Gau ilun batez, neska bat etxera sartzen da. Lasterka ibiltzen da. Gona laburra du eta etengabe gainean tiratzen du bere burua madarikatuz «zergatik ez nuen galtza bat eman?». Bere telefonoak ez du gehiago bateriarik, beraz, arrisku bat baldin bada, ezingo du inor deitu laguntza ukaiteko. Bere sorbaldaren gainetik behin eta berriz begiratzen du, segurtatzeko inork ez duela segitzen.
Baina bat-batean, gizon bat karrika ilun bateko zikin ontzi batetik ateratzen da eta neskaren gainera salto egiten du.
Cut.
Pelikula txarreko arketipo hori ez ote dugu gehiegi gureganatu? Zinez, bortxatzaileak xoko ilunetan gordetzen diren usain txarreko munstro bizardun eta ahoa lerdez estaliriko animalia basatiak ote dira?
Galdera honi erantzuteko, gai honen inguruan egindako ikerketak (berr)ikusi beharko genituzke (Frantses Gobernuaren, Quebeceko osasun institutu nazionalaren edota Espainiar Gobernuaren datuetan oinarrituko naiz): bortxaketa egoeren %80-90ean, biktimek haien erasotzailea ezagutzen zuten eta, kasu gehienetan, haien bikotekidea edo bikotekide ohia zen.
Zinemak gezurra esan ote digu? Gure tresna kulturalek eraiki dituzten ereduak faltsuak ote dira? Gure etsaia etxean ote dugu?
Gure feminitatearen eraikuntzan, emazteok, etxetik kanpora joatea arriskutsua dela haurtzarotik ikasten dugu. Zenbat burasok haien alabei erran diete jantziz aldatzea etxetik joan aitzin? «Ez ezazu kamiseta hori eman, zure tripa agertzen da eta zure bularrak gehiegi asmatzen dira! Ez ote dakizu karrikan gizonek hori baizik itxaroten dutela?», «Zein pertsona mota erakarri nahi ote duzu horrelako makillajearekin?», «Ez zara harritu beharko zerbait gertatzen baldin bazaizu, horrela jantziz!». Beharbada guk ere norbaiti horrelako ohar bat egin diogu edo pentsatu dugu.
Orduan, ikus dezakegu, edozein gaitz gerta, ardura emakumeek ukango dutela. Erasotua izan denak alkohola edo produktuak hartu baldin bazituen, bere falta da. Bere burua arriskuan eman du eta gaitza probokatu du. Zirkunstantzia indargarria da.
Eraso egin dionak alkohola edo produktuak hartu baldin bazituen, ulergarria da, ez dira jarrera guztiak kontrolatzen ahal. Zirkunstantzia aringarria.
Kanpoan gertatzen diren abusuekiko biktima erruduna bilakaraziz, etxean diren bortxaketak nola sinesgarri izan daitezke? Intimitatean, emazteen gorputzak, ez ote dira haien bikotekideen behar sexualei erantzuteko eginak? Bikote heterosexual batean, emazte baten gorputza gizonarena da! Gainera, etxean gertatzen dena pribatua da, beraz, bost axola!
Lerro horiek idazten ari naizen momentuan, frantses lurraldean, Mazan auzia iragaten ari da. Dominique Pelicotek bere emaztea, Gisèle Pelicot, hamar urtez drogatu zuen gizon batzuek bortxatu zezaten inkontzientea zelarik. Gertakari horiek filmatu zituen. Bederen 80 gizonek Gisèle Pelicoti sexualki eraso zioten eta adin, jatorri, klase sozial guztietako gizon zisgenero heterosexualak ziren. Epaiketa honetatik ateratzen diren lekukotasunek gure jendartearen makurrak argitan ematen dituzte. Ez dugu onartu nahi bortxatzaileak ez direla baztertutako munstro ero batzuk. Gure lagunak, aitak, semeak, anaiak dira eta gurekin bizi dira.
Epaiketa garaian, errana izan da gizon batzuek, egoera ikusiz ez dutela Gisèle Pelicot ukitu. Haien iduriko, begi bistakoa zen emakumea lo zela. Baina ez dute senarra eta egoera salatu eta biktima lanjerean utzi dute. Nahiz eta komunikabideetan eta jendartean heroiak bezala ikusiak diren, konplizeak dira.
Horrez gain, akusatu askok haiek biktimak direla diote. Haien erranez, Dominique Pelicotek manipulatu ditu, ez die argiki erran bere emaztea drogatua zela eta ez zuela bere onespena eman. Hura lotan atzeman zutelarik, uste zuten bikote joko sexual batean parte hartzen zutela. Bideoetan (Gisèle Pelicotek nahi izan du bere epaiketa publikoa izatea), biktima zurrunka agertzen da.
Bukatzeko, erasotzaileek oraindik haien bikotekideen, lagunen, burasoen sustengua dute. Haientzat, ez dira bortitzak, behin bakarrik gertatu den akatsa da, barkamena merezi dute eta egunerokotasunean «normalak» eta jendartean integratuak dira.
Alta, hori da bortxatzailea izatea. Ez da bakarrik karrika ilun batean ezkutatuta egotea gure biktima berriaren zain. Erasotzaileak bere ohean lotan den ezezagun batez abusatzen du. Hari konfiantza egiten dion lagun bati edo bere emazteari erasotzen die. Bortxatzaileak, gure auzokoak, lagun hoberenak, lankideak dira. Anitz eta anitzak dira.
Bortxatzaileak munstroak bezala identifikatuz, normatik baztertuz eta haien humanitatea kenduz, humanoen arazo bat ukatzen dugu eta konponbideak saihesten ditugu. Ardura kolektiboari aurre egiteko, begi lagunez aldatu behar dugu. Gure ohe azpian ez da munstrorik, ikaratzen dutenak gure artekoak dira.
Bortxatzaileak ez dira munstroak, erabakiak hartu dituzten pertsona arruntak baizik ez dira.