'Brexit'-aren negoziazioak ur handitan

2018ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Erresuma Batua eta Europar Batasuna (EB) luzaroan izan dira ohaide arrotzak. Euroeszeptizismo maila esanguratsua izan da politika britainiarraren ardatz 1973an Erresuma Batua Europar Komunitateko kide bilakatu zenetik. Handik bi urtera, komunitatean segitzeko erreferenduma egin zuten britainiarrek, komunitateko partaidetzaren aldeko emaitzarekin. Eta historiaren ilun-argiei men eginez, maitasun-gorroto istorio honen bulkada kontraesankorrak azaleratu ditu Europaren inguruko bigarren erreferendumak, alegia, brexit-ak. Egun, Erresuma Batuak EBko kide izateari utziko dion akordio ofizialak berrespen etsi bat behar duen honetan, brexit-aren negoziazio estrategiak aletzeko aukera eskaintzen digu gerokotasunaren esperientziak.

2017ko martxoaren 29an aktibatu zuen lehen ministro Theresa Mayk Europar Batasuneko itunaren 50. artikulua, EBtik ateratzeko negoziazio prozesua abian jartzen zuena, eta legez bi urteko epea aurreikusten duena. Londres eta Bruselaren arteko indar-harremanak parez pare jarrita, eta tamaina ekonomikoei, irtenbide alternatiboei eta barne hertsapenei erreparatuz, Erresuma Batuak 27 estatuen Batasunak baino botere zeharo murritzagoa izan du negoziaziorako. Hori gutxi ez, eta Mayren gabineteak, kultura politiko anglosaxoia ohoratuz, negoziazio estrategia erasokor bat diseinatu zuen: hasieratik marra gorriak ezarriz, ezinezko aurreikuspenak defendatuz, mehatxu sinestezinak igorriz, eta komunikatzeko eta limurtzeko esfortzu gutxi eginez: «Guk haiek behar ditugun baino gehiago behar gaituzte beraiek gu», nonbait.

EBren estrategia hautaketa, aldiz, legedia otzanean oinarritutakoa izan da. Malgutasun gutxiko aginpidea, alegia, merkatu bakarraren osotasunean datzana. Erresuma Batuak EB-ren gainbehera ekarriko lukeela uste zuen, eta boomerang efektu gisa Europako liderrak batuta mantendu dira brexit-arekiko. Michel Barnier buru duen negoziazio taldeak aurretiazko ereduak eskaini zizkion homologo britainiarrari, aldameneko estatuek EBrekiko duten erregimenen artean bat aukeratu zezaten. EBren marra gorri nagusia Ipar Irlanda eta Irlandako errepublikaren arteko muga zurrunik ez egoteko bermea izan da. Horrez gain, bereizketa nabarmen bat ebatzi zuen Bruselak, Downing Streeteko gobernua behin eta berriro desafiatzen saiatu dena: lehenik EBtik ateratzea eta, soilik ondoren negoziatuko luke EBk britainiarrekiko etorkizuneko harremana.

Akordiorik eza akordio txar bat baino hobeagoa zela defendatu izan du Mayk. Hala ere, eta aukera horren bideraezintasunaz eta sinesgaitasunik ezaz jabetuta, hasierako marra gorriek bere plana Kanadak (zein Hego Koreak) EBrekiko duen merkataritza askeko itun-harremanera murrizten zuten. Alegia, EBko Justizia Auzitegiak afera britainiarrekiko lege-eskumenik ez izatea, Europa eta Britainia Handiaren arteko pertsonen mugimendu askerik ez egotea, EBren aurrekontuarekiko finantza zergarik ez adostea, eta munduko beste estatuekin merkataritza askeko itunak sinatzeko eskumena dira Londreseko kabineteak maneiatu izan dituen gidalerroak. Europar Kontseiluak eta Erresuma Batuak adosturiko akordioa xehetasun horiek biltzen saiatzen den arren, Irlandako mugaren aferak hor egoten jarraituko du. Ipar Irlandako muga saihestuz gero, muga-kontrolak Irlandako itsasora eraman beharko lirateke, Downing Streetek beste herrialdekin merkataritza libreko akordioak sinatzeko eskubidea izan nahi badu.

Irudi luke Erresuma Batuaren negoziazio estrategia zurrunak epe motzean kalte egingo liokeela lehen ministroari, EBrekiko izan duen desabantaila nabarmenari erreparatzen badiogu. Mayk egoera kritikoenetan ere eutsi dio gobernuburutzari, baina Bruselak eta Londresek adosturiko 600 inguru orrialdedun testuak ez ditu kabinetearen hasierako gidalerroak zuzenean eta modu argian bermatzen, zeharka apaintzen baldin baditu ere. 27en Europak apaindura gehiegi barik onartuko luke akordioa. Westminsterko parlamentuak ez luke erosiko, gobernu-gutxiengoa ikusita.

Taula gainean dagoen akordio testu bakarra Mayk erdietsitakoa da, eta oposizioaren iniziatiba faltak bere alde jokatzen du. Alabaina, negoziazio estrategia apalago batek Europa eta Erresuma Batuaren arteko dibortzio akordio sinesgarriago bat ahalbidetu zezakeen, eta akordiorik ezaren mamua uxatzen lagundu. Egun, desamodioaren istorioa hasi baino ez da egin, eta akordio gabeko irteera ez beste aukera guztiek koordinazio minimo bat eskatzen dute Erresuma Batuan. Tamalez, alderdien arteko hurbilketan keinuren bat ikustetik oso urruti gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.