Europako Batasunak, oraingoan bai, bere mugak erabat zabaldu dizkie Ukrainak pairatutako errusiar inbasiotik ihesean ari diren pertsona guztiei. Egia esan, erabat ez, Afrikako Batasunak salatu baitu Ukraina eta Europako Batasunaren arteko mugetan Ukrainan bizi diren afrikar hiritarrei oztopatzen dietela ihesaldi hori. Bonbak ezberdinak izango balira bezala.
Bonbek hunkitu egin gaituztela dirudien honetan, izan ere, une ona izan daiteke gogoratzeko Kharkiven gainera botatzen ari diren bonbak Sirian botatzen zituztenen berdinak direla. Eta orain, deabrua kosako itxuraz marrazten digutela, gogora genezake Siriaren gainera ez direla bakarrik Moskutik bidalitako bonbak erortzen. «Ia kale guztietan, hondakin mendietan, bonbardaturiko eraikinetan eta ibilgailuen metalezko armazoi bihurrituetan ikusten zen suntsipena. Suntsitutako bizitza zibilen oroigarri etengabeak ere bazeuden, hautsitako gauzetan, arropa-hondarretan eta hondakinen artean barreiatutako haur-jostailu zikinetan». Esaldia Donatella Rovera eta Ben Walsbyrena da, Amnesty Internationalentzat egin zuten War of annihilation. Devastating toll on civilians, Raqqa-Siria (Suntsitze gerra. Txikizioa eta hondamendia Siriako Raqqa hiriko biztanle zibilentzat) txostenaren egileena.
Esaldi horrek Siriako Raqqa hiriaren aurkako bonbardaketetako bati egiten dio erreferentzia, Ameriketako Estatu Batuek gidatutako nazioarteko koalizioari egotzia. Hauxe, Roverak eta Walsbyk egindako lanaren laburpena: «Estatu Islamikoa izeneko talde armatua Raqqatik kanporatzeko lau hilabetez egindako operazio militarrak ehunka zibil hil eta askoz gehiago zauritu zituen, eta hiriaren zati handi bat suntsitu zuen. Operazio horretan, 2017ko ekainetik urrira bitartean, etxebizitzak, eraikin publiko zein pribatuak eta azpiegiturak hondakin bihurtu ziren edo konpondu ezinezko kalteak jasan zituzten».
Orain, bonbek hunkitu egin gaituztela dirudien honetan, eta Europak bere ateak zabal-zabalik (tira, ia) utzi dituenean Ukrainatik datozenentzat, une egokia dirudi gogorarazteko zer gertatu zitzaien 2015. urtean Siriatik Europako Batasunera iristen saiatu zirenei, errefuxiatuentzako NBEren agentziak (UNHCR) emandako datuen arabera. Ukrainarrak orain egiten ari diren bezala, siriarrak ere bonben eraginetik ari ziren ihesean.
Sirian zaila da zerua eta infernua desberdintzea, han goitik gizarte zibilaren aurka jaurtitako bonbek hamaika jabe dituzte eta. Izan daitezke, adibidez, Estatu Islamikoak (EI) edo honen aurkako borrokan Estatu Batuek zuzendutako nazioarteko koalizioak botatakoak. Edo Errusiakoak izan daitezke ere, Baxar al-Assad presidentea laguntzeko erabilitakoak. Eta, jakina, Al-Assadenak berarenak ere izan daitezke, giza eskubideen aldeko erakundeek hari leporatzen baitiote bere aurka egon daitekeen edonoren kontra berak zuzendu duen gerrak utzitako 500.000 hildakoen inguruko ardura nagusia —ardura nagusia bai, baina ez bakarra—.
Al-Assaden etsaien artean EI egoteak ere balio izan dio nazioarteko koalizioari (AEBekin batera Erresuma Batuak eta Frantziak aktiboki parte hartzen dute bertan) erabaki dezan, Iraken Saddam Husseinekin edo Libian Muammar Gaddafirekin gertatu zenaz bestera, oraingo honetan Siriako agintaria boterean mantentzea.
Baina, orain, bonbek hunkitu egin gaituztela dirudien honetan, une egokia da gogorarazteko UNHCR-ren datuen arabera, errefuxiatutzat jotzen diren 12 milioi pertsonetatik heren bat Turkian bizi dela, eta ez EB solidario eta aberatsean. UNHCR-ren arabera, izan ere, Turkia da errefuxiatu gehien dituen herrialdea, 3,7 milioirekin. Europako Batasunak Turkiari ordaintzen dio Europarako bidea debekatzearen truke. 6.000 milioi euro 2016tik.
Orain, bonbek hunkitu egin gaituztela dirudien honetan, une aproposa izan daiteke gogora ekartzeko jokamolde horren ondorioz orain itxuraz hain solidarioa den Europak ez duela betetzen nazioarteko legeria: 1951ko Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Konbentzioaren eta 1967ko Protokoloaren arabera, jazarpenaren beldur ihes egiten dutenak errefuxiatuak dira. Pertsona bat kategoria horretan sartzeak asiloa ematera behartzen du.
Baina, orain, bonbek hunkitu egin gaituztela dirudien honetan, une egokia dirudi gogora ekartzeko nazioarteko legeriak bereizi egiten dituela bonbetatik edo gosetik ihes egiten dutenak, bonbak gosea baino zerbait tragikoagoa izango balira bezala. 4.401 pertsona, haurrak tartean, hil ziren 2021ean beren jatorrizko herrialdeetatik Europara egindako bidaia penagarrian, Mugarik Gabeko Ibilian gobernuz kanpoko erakundeak bildutako datuen arabera.
Ez dut inoiz ulertu zergatik izan daitekeen legezkoa gosez hiltzea. Eta ezin azaldurik jarraitzen dut. Are gutxiago orain, Ukraina gainera botatzen dituzten bonbek hunkitu egin gaituztela dirudien honetan. Agian ez da hainbesterako izango. Eta ez naiz bonben eraginaz ari.
Bonbek hunkitu egin gaituztela dirudien honetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu