Gaur 75 urte beteko dira Durango gupidagabe suntsitu zuenbonbardaketa gertatu zenetik. Mola jeneralak zuzentzen zuen armada faxistak eratu zuen ekintza genozida eta Italiako hegazkinek gauzatu.
Aurten, lehen aldiz, 75 urte pasatu eta gero, Durangoko Udaleko gehiengoak onartu ditu, besteak beste: a) Espainiako eta Italiako Gobernuei erantzukizuna eta egiletza onartu eta jendaurrean barkamena eska dezaten premiatzea, b) gaur arte egia isilarazteko jarraitutako bidea arbuiatzea, eta c) Durango garbitzen eta berreraikitzen lagundu zuten preso errepublikanoei eskerrak ematea.
75. urteurrenean hainbat ekitaldi interesgarri antolatu dira Durangon bonbardaketa oroitzeko, belaunaldi berriei egia jakinarazteko eta munduko ezein bazterretan halakorik berriro gerta ez dadin eskatzeko. Batzuk Udalak antolatu ditu. Beste batzuk, Zilar Astearen barruan, hainbat herri-talde eta ikastetxeren artean eratu dira. Zilar Astearen helburua gaia ikuspegi eta diziplina ezberdinetatik lantzea da, eta horretarako batxilergoan interbentzio didaktiko berezia, erakusketa eta antzezkizuna prestatu dira.
Baina bada beste ekitaldi azpimarragarri bat ZilarAstearen barruan; 31n bertan bonbardaketak gehien birrindu zituen zenbait gunetatik zehar egingo den ibilbidea, hain zuzen.
Ibilbidea 18:15ean hasiko da, Kurutziagan egia, justizia eta erreparazioa eskatuz. Durangoko kaleetanbarrena jarraituko du, tartean hainbat eginkizun betez, eta 20:00etan Elizpean urteroko ekintza nagusia egingo da:oroimen ekitaldia etabonbardaketa jasan zutenentzako lore eskaintza.
Durangoko Udalak antolatzen dituen ekitaldien artean, eguerdiko 12:00etan Gerra zibilaren biktimei omenaldia deritzana dago, hilerrian azken urteetan egiten dena. Durango 1936 Kultur Elkartea ez da bertan egongo, ez baitago ados ekitaldi horrekin. Hasteko, martxoaren 31n bonbardaketa oroitzeko eguna izan behar dela aldarrikatzen dugulako. Populazioaren %5 hil zuen bonbardaketak ez al du merezi urtero modu esklusiboan gogoraraztea? Gure herria birrindu zuen ekintza genozida horrek ez al du merezi egun bat urtero? Zergatik ez dugu ikusi nahi Durangok jaso zuen bonbardaketa denon aurkakoa izan zela, genozidioa izan zela? Zergatik ez dugu ikusi nahi bonbardaketak haurrak eta helduak, gizonezkoak eta emakumezkoak, gorriak eta zuriak hil zituela? Zergatik ez dugu jakin nahi bonbek ez dutela herritarrik bereizten krudelkerian?
Durangoko Udalak, ostera, «gerra zibila»-ren biktimei egiten die omenaldia egun horretan. Gerra zibila ala altxamendu faxista? Guk biktima guztiak errespetagarriak direla uste dugu. Altxamendu faxistak eragindako biktima batzuei Durangoko Udalak berrogeitaka urteetan egin zien izugarrizko omenaldia, horretarako kapera kristau berezia eraikiz hilerrian. Errepublikaren eta Euskal Herriaren alde egin zuten biktimei ez zaie halakorik egin gure herrian. Justizia eta erreparazioa eskatzen dugu, besterik ez.
Nola uste du Durangoko Udalak «adiskidetzea eta bakea» deitzen duen kapera kristau batean egin behar zaiela omenaldi bateratua gerrako biktima guztiei? Honezkero ez al dakigu denon ideologiak errespetatu behar ditugula? Ez al dakigu askatasunaren alde bizitza eman zuten durangar asko eta asko ez zirela kristauak?
Nola uste du Durangoko Udalak hilerriko bazter batean guztiekin hitzik egin gabe itxi daitezkeela altxamendu faxistak eragindako zauri isilduak?
Horregatik guztiagatik, Durango 1936 Kultur Elkartea ez da hilerrian izango, baina izango da Zilar Astean eta Elizpean, egia, justizia eta erreparazioa eskatuz.
Bonbardaketak 75 urte martxoaren 31n
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu