasio inperialista egin du. Onartezina. Ados. Baina dikotomia ez da NATO edo Errusia. Putin edo Zelenski. Zuria edo beltza. A edo B. Marko hori kutsatuta dago. Sinplista eta okerra da. Herrien autodeterminazio-eskubidea errespetatzean dago gakoa. Izan Luhansk, Donetsk, Krimea, Sahara, Palestina edo Euskal Herria. Gerra edo gerra, ez. Herriek erabaki dezatela. Elkarrizketa, askatasuna eta bakea, bai.
Europako ezkerrak ez du behar beste kritikatu NATOk Sobietar Batasuna desegin zenetik izan duen jarrera hedatzailea. Orain Trump eta Putin batzen dituena ez da bake-nahia edo bake mahaia, beren interes ekonomikoak baizik. Kapitalismoak beti erabili du gerra merkatuaren jabe egiteko. Suntsipenarekin negozio egin dutenek berreraikuntzarekin amesten dute. Gazaresort dute buruan. Herrien eskubideak bost.
Kiribil makurrean
Nazioarteko joko arauak aldatu dira. Geopolitika, interes estrategikoak eta indibidualismoa dira nagusi. Sektore progresista asko kiribil horren barruan harrapatuta daude, scape room distopiko batean, diskurtso koherentea artikulatu ezinik.
Bizi dugun egoera nahasi honetan, ezkerrak duen erronkarik handiena sektore zapalduengana iristea da; izan ere, jende umil askok bere egin ditu botereak erabiltzen dituen ideia eta mito ugari. Eramangaitza da. Ulertezina egiten zaigu egunero ikustea nola gizarteko sektorerik xumeenak ez diren gai arrastaka daramatzaten kateen hotsa entzuteko. Jasangaitza da ikustea pertsona horiek nola deskargatzen duten beren amorrua haiek bezain izorratuta daudenengana eta ez zapaltzen dituztenengana.
«Heziketa falta da», diogu guk gure pribilegiozko aldaretik. Ez da horren sinplea. Nola ulertu, bestela, institutuetan heziketa feminista jaso duten gaztetxo askok bat egitea ideia matxistekin? Gaizki goaz. Ezkerrak alde batera utzi behar du sarritan erakusten duen nagusitasun intelektual hori. Jende apalaren lehentasuna ez da bizpahiru periodiko irakurtzea —dirurik eta gogorik ez, ostia!— edota eztabaida filosofikoetan murgiltzea. Ez. Haien zeregin nagusia ez da hilaren bukaerara iristea, baizik eta astea duintasunez amaitzea, alokairua ordaintzea, argiaren bonu soziala eskatzea edo seme-alabentzako garraio-txartela ateratzea. Hori da beren zeregin nagusia. Primum vivere, deinde philosophare. Lehenik bizi eta gero filosofatu. Hori da errealitate gordina. Beti izan da horrela? Bai. Baina orain modu basatian ikusten ari gara.
Eskuineko populismoak primeran daki hori. Ez du artifizio ideologiko konplexurik behar. Mezu labur, apal eta azkarrak erabiltzen ditu. Memeak. Manipulatuta oso. Sinplistak? Erabat. Baina efektiboak dira. Dena dute alde: algoritmoak, komunikabide ugari, boterearen egiturak, estatuaren aparatuak… Eta gainera erabiltzen duten narratiba errebelde eta alternatiboa dela —alt right— sinetsarazi nahi digute: woke kultura, elite progrea, LGTBIQ+ kolektiboa, sozialismoa, komunismoa… Horiek dira beren etsai nagusiak.
Nahi adina arrazoi edo aitzakia topatu daitezke, baina ezkerrak espabilatu egin behar du. Pentsamendu kritikoa, erradikala eta ezkertiarra inoiz baino beharrezkoagoa da mundua salbatzeko. Konplexurik gabe. Estrategia komunikatibo berriak behar dira. Eredugarritasunetik abiatuta. Zintzotasunetik hasita. Umiltasunetik pentsatuta. Autokonplazentzian erori gabe, alternatibak eskainiz.
Bai, badakit. Konplikatua da. Gizarte estresatu batean bizi gara, ez dugu ezertarako astirik, notizia txarrekin aztoratuta gaude eta albiste faltsuekin zorabiatuta. Baina borroka komunikatibo hori beste borroka guztien ardatza da. Egunak 24 ordu ditu guztientzat. Lehentasunak eta baliabideak behar bezala administratzean dago gakoa.
A! Eta ez gaitezen inozoak izan, mesedez. Ez dezagun hain erraz erosi botereak eskaintzen digun menua. Mundua ez baita bulego obalean amaitzen.