Bortxatua izatearen estigma

2017ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Atzo, Nafarroako Justizia Auzitegian sanferminetako bortxaketaren epaiketari hasiera eman zitzaion. Komunikabideetan eta elkarrizketa publikoan presentzia zabala izan du eta kasua sinbolo bihurtu da, inflexio-puntua mota hauetako gertakarien artean. Baina zein da duen berezitasuna? Zergatik izan du horren oihartzun paregabea?

Azkeneko urteetan mugimendu feministek instituzioekin batera egindako lanak bestelako dinamika batzuk ireki ditu. Adierazgarria izan da, besteak beste, aurreko sanferminetan, baita Euskal Herriko beste jaietan ere, nola ezagututako sexu-erasoen aurrean adin, genero eta jatorri sozial desberdinetako pertsonek manifestaldira joateko deiari erantzuna eman zioten. Beraz, kontzientzia eta sentsibilizazio ahaleginak bere emaitzak eman dituela esan genezake. Lan eta aldaketa horien ondorioz, eraso hau gertatu zenean testuinguru sozial egokia zegoen instituzioen ekintza, konpromiso eta jarrera tinkoa gauzatzeko. Honekin batera, eztabaida publikoan genero ikuspegia duen analisia lekua eta eragina lortzen ari zen. Hala ere, tamalgarria den kasu honen antzekoak izan dira gehiago, nahiz eta iritzi publikoarentzat guztiz ezezagunak izan.

Agenda mediatikoa, politikoa eta publikoa nola eraikitzen diren aztertzen duten adituak ados daude hurrengoan: eragile anitzek parte hartzen dute kasu batek atentzioa eskuratzeko prozesuan. Honela, askotan ez da erraz antzematen zergatik momentu zehatz batean gertaera batek ikusgarritasuna izaten duen eta antzekoa den beste batek, ordea, ez. Faktore ugari daude tartean, baina La manada ezizenaz ezaguna den taldearen kasuak badu elementu berezi bat, zeinak azaltzen duen eraso honek hartu duen ezohiko protagonismoa: grabaturiko bideoa. Hortaz, erasoari aurre egiten ari zaion emakumeak ez du, soilik, lehenengo pertsonan eskainitako testigantza bere burua defendatzeko. Eta hori erabakigarria da gizonen ohorea emakumeen sinesgarritasunaren gainetik jarri ohi duen gizarte batean.

Sistema penala eraikita dagoen moduan, zailtasun handiak aurkitzen ari dira emakumeak emakume izateagatik jasaten dituzten delituak kudeatzeko. Zuzenbideak froga ukaezinak eskatzen ditu, eta prozeduren formaltasun irmoan oinarritzen da. Alabaina, bikotearen barruan ematen diren jazarpenen azterketak, adibidez, begi bistan uzten ari dira kasu hauek ez direla erraz egokitzen zuzenbidearen logiketara. Sanferminetako kasuak, aldiz, eskaini du prozedura judizialak horrenbeste estimatzen dituen elementu «objektiboak». Bideoak aukera emango du auzian parte hartzen duten inplikatuek gertaturikoa bere begi propioekin ikusi eta epaitzeko. Emakume honen kontakizunak ez du, beste kasuetan ez bezala, auzitegiaren aurrean sinesgarritasun-plusa beharko kasua irabazteko. Baina irudi orok interpretazioa behar du begiralearen aldetik, eta genero ikuspegia ezinbestekoa da bideo hau modu aproposean aztertzeko.

Badago honetan guztian deigarria den beste elementu bat: emakumeak ezkutatzeko duen beharra. Berak eskaturik, auzitegiak debekatu egin du neska hau identifikatu dezakeen inolako informaziorik publikatzea. Honen harira, lan arrakastatsua egin dute bere babesaren arduradunak izan diren instituzioek: egun emakumearen identitatea ezezaguna da, bere izena jakin eta mendekuan plazaratzeko irrikan dauden pertsonak falta ez diren bitartean. Aurrerapauso handiak eman omen ditugun arren, argi dago ez dela nahikoa izan. Egoera hauek jasan dituztenak beren aurpegia ezkutatzeko beharrean daude oraindik ere.

Oso kezkagarria da, eta guztiz ulergarria, sanferminetako neskak gizartearekiko duen beldurra. Bortxatuak izan diren emakumeei biktima etiketa itsasten zaie kopetan betiko. Ikasketa giroan, lantokian, lagunen artean, poteoan, autobusean... Betiko izan liteke, guztien aurrean, sanferminetan horren modu latzean bortxatua izan zena. Gure gizartean, bortxatua izatea emakume batek bizitzan jasan dezakeen estigmarik handiena dela uste da. Izan ere, emakumeoi gure gorputza esfortzu handiz babesten irakasten digute txikitatik. Ondorioz, bortxaketa gertatzean, gorputza profanatua izan dela ulertzen da. Urraketa fisikoa eta sinbolikoa ematen dira batera. Honen aurrean, bi erronka handi izaten dituzte emakumeek: barrutik landu beharreko mina eta gizartearen aurrean kudeatu beharreko estigma. Biktima izatea betiko patua bailitzan, gizarteak ipintzen dituen oztopoak gaindiezinak izan daitezke askorentzat.

Azken buruan, sanferminetako kasuko neskak bi biktimizazio bizi izan ditu dagoeneko: erasoa jasan zuenean, lehenengoa, eta iritzi publikoaren erantzuna ikusita bere burua gordetzeko premian ikusi zuenean, bigarrena. Ikusteko dago ea hirugarren bat sufritzen duen, bere borondatez kontra nor den ezagutzera ematen bada. Emakumea gai izan da epaitegian bere burua aurkezteko (izugarrizko adorea behar da hori egiteko), baina bere identitatea publiko egiteagatik gizarteak eskatzen dion ordaina handiegia da. Eta horrek gizarte bezala pentsarazi beharko liguke: ez gara gai bortxatua izan dela adierazten duen emakume bat gure artean behar bezala hartzeko. Aurrerapauso galantak eman ditugu azkeneko urteotan, baina asko dugu oraindik sozialki lantzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.