Azken egunotan abiadura handiko trena izan dut gogoan, ohikoan baino gehiago. Prentsan aldizka diren tirabira instituzionalen itxurako albisteez aparteko motiboak izan ditut. Izan ere, UPV/EHUko ikertzaile batzuek, Ekonomia Ekologiko eta Ekologia Politikorako (EKOPOL) taldekoak, azpiegitura horren inguruan prestatu eta laster ELA eta LAB sindikatuek argitara emango duten txosten gaurkotua izan dut motibo. Datorrena lanok utzitako gogoeta da, gaur albiste ere badiren beste azpiegitura batzuena gehituta, gogoetari zeharkakotasuna eman nahian.
AHT proiektua, ipar eta nafar adarrak barne, arduragabekeria antolatuaren ikasbide argi gisa hartu daiteke. Goiko instituzioak kudeatu ohi dituztenen artean gaitz hedatua da hau, uztarri bereko sektore ekonomikoekin birus partekatua; jasangarritasunaren paradigma berriei ganoraz egokitu nahi ez dutenak, funtsean horretan sinetsita ez daudelako. Azken batean, gaur 1990etan bultzatzen ziren azpiegituren parekoak bultzatzen segitzeak, tartean lurraldea azpiegiturez josi dugunean, ez du zentzurik. Noiz da nahiko? Bestera esanda, batzuek ez dute krisi nagusitik gauza handirik ikasi, ekonomia berez giza-zientzia dela ere ez; goiko kudeaketa egiten segitzeko beste boto izanda ere. Hortxe dugu besteok ikasgaia. Zientzialari handiak zioenez: ezin da arazo bat konpondu bera sortu duen pentsaera beretik. Eta pentsaera da batzuek duten iraunkortasun eremu bakarra, garatu gabea, azpiegituren eskizofreniaren argira.
Gaitz horren arabera azpiegitura guztiak dira estrategikoak, eta handiak badira zer esanik ez! Hain estrategiko non justifikazio serio, eta integratu, handirik ez duten behar, nahiz eta urte askorako eragina izan, gaur botoa ematerik ez dutenen biharko erabaki batzuk baldintzatzeko besteko eragina; finantzarioak, kasuko. Bideragarritasun ekonomiko seriorik ere ez dute behar, seguru hartzen baita BPG sasi-indizea igo egingo dela eta gizartearen ongi-izatea horrekin batera, naturaltasunaz. Bai zera! Gogoan daukat AHTaz kalean eztabaida zegoenean —instituzioetan inoiz ez baita honetaz fundamentuzko eztabaidarik eman, bozkatu baino ez; estrategikoa denez!— Jaurlaritzan ardura handia zuen batek, gaur sailburu denak, esan zuena: «Garraioaren hazkundea ekonomiarekin eta gure oparotasunarekin batera doa». Lehen baino zentzugabeagoa da ideia hau 2016 honetan, krisien ispilutik. Euskarak berak ere badu zertan egokitu egoera eta paradigma berrietara, «oparotasuna» ezin baita «prosperity» terminoaren parekotzat hartu, oparo eta zorion ez baita gauza bera, gaurko hiztegi beharretan behinik behin. Prosperitateaz hausnartu beharko genuke, hazkundeaz baino gehiago. Progresoa «aurrerabidea» dela diosku hiztegiak, nahiz eta sarri, eginetan, atzerabide garbia izan. Buru-mugarik gabe ingurura begiratzea baino ez dago.
«Herritarrek gorriak pasatuko ditugu 2010erako Y-rik ez badugu», sailburu ohi batek esana. Txosten-egileek agerian utzi dute funtsezkoa den ideia: AHTa ezartzeko erabilitako premisak faltsuak ziren, Europako azken dokumentu tekniko-zientifikoek bildutako ebidentzien argira. Ebidentziek premisak gezurtatu! Eta ez dezagun ahaztu, premisak aurretik esanak direla, eta ebidentziak gerora gertatuak —urrutiko bidaiari—salgaiak hamalau, gerturatu eta lau—. Beste era batera esanda: AHTa aurreikusitako urtean zerbitzuan hasi izan balitz, zer ekarriko ziekeen gaurko krisiko kontu publikoei, onura ala zama?
Gogoeta ez da horra mugatzen, mataza bereko hainbat azpiegitura baitira hemen tentsio sorburu. Arazoa ez da gatazkak egotea, gizarte sanoaren seinale baita hori, gatazkak arrazionaltasunetik bideratzeko diren zailtasun ofizialak dira benetan arazo. Hots, alderdi siglez haratago, teknikoan, zientifikoan eta demokratikoan zabaldu beharko zen eztabaida lasaia, sakona eta eraginkorra; jokoan denak luzaroko eragina izaten baitu, alde edo aurka, jasangarritasunera joan beharko zuen bidean. Baina honek Hegoaldean gaur ez den kultura politikoa eskatzen du. Instituzioetatik batzuek ezin dute onartu adituak kontra agertzea, administrazio-kidegokoak edota aho handitik defendatzen duten euskal unibertsitate sistemakoak izan. Paradoxa tristea, gero! Ezin onartu, esku beltza behar da atzean egon, derrigor, adituok kontra aritzen ibiltzeko. Eta hain da erraza esku beltzak topatzea politikaren mundu tristean! Ezina egiten zaie pentsatzea zerbaiten kontra dagoena beste zerbaiten alde dagoelako kontra egotea; kausalitatea dela hor, ez kasualitatea.
Poeta andaluziarrak zuen esana: gaixo egotea baino okerragoa da mediku txarra izatea. Ez naiz ari Osakidetzaz, instituzioetatik estrategikoki epe motzeko itsumena zabaltzen dihardutenez ari naiz. Hazkunde mugatik harago liburu ezaguneko autoreek esana dute aspaldian: «Buru-pentsaera asko hain dira hazkunde nozioarekin tematuta non ezina bihurtzen duten gizarte jasangarria irudikatzea». Eta nirea da hau: ustezko gaitzen balizko botika izatetik benetako gaitzen egiazko minburu izatera pasa dira azpiegitura asko. Itsumen arduragabe hau da galga larriena etorkizun jasangarria irudikatzeko.
Botika izatetik gaitza izatera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu