Otsailaren 20a, Justizia Sozialaren Eguna, boluntariotzaren eta justizia sozialaren arteko harremanari buruzko gogoeta egiteko baliatu nahi dugu. Agian, praktika eraldatzaile honen konpromisoa berritzeko aukera izan daiteke; izan ere, bere helburu nagusia «justiziaren eskakizunak ase daitezen» eta «gizarte-gaitzen kausak ezaba daitezen» lortzea da.
Gaur egungo testuinguru sozialean, boluntariotzak elkartasuna eta justizia soziala sustatzeko funtsezko tresna izaten jarraitzen du. Justizia soziala ez da soilik baliabideen bidezko banaketa, baizik eta pertsona guztiek duintasunez bizitzeko baldintzak eta eskubideak izatea. Hori dela eta, boluntariotzak ez ditu soilik premiazko egoerak artatzen, baizik eta, batez ere, pobrezia, bakardadea eta bazterketa betikotzen dituzten egitura sozialak eraldatzea bilatzen du.
Begirada altxatzen badugu, justizia oraindik lortu beharreko helburua dela argi dugu. Baina gure eguneroko bizitzari erreparatzen badiogu, justizia eskubideen eta laguntzen eguneroko errespetua da, autonomia eta ahalduntzea sustatzeko eta inklusio soziala bermatzeko.
Caritasen badakigu artatzen eta laguntzen ditugun pertsonek aurrez aurre dituzten zailtasunek egitura-kausak dituztela (esaterako, diru-sarrera nahikorik ez izatea, etxebizitzarik edo lanik ez edukitzea). Horregatik, ez da nahikoa kasu bakoitzari banakako laguntza edo erantzuna ematea. Pertsona kaltetuekin batera, haien zailtasunak eragiten dituzten kausak jorratzeko eskatu eta eragin politikoa egin behar dugu.
Ondorioz, boluntariotzak ez du soilik laguntza-esparruan jarduten; politika ere bultzatzen du hauskortasunaz arduratzeko eta «giza eskubide funtsezkoen aurka doan guztia» premiaz artatzeko. Hala azpimarratzen du Frantzisko aita santuak Fratelli Tutti entziklikan.
Boluntariotzaren dimentsio publiko hau Evangelii Gaudium-en azaltzen den bezala gauzatzen da: «Begietara begiratu eta entzuten duen ekintza» gisa. Entzute sakon horretatik eta errealitatearen interpretaziotik abiatuta, justizia soziala lortzeko proposamenak eta ekintza eraginkorrenak garatzen eta sustatzen ditu, Elizaren Doktrina Sozialak berak jasotzen duen moduan.
Alderdi hauek guztiek boluntariotza aberasten dute, baina haren eragina mugatua gelditzen da beste osagai eraldatzaile batekin osatzen ez bada: maitasuna. Edozein elkartasun-proposamen osatu gabe gelditzen da printzipio hau kontuan hartzen ez badugu: «Maitasuna beti izango da beharrezkoa, baita gizarte bidezkoenean ere». Hala adierazi zuen Benedikto XVI.a aita santuak Deus Caritas Est entziklikan.
Maitasunak, afektuan eta zaintzan oinarritutako giza harreman bezala ulertuta, anaitasun eta ahizpatasun unibertsal bat eraikitzen laguntzen du. Honek «pertsonak adorez eta eskuzabaltasunez justiziaren eta bakearen aldeko lanera bultzatzen ditu», hala jasotzen da Caritas in Veritate-n.
Maitasuna da samariar onari komunitatetik kanpoko pertsona bat arrotz gisa ez ikusten laguntzen diona, baizik eta bere berdin gisa. Maitasuna da elkartasun unibertsala bultzatzen duena, izan ere, «maitasunak ez dio axola anaia zauritua hemengoa edo hangoa den», gogorarazten du Frantzisko aita santuak Fratelli Tutti-n.
Azken finean, Adela Cortinak dioen bezala, «errukia da justiziaren aldeko ardura hartzera bultzatzen gaituena, ekintza on batzuetatik harago». Maitasunak egiten gaitu pertsona oro «baliotsu, duin, estimagarri eta eder» bezala hartzeko gai. Eta maitasun hori da «bestea den bezalakoa izateagatik maitatzea», haren ongizatea bilatzera bultzatzen gaituena.
Adela Cortinak ondo laburbiltzen du: boluntariotza «zoriontasun-proiektuak martxan jartzeaz arduratzen da, eta proiektu horiek ezinbestean justizia barne hartu behar dute […] baina, aldi berean, itxaropen-, kontsolamendu-, samurtasun- eta zentzu-beharrak asetzen dituzte; eskubide gisa erreklamatu ezin direnak».