Maiatzaren erdialdean, Donostiako San Telmo museoan dokumental bat aurkeztu zen, Donostiak 1813an aliatuen eskutik jasan zuen sutea eta suntsiketa azaltzen zuena: 1813. Donostia, hiru inperioren biktima. Galderen txandan, militar espainol batek hartu zuen hitza, haserre: «Hitz egin duzue hildako biztanleez, bortxatutako emakumeez... Gauza horiek gertatzen dira gerretan... Baina non geratzen da frantsesak botatzeko borroka egin zuten soldaduen loria? Non daude setioan hil ziren milaka horiek? Zergatik ez dituzue aipatu gudu-zelaian adorea erakutsi zuten gizonak?».
Jakina, ikuspuntu bat da hori. Eta ez zen kontakizunean agertzen. Donostian abuztuaren 31n gertatutakoari buruzko dokumentalean ez zen halako memoriarik, baliorik edo begiramenik jasotzen. Egia esateko, ikerketa historiko honen abiapuntua hiriaren erreketa eta arpilatzetik bizirik atera zirenen lekukotasunak izan dira gehienbat. Adibide bat ematearren, on Jose Ramon Etxanike Presbitero Benefiziodunak sinatutako lekukotza dugu: «Irailaren lehen egunean, goizeko hiru t'erdiak aldera aliatuen soldadu batzuk ikusi zituen, Mitxelena alkate jaunaren etxearen ondoan itxita zegoen ataria aizkoraz puskatzen; bertara sartu eta hirugarren solairuko gelari su eman zioten. Berehala dantzan hasi ziren sugarren argitan, eta ez ziren etxetik irten suak nahikoa indar hartu zuen arte. Ezin du esan zer-nolako erregaia erabili zuten, baina bai gelatik irteten zen kea lodia zela eta sufrearen kolore iluna zuela, eta gaineratu du entzun ziela esaten soldaduei eta baita ofizialen bati ere Castaños jaunaren agindua zutela hiria suntsitzeko edo biztanle guztiak akabatzeko, eta horren froga dira, lekukoaren ustez, soldaduen artean uztailaz geroztik esaten direnak eta haien asmoak».
Beste edozein lekukotza aipa dezakegu, baina mezua oso antzekoa da. Apaizak, zinegotziak, arotzak... Emakume bortxatuen bertsioa falta zaigu agian, inork ez baitu lehen pertsonan kontatzen halakorik. Baina egia da, lekukoen artean, epaileak ez zuen aintzat hartu arpilatzaile, su-emaile eta hiltzaileen hitza. Presbiteroaren arabera, horiek sugarren argitan dantzan aritu ziren eta aginduak bete zituzten. Horixe dauka gertakari historikoen memoriak, subjektu erasoen esperientzia duela hizpide, eta historia ofiziala da gehiegikeria horiek leuntzen eta ezkutatzen dituena, gertakari loriatsuen irakurketa eskaintzen duena.
Ika-mika hartako militarrak bere lanbidea mespretxatzen genuela aurpegiratu zigun. Historia ez da horrela egiten, kontatu diguten bezala behintzat. Hiriek ez dute balentria handien kontakizunik uzten historiarako; gehienez ere, lanaren eta merkataritzaren bitartez aberasten dira. Bortxatutako emakumeek ez dute kontinente handirik konkistatzen; medikuek, ur-biltzaileek, arrantzaleek, garbitzaileek, arkitektoek ez dute beren izena harrian grabatuta uzten, inperioen hiriburuetako garaipen-arkuetan betikotuta.
Eskolan gerren literatura irakatsi digute, eta ikusi ditugu mundua aldatu zuten jeneralak, tropen mugimendu handiak, armada pertsiarrak, mazedoniarrak, erromatarrak, turkiarrak, txinatarrak, eta abar. Atila izugarriak bezala, beren zalditeriaren arrastoa utzi zutenak. Hala ere, Bretxako erasotzaileen inguruko isiltasuna leporatzen zigun militar hari entzun arte, ez nuen pentsatu nolako unibertso paralelotan bizi garen batzuk eta besteak, hain desberdinak.
Izan ere, arma-gertakari horien benetako ondorioei erreparatzen badiegu, guztiz desagertzen da loria, eta diren bezalakoxeak agertzen dira: krimen eta delitu hutsak, boteretsuen kalkuluek eta interesek babestuta. Historia handiak zentzua galtzen du. Tamalez. Baina militar ipurterreari argudio berberaz erantzun diezaiokegu: pairatzen duten jendea kontuan hartu gabe begiratzen badiegu gertakari handiei, guduen eta ohoreen historia izugarrikeriak estaltzeko zurigarri hutsa besterik ez da.
Boterea eta loria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu