Aste honetan bertan enegarrenez entzun ahal izan dugu gazte askorentzako erreferente bat, Xokas bezalako streamer bat, bortxaketaren kultura defendatzen. Zehazki, bere jarraitzaileekin egindako streaming batean, parte-hartzaileetako batek galdetu zion ea berak ere tabernetan zerbitzarien lagun egiteko taktika erabiltzen zuen. Galderarekin zerikusirik izan gabe, pozarren eta irribarretsu, bere lagunek lokaleko neska mozkorrenak edo drogatuenak bilatzen zituztela erantzun zuen, haiekin dantzan hasten zirela eta, ia konorterik gabe zeudenean errazagoa izaten zutela beraiekin sexu harremanak edukitzea. Nahita, Xokasen adiskideek ez zuten edaten, guztiz kontziente izan nahi zutelako neska mozkor haiek kontrolatu ahal izateko.
Barre artean kontatzen zuen bere lagunen portaera, antza txateko inork kontra egiten ez zion bitartean. Eta normala da inork kontrarik ez egitea normaltzat hartzen den jokabide baten aurrean gaudenean; izan ere, horri bortxaketaren kultura deritzo: testuinguruak justifikatzen duenean emakume batekin sexu harremanak izatea, emakume horrek onartzen ez baditu ere edo onartzeko edo ez onartzeko moduan ez dagoenean, alegia, mozkor-mozkor egina dagoenean.
Izan ere, badakigu sexu eraso gehienak ez direla salatzen. Bortxaketaren kulturan bizitzearen zantzuetako bat da, emakumeen aurkako indarkeria mota desberdinekiko permisibitatearen eta tolerantzia sozialaren isla. Eredu kultural eta sozial honetan, gizonak emakumearen aurka erabiltzen duen indarkeria legitimatzen da, emakumeak egiten ditu bizi duten indarkeria egoeraren erantzule eta errudun, eta sexu jazarpena, bortxaketak eta feminizidioak gizarte matxista baten ondorio direla aitortzea eragozten du.
Bortxaketaren kultura, hain ohikoa gaur egun, ez da gauza berria, jakina. Emakumeok bortxatuak izatea ez genuela merezi frogatu behar izan dugu beti. Edozein aitzakiak balio izan du bortxaketa bat justifikatzeko edo, are gehiago, bortxaketa bezala kontuan ez hartzeko; gure gona motzegia zelako, kaletik bakarrik gindoazelako, mozkor geundelako edo ustezko bortxaketa aurretik hainbat gizonekin ibili ginelako, besteak beste. Kasu mediatikoenetatik hasita, hala nola Iruñeko sanferminetako talde bortxaketatik, non biktima bortxaketaren aurretik, bortxaketa bitartean eta ondoren izandako portaeragatik epaitua izan zen. Hau da, biktimaren portaera osoa epaitu da beti.
Baina, esan bezala, oso atzetik datorren kontua da hau. Mendeetan zehar kastitatea izan da emakume bertutetsuaren ezaugarri nagusia. XIII. mendean, adibidez, tratulariek emakumearen jokabide sexualaren arabera neurtzen zuten emakumearen bertutea. Besteekin eskuzabala bazen edo berekoia, atsegina edo zakarra, horrek guztiak ez zuen hainbeste inporta, hankak itxita mantentzea zen garrantzitsuena. Bere Summa Theologica-n, Akinoko Tomasek kastitate osoa aldarrikatzen zuen egoera idealtzat, beste edozein baino goragokotzat, Jainkoarekiko perfekziorako eta harremanerako biderik onena zelako. Akinoren pentsamendu idealaren pisuak mendeetan iraun zuen. Kastitatea gizonei gomendatzen bazitzaien ere, emakumeak ziren batez ere diskurtso horren helburu. Emakumeak —pasionalagoak izanda— haragiaren nahiak geldiarazteko gai baziren, Salbazioa gertuago legoke Gizateria osoarentzat.
Pentsamendu honen ondorioz, gizonezkoen jokabide txarraren ardura gurea izan dela beti esan zaigu. Antza ahulagoak eta intelektualki apalagoak garelako jaiotzatik beretik, eta ahuldade intelektual horrek zailtzen du gure pasioen kontrola. XVI. mendean Frai Martin Kordobakoak esaten zuen emakumeek beren haragizko goseei jarraitzen zietela, arrazoia ez zelako gizonengan bezain indartsua. Arrazoimenak haragiaren grinak geldiarazten bazituen, adimen-gaitasuna gutxien garatua zuen izaki batek gutxiago kontrola zezakeen bere alde pasionala. Historian zehar ohikoa den bezala, Patriarkatuak ustezko arrazoi biologiko edo naturaletara jotzen du emakumearen mendetasuna eta gutxiagotasuna justifikatzeko.
Laburbilduz, emakumeok bekatuzko izakitzat eta, batez ere, tentagarritzat hartu izan gaituzte historikoki. Gure presentzia hutsak gizonik bareena ere bertutetik urrundu dezake, eta gizonezkoek bekatu egiten badute, gure erruz da, gure xarmak ez kontrolatzeagatik. Beraz, Xoka bezalako streamer bat —punta-puntako azken teknologiaz inguraturik bada ere— esaten ari zaiguna bere aurretiko gizonezkoek orain dela mende batzuk esaten ziguten gauza bera da: errua eta ardura gurea dela, emakumeona; mozkortzen bagara eta geure burua kontrolatzeko gai ez bagara, zergatik kontrolatuko dituzte haiek beraien desio eta nahiak? Bortxaketaren kulturan bizi gara, eta edozein aitzakia baliagarria da gure gaineko biolentzia sexuala justifikatzeko.
Bortxaketaren kultura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu