Arazoa ez da Mendebaldeko herrialdeen eta BRICSen artean (Brasil, Errusia, India, Txina, Hego Afrika) gertatzen ari den pisu geopolitikoaren eta ekonomikoaren eraldaketa. Arazoa da BRICSek, alegia BRICS osatzen dutenen populazioek, Mendebaldeko kosmobisioa barneratu eta onartu dutela, hau da, kontsumismoa eta ongizatea/zoriontasuna nahasten dituztela, gauza bera balira bezala. Eta hori, hain zuzen ere, osasunari, ongizateari eta zoriontasunari buruzko ikerketa zientifikoek erakusten dute; kontsumismoak eta kontsumismora iraulitako gizarteak arazo emozional, psikologiko, fisiko eta ekologiko izugarriak sortzen eta orokortzen ditu. Arazo horiek, gainera, eredu kontsumista horri datxezkio, ezinbestean.
Ikerketen arabera, eta agerikoa dirudien moduan, gutxieneko baliabide-maila bat (ura, janaria, osasungintza, ostatua, hezkuntza, eta abar) ezinbestekoa da ongizatea eta zoriontasuna ahalbidetuko duen bizitza-maila egoki batera iritsi ahal izateko. Munduko biztanleriaren zati handi batek ez du gutxieneko horiek eskuratzeko aukerarik, eta funtsezkoa da gutxieneko baliabide horiek eskuratzeko aukera izatea, noski.
Hala ere, ikusten da Mendebaldeko eredu sozioekonomikoa eta psikosoziala nagusitu dela munduko balantza geopolitikoan pisu handiagoa hartzen ari diren herrialdeetan. Eredu horrek klaseen arteko banaketa bortitza sustatzen du. Klase boteretsuek, gutxiengo txiki batek, kontsumo mugagabea egin dezake. Haien mailatik oso azpitik, eta urrun, multzo zabal bat aurkitzen da, pobreziarik handienetik hasi eta klase ertain bateraino iristen dena, gutxieneko kontsumismo-maila batera iristeak isiltzea lortzen duena.
Menderatuak diren klaseak, oro har, ideologizazio politikoaren edo erlijiosoaren, mediku-errezeten eta adikzioen bidez menderatzen dira, gaur egungo mendekotasunik ohikoena eta normalizatuena pantailekiko mendekotasuna izanik.
Funtsean, energia erabiliz natura kontsumo-produktu bihurtzean datza Okzidenteko eredu kontsumista. Naturatik sortutako kontsumo-produktu hori azkar bihurtzen da zabor, gero eta ziklo azkarragoan. Mendebaldeko uztarritik libratu nahi duten herrialde horietan ere hori da nagusitzen ari den eredua, luxuzko produktuen salmenta kopurua (Dior, Hermés, Ferrari...) ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko.
Hala ere, XX. mendearen bigarren erdian hizkuntza-gutxituei lotutako mugimenduetako zenbait teorialarik eta hainbat filosofok, soziologok eta abarrek erakutsi zuten bezala, menderatzetik eta alienaziotik libratzeko, eredu kontsumista hori ez den garapen politiko, sozial, psikosozial eta ekonomikorako bide berritzailea aurkitu behar da, planetarentzat bideragarria izango dena. Europako hizkuntza gutxituetako ikertzaileak konturatu ziren bezala, askatasuna eta garapen-helburua ez datza pairatzen zuten estatu-nazio eredua erreproduzitzean, indar-harremana alderantzikatuz, baizik eta beste eredu bat sortzean, hein handi batean, zoritxarrez, oraindik garatu ezin izan dutena.
Orain arte menderatua izan denarentzat bizitzako helburua eta bete beharreko eredua berak orain arte nozitu duen eredu kontsumista den bitartean —alegia, menderatuaren helburua eredu hori bera erreproduzitzea den bitartean—, baina bere burua balio-eskalan mugituz eta bera bihurtuz besteak menderatzen dituena, lehen bezain alienatua jarraituko du.
Bere zain dagoena, gainera, Mendebaldeko herrialdeetan orokortzen ari dena da. Hau da, zientziaren datuek diotenez, populazioen arazo psikologiko, emozional eta fisikoei lotutako ondoez orokorra aberatsenen artean orokortzen ari dena ere bada. Eta hori, kontuan hartu gabe planetaren baliabide ekologikoek eta planetak zaborra birziklatzeko duen gaitasunak ez dutela eredu hori mundu osoan orokortzea ahalbidetuko.
Mendebaldekoak ez direnentzat helburua auto handi bat izatea, Gucci, Dior eta luxuzko arropa janztea eta mota horretako portaerak erreproduzitzea den bitartean, mendebaldeko munduko basailu izaten jarraituko dute.
Mendebaldekoa ez den eredua askoz heterogeneoagoa eta aberatsagoa da Mendebaldeko eredua baino. Mendebaldean mundua ulertzeko moduak homogeneizatuz joan dira, neurri handi batean pantailen bidez ezarri diren balioen bidez. Askapena indar homogeneizatzaile eta zentripetu kontsumistari amaiera ematean datza, gizakiaren garapenerako, zorionerako eta ongizaterako helburu ugari onartzen dituen indar heterogeneoari bide emanez. Amesgaiztoz betetako irtenbiderik gabeko kalezulo batera baino eramaten ez duen ikuspegi unibokotik, garenaren eta izan gaitezkeenaren ikuspegi zabal, argi, positibo eta pluralera igarotzea, alegia.
BRICS vs Mendebaldea: eredu kontsumistaren ezarpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu