Borondaterik gabe, gerorik ez

Asier Fernandez de Truchuelo Ortiz de Larrea
2024ko ekainaren 13a
05:00
Entzun

Mexikon esaera bat dago: «Konkista bertokoek burutu zuten, independentzia berriz espainolek». Haren historia errepasatuz gero, nahiz eta kontakizun historiko nagusia beste bat izan, gertatukoarekin bat datorrela esan genezake. Lupe Jimenez Codinachen eta Juan Miguel Zunzuneguiren lanak irakurtzea gomendatzen dizuet. Baten bati irakurtzea gogorra egiten bazaio Youtube ere hor dago.

Gaurko euskaldunok garai bateko espainiar indioen jarrera bera daukagu. Frantziak edota Espainiak mila bider eskatuta ere, ez ginateke joango. Independentziaren edota etorkizunaren beldur garela dirudi. Gachupino-ek edota sarrazenoek aska gaitzaten zain bagaude, jai daukagu! Ikusi besterik ez dago, kreoleek independentzia burutu zutenetik, jatorrizko herriek jasandako atzerakada.

Hainbeste urtez menperaturik egon eta gero, politikoki, herri disfuntzional bat bihurtu gara. Geure nazioa eroturik dago, konplexuz beterik. Menperatzen gaituztenen diskurtsoa propioa balitz bezala onetsi dugu, eta iparra galtzera eraman gaitu. Berezko kontakizun barik, nola aurre egin espainol unionismotik eta Frantziako errepublikanismotik jasandako erasoaldiei? Umezurtz gaude, «barkamena eskatzea bakarrik geratzen zaigu» (sic).

Egoera honetara faktore batek baino gehiagok ekarri gaitu. Hauen artean errolda ez da gauza makala, bestela galde kanakiarrei. Edota, gu bezala, beste herrialde horiei, non bertakoak biztanleriaren gutxiengo etnikoa diren.

Ezin ahaztu euskal abertzaletasunaren ustezko jatorri arrazista, atsekabe eta erru sentimenduetan murgiltzen gaituztenak, itxuraz bere aldarrikapenei eskubideak murrizten edota gutxiesten dizkiona.

Geure herriaren berezko historia idazteko unea heldu zaigu, kontuak zinez aipatzeko garaia. Adibidez: Sabino Arana ez zen arrazista, espainolen kontrakoa bai (bihotz-bihotzez), eta iritzi guztien gainetik bere garaiko gizona. Epaitu behar badugu, bere garaiko begiekin epaitu dezagun.

Itxuraz, Gasteizko parlamentuan ustezko gehiengo nazionalista bat egon arren, ez da aurrerapauso nabarmenik nabaritzen politika nazionalean eta burujabetasun aldetik.

Jada, betiko ziriek ez daukate lekurik, gainditu ditzagun beti errepikatzen dituzten esaldi berberak: «ez da garaia» edota «nortasun-politikek errestatzen dute» (sic).

Proiektu nazionala garatu gabe dago. Ez autogobernu autonomikoa (ondo erabilita askatasuna lortzeko tresna ezin hobea izan zitekeen arren, ezin da inoiz helburu bihurtu), eta aho betez hauteskundeetan edota Aberri Egunean euskal errepublika bat goraipatuz botatako esaldi ponpoxo horiek ez dute benetako borondate politikoa adierazten.

Osasun lerroak modan dauden garai hauetan, euskal indar abertzaleek zergatik ez dituzte indarrak batzen kontzentrazio gobernu nazional baten bidez independentzia deklaratzeko?

Dagoeneko aliantza internazionalak erroturik egon beharko lirateke. Hurrengo esaera ez dezagun ahaztu: «Nire etsaiaren etsaia, nire laguna».

Labur esanda, euskaldunok lurra daukagun herri bat gara, baina tamalez estaturik gabeko herria; eta, gaurko politikekin, lortzeko borondaterik gabe.

Ez dezatela esan katalanak saiakera egin zutela: egin zuten antzezpenarekin, beraien buruei iruzur egitea besterik ez zuten lortu; ez zegoen benetako borondaterik, ezta nahi politikoa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.