Iñigo Errejonen kasua azaleratu den unetik harritu egin gara, harritu gaitu zenbat pertsonak bazekien politikaria erasotzaile matxista bat zela. Horrelako berriak irakurtzen ditugunean kosta egiten zaigu sinestea nola den posible hainbeste jende egoera horren jakitun egotea eta inork ere ezer ez egin izana. Are gehiago, pertsonaia famatu baten bortizkeria matxista zabaltzen denean, oso ohikoak izaten dira elkartasun mezuak: «Zure erasotzailea nire laguna bada, esaidazu».
Baina, esaldi hori benetan eraginkorra da gure artean ditugun erasotzaileak identifikatzeko, edo beste behin ere sareetako gure profiletan puntu morea jartzeko soilik erabiltzen dugu?
Euskal Herrian ere, egon badaude ezkerreko erasotzaile asko; musikagintzan, politikan edota kirolean, besteak beste. Emakumeok ezagutzen dugu, batez ere, gure herrietan eta inguruan ditugun sasi-aliatu horiek nortzuk diren. Azken egun hauetan zenbait ekintzaile feministak argi utzi duten moduan, emakumeok gure artean hitz egiten dugu, eta bai, horren helburua elkar babestea da.
Hala ere, orokorrean erasotzaile horien izenak ez dira aditzera ematen, ez da salaketa sozialik egiten. Zergatik?
Iruditzen zait oraindik ere kosta egiten zaigula, gure laguna erasotzailea dela jakiten dugunean, biktimari babesa helaraztea. Alegia, oso erraza da erasotzailea ezezaguna denean biktimari elkartasuna era publikoan adieraztea, baina erasotzailea gure laguna denean, ordea, isilpean gordetzen jarraitzen dugu. Are gehiago, gure laguna erasotzailea denean eta biktimarekin harremanik ez dugunean (edota biktimari inolako deboziorik ez diogunean), entzungor egiten dugu; eta hori oso larria da, feminismoa eta indarkeria matxistaren kontrako borroka indibidualizatu egiten dugulako; espazio batzuetan indarkeria matxistaren kontra gaude, baina eraso zehatz batzuk onartu egiten ditugu. Kontuz horrekin.
Gure gizonezko lagunak bere bikotekidea (emakumezkoa) nola tratatzen duen ikusi ondoren, bikote toxikoa dela datorkigu burura, edo hori sinetsi nahi dugu behintzat. Badakigu gure gizonezko lagunak agresibitate arazoak dituela, haserretzen denean aurrean duen edozein altzariri ukabilkadak jotzen dizkiola, eta, hala ere, neska-lagunarekin duen harremana toxikoa dela arrazoitzen dugu.
Badakigu gure gizonezko laguna drogatu egiten dela eta neska-lagunari gezurrak esaten dizkiola azken honek egoera hori onartzen ez duelako; badakigu ere neska-lagunak gure gizonezko laguna gezurretan harrapatzen duenean horrek eraso psikologikoa egiten diola, zoratuta dagoela esanez, emakumea mespretxatuz edota berau irainduz.
Badakigu ere neska-laguna psikologikoki manipulatzen saiatzen dela azkenean berak nahi duen jokabidea eraman dezan, hau da, azkenean neska-laguna beti-beti gure gizonezko lagunaren planetara egokitu dadin; kasualitatez, jokaera hori ez da inoiz alderantziz gertatzen. Eta, hori guztia jakin badakigu, baina, hala ere, gure gizonezko laguna harreman toxiko batean dagoela sinetsiko dugu (tratu txarren definizioa ez zaigu burutik ere pasako).
Jaietan ere, txosnaguneetan, ez ditugu eraso matxistak onartzen, baina, pankarta daraman gure gizonezko lagunak sexu-ukituak egiten badizkio ezagutzen ez dugun emakumezko bati, ez dugu sinetsiko. Eta sinesten badugu ere, zeozer puntuala izan dela esango diogu geure buruari, edota gure gizonezko lagunak gehiegi edan duela, edota drogen menpe zegoela argudiatuko dugu (oraingoan ere sexu-erasoaren definizioa beste momentu baterako utziko dugu).
Iruditzen zait ez gaudela prest aldarrikatzen ditugun esaldietatik ekintzetara pasatzeko, ez behintzat ekintzetara pasatzeak gure ingurune soziala eta lagunartea kolokan jartzen baditu. Prest gaude gure gizonezko lagunak salatzeko, eta horrek gure kuadrillan eta lagun-artean zor ditzakeen gatazkei aurre egiteko? Prest gaude feminismoaren izenean gure gizonezko lagunekin ditugun harremanak apurtzeko eta ondorioz gure lagunartea murrizteko?