Berriro ere Israelek aprobetxatu egin du bere made in USA lizentzia, nazioarteko zuzenbidea zapuzteko, Gazarantz zihoan itsasontzi zibila nazioarteko uretan erasoz eta bere tripulazioa bahituz.
Finlandiako bandera zeraman Estelle belaontziak Palestinarekin elkartasun alorrean dabiltzan hogeita hamar pertsona zeramatzan. 2007tik hasita sionismoak Gazari inposatu dion setio-egoera modu baketsuan apurtu nahi dute lagun horiek.
Israelen ekintza kriminal berri horrek hurbiletik ukitu gaitu oraingoan, Begoña Zabala, Iruñeko Alde Zaharreko auzotarra, Euskal Herriko Palestinarekiko elkartasunaren ordezkari gisara, Estelle-ko tripulazioaren artean zegoelako.
Gertaerak gogora dakarkigu 2010ean Israelek Mavi Marmara-ri egindako erasoa; Gazako setioa apurtzera zihoan ferry turkiar hura. Aldi hartan, Israelgo armadako elite-soldaduek armagabetutako zibilen kontra sua ireki zuten. Bederatzi hildako eta hogeita hamar zauritu utzi zituzten.
Alboan zihoazenek irainak jaso zituzten, eta askok aste bateko espetxealdia igaro behar izan zuten Israelgo kartzeletan, Gazako setiatutako populazioari elkartasuna adierazi eta oinarrizko laguntza eramaten saiatzeagatik.
Agerikoa da, egun hauetako adierazpenen arabera, pirateria eta nazioarteko kriminalitate ekintza berri horiek eginagatik ere, gure gobernuek inpunitate osoz ateratzen utziko diotela Israeli, Mavi Marmara-ko hilketekin bezala eta 2008-2009ko eraso genozidarekin gertatutakoaren moduan.
Eta larria baldin bada mendebaldeko politikariek karta zuria eman izana Israeli Estelle-ko nazioarteko tripulazioaren giza eskubideak zapaltzeko (parlamentari taldetxo bat barne), oraindik larriagoa da palestinar herri osoaren giza eskubideak zapaltzeko zigorgabetasuna zilegitzea.
Garbiketa etnikoan oinarritutako kanpaina basatiaren bidez burututako Palestinaren okupazioa hasi zuenetik, hirurogeita lau urte daramatza Israelek NBEren ebazpenak alde batera utziz, nazioarteko zuzenbidea zapalduz eta apartheid erregimena inposatuz.
Varsoviako Bigarren Mundu Gerrako ghettoaren istorioa gogorarazten digu 2007. urtetik hasita Gazan espetxeratutako miloi eta erdi pertsona pixkanaka gaizki elikatuta egoteko arretaz planifikatutako estrategiak.
Hainbeste zigorgabetasunen aurrean, Palestinako jendarte zibilak Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak (BDZ) nazioarteko mugimendua bultzatu du Israelen aurka, Hegoafrikako apartheid erregimenaren kontrako kanpaina arrakastatsuan inspiratuta.
Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak kanpainak justizia, askatasuna eta berdintasuna baloratzen duen jende guztiari erreminta bat eskaintzen dio modu baketsuan borrokatzeko eta Israel okupazioa bukatzera behartzeko, palestinar herriaren eskubideak aitortuz, errefuxiatuen eta Israelgo estatuaren menpe bizi direnen eskubideak barne.
Nahiz eta gaur egun Israel zigorgabetasun ofizialaz baliatzen den Estelle-ren bidaia solidarioa geldiarazteko, denborarekin justizia ezarriko da, eta apartheid israeldarra historiara pasako da, hegoafrikarra bezala.
Buka dezagun Israelen zigorgabetasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu