Azken bolada honetan, Eusko Jaurlaritzako enplegu sailburua uda ostean elkarrizketa sozialerako esparrua zabaldu nahi duela adierazten ari da. Bere esanetan, krisialdiaren «irteeraren» epealdi berri honetan, elkarrizketa mahaia euskal ekonomiaren berpizkunderako osagai nuklearra izanen litzateke —antzeko arloan suertatzen ari dira gauzak estatu esparruan; Nafarroan, gaixotasun kronikoa da—.
Urteak daramatza Eusko Jaurlaritzak (bai PSOEren eskuetan zegoenean, bai oraingoan EAJ burua delarik) jendearen kontrako neurriak alde bakarretik hartzen. Gobernuaren erreforma ezberdinek edukiak franko murriztu dizkioten elkarrizketa sozialaren alde egin nahi du Juan Mari Aburtok? Ustezko zentraltasun irudi horrekin, nor engainatu nahi du sailburuak?
Zentraltasun hori ez da egia. Adibide nagusia, sailburuak esandakoa: akordioak gauzatzeko arazo nagusia sindikatuen erradikaltasuna da. Aburtok «ahazten» du patronalaren jarrera, negoziazio kolektiboren mahaiak blokeatzen dituenean edo euskal industriaren lehiakortasuna lortzeko gure lan baldintzak Europako Batasunetik kanpo dauden herrialdekoekin parekatu nahi dituenean.
Elkarrizketa soziala egiteko deitu dituzten eragile sozial ezberdinak mahai horren alde edo kontra agertu dira. Baina gutxi esan da mahai horretan eztabaidatu beharrekoari buruz; ESK-rentzat hau da garrantzitsuena. Gauzak, berez, ez dira onak edo txarrak; beren erabilgarritasunak eta beren helburuek definitzen dituzte. Kasu honetan, elkarrizketa sozialaren mahaian parte hartzea aurpegi garbitze bat edo tresna erabilgarria izan daiteke parte hartzaileentzat; bata edo bestea izatea mahaiaren helburu eta edukien araberakoa izanen da.
1999ko maiatzean, Hego Euskal Herrian greba orokor erraldoi bat egin genuen. Bi aldarrikapen izan zituen nagusi: 35 orduko lan astea eta Gizarte Soldata (ESK-k behin eta berriz eskatzen duen Oinarrizko Errenta Orokorraren antzekoa). Lanorduen murrizketa patronalarekin eta administrazioarekin denbora luzez eztabaidatu zen, Lan Harremanen Kontseilua deituriko elkarrizketa sozialerako mahi batean. Bertan parte hartzeak ez zuen inolaz ere suposatu sindikatuen aldarrikapenen beherapena, ezta gobernua zein patronalarentzat aurpegi garbitzea ere. Are gehiago, borrokarako prest gauden sindikatuentzat indarberritzea suposatu zuen eta nolabait gure aldarrikapenak legitimatzeko balio izan zuen. Era berean, hainbeste adorez geure eskubideak defendatzeko prest ez dauden beste sindikatuak ere nolabait behartu genituen guk zuzendutako borrokaren bidetik jarraitzera. Hauek dira, beraz, ESKrentzat, kontuan hartu beharreko arrazoi bakarrak elkarrizketa sozialaren mahaian parte hartzeko (Hitzarmenak negoziatzeko mahaietan egiten dugun bezala): merezi duten aldarrikapenak aldez aurretik ezarri eta administrazioak zein patronalak onartzen ez badituzte, borrokarako prest egotea. Horrela bi helburu lortuko genituzke; gizarte eztabaidaren kontra edo alde daudenen esparrutik ateratzea eta borrokaren alde daudenak bateratzea, mobilizazioa prestatuz.
Geroztik gauzak asko aldatu dira, egoera sozio-sindikala eta ekonomikoa barne. Aurreko prozesu horrekin konparaketak egitea zaila bada ere, kalea berpizteko gai baldin ez bagara, nahitaez, gizarte elkarrizketa mahaia baliagarria izango da bakarrik gaurko egoera sorrarazi dutenentzat.
Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa sozialaren bidez zera lortu nahi du: krisialdiaren bukaeraren diskurtsoa gizarteratzea eta jendeari denon bateratzearen beharra (patronala eta sindikatuak) islatu. Aburtok analisi honetan ahazten ditu EAEk duen langabeziaren portzentajea (%17), inolako diru sarrerarik ez duten 30.000 familiak eta azken sei urte hauetan langileok jasan dugun eskubideen murrizketa geure lan baldintzetan. Baliteke Banku eta Multinazionalen esplotazio kontuetan krisialdia bukatutzat jotzea, baina ez hiritarren egunerokotasunean.
Une hauetan, patronalak ez du ezer negoziatu behar, eskakizunak egin eta Gobernu espainolak, enpresa eta interes ekonomikoen aurrean makurturik, berehala onartzen baitizkio. Patronalaren parte hartzea eragingo duena, aldez aurretik baldintzatuko lukeen mobilizazio orokorrik gabe, zera izango da: azkenaldi honetan handitzen doan ospe galtzea etetea.
Era berean, gizarte presiorik gabe CCOO eta UGTk eserlekuak beteko dituzte, haien helburuak zeintzuk diren azaltzeko beharrik gabe. Urte hauetan Patronalarekin esertzeko aukerarik izan ez dutenez, ez diote aukera honi ezetzik esanen, bere esparru «naturala» berreskuratuz: duela gutxi bere etsaia zen horrekin paktua sinatzea. Mobilizazioarekin, akordioa, behintzat, garestiago kostatuko zaie.
Honengatik guztiagatik, ESK-k uste du garrantzitsuena ez dela elkarrizketaren alde edo kontra azaltzea. Garrantzitsuena zera da: onartu ahal dugun edo ez bulego batean berriro ere gure izenean erabakiak hartzea.
Lortu behar dugu geure aldarrikapenak mahai gainean egotea, ekainean onartutako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna haien interesen ordaina izatea. Mobilizazioaren bidez elkarrizketa sozialaren mahaiaren egutegia finkatzea lortzen ez badugu, honen emaitza, berriz ere, zaplaztekoa izango da langileentzat.
Hau da sindikalismo oldarkorrak eta gizarte mugimenduek dugun erronka udazken honetarako. Mahai gainean dauden edukiak baldintzatzeko helburua duten mobilizazioen egutegia ezartzeko akordioak lortu behar ditugu.
Borrokaz, elkarrizketa sozialaz baino gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu