Abenduaren 5a gaur, Boluntarioen Nazioarteko Eguna: parte-hartzeari eta elkartasunari buruz hitz egiteko une egokia da. Valentzian gertatutako DANAren hondamendiak herritarren elkartasuna piztu du berriro, kaltetutako pertsonen eta udalerrien sufrimenduak hunkituta.
Elkartasuna, zalantzarik gabe, jasotzen duenari onura ekartzea bilatzen duen laguntza sozialeko ekintza bat da. Eta krisi edo larrialdi honetan, COVID-19aren kasuan bezala, elkartasuna «justiziaz arduratzera bultzatzen gaituen» gizarte-balioa da, Adela Cortinaren hitzetan.
Hala ere, abiapuntu honetatik, geure buruari galdetu beharko genioke ea beste baten alde egiten dugun edozer elkartasuna ote den. Benetan merezi du minutu batzuk hartzea, eskaintzen dugun guztiak beste bati onurarik ekartzen dion hausnartzeko. Hots, ea laguntza horrek beste pertsonen sufrimendua arintzen duen. Zentzu honetan, aztertu beharko genuke zer eragin dituzten laguntza mota ezberdinek hartzaileen bizitzetan.
Hausnarketa hau DANAren eraginez kaltetutako udalerrietako alkate batzuek egin zuten eskaeraren oinarrian dago. Boluntario espontaneo gehiago ez joatea eskatu behar izan zuten, larrialdia kudeatzeko une kritikoetan sarbideak eta kaleak kolapsatzen ari baitziren. Enpatia apur batekin eta entzuteko jarrera izanda, eskakizun hori ulertzea nahiko erraza da.
Hala ere, pertsona batzuek ez zuten eskaera hori ulertu, eta alkateek, larrialdia kudeatzen ari ziren unean —eta, gainera, euren galera propioei aurre eginez—, azalpenak eman eta barkamena eskatu behar izan zuten, lagundu nahi zutenenganako errefus moduko bat bezala uler zitekeenarengatik.
Puntu honetan, baliteke gizarte zibilaren agente guztiok eta oro har herritarrek sustatu eta landu behar ditugun giltza pedagogiko batzuk planteatzea, etorkizunean biziko ditugun krisi eta larrialdi-egoerak hobeto kudeatzeko.
Elkartasuna ez da guk egin edo egin nahi duguna, baizik eta egoera ezberdinek kaltetutako pertsonek behar dutenari erantzuten dion zerbait.
Entzute eskuzabal bat egitea eskatzen du, gure ni-tik irteteko eta beste pertsonaren beharrak erdigunean jartzeko, behar duen denbora errespetatuz, haren gaitasunak sustatuz (kendu gabe); hau guztia gure laguntzeko motibazio, itxaropen, denbora eta desio propioen gainetik jarriz.
Elkartasuna ez da laguntza bat soilik, ezta nire laguntza indibiduala ere. Eta, nahiz eta konpromiso pertsonaletik sortzen den, erantzun kolektiboa da. Eta hori laguntza indibidualen batura baino gehiago da. Honengatik, ordena eta antolaketa behar du, bai egoera bakoitzean protagonistak eta kaltetutako pertsonak entzuteko, bai behar dutena —zer, nola eta noiz— modu egokian bideratzeko. Elkartasunak erakundeengan konfiantza izatea ere eskatzen du, haiek baitira kaltetutako pertsonak artatzearen azken arduradunak. Eta konfiantza horrek, noski, gardentasuna eta kontuak ematea eskatzen du bueltan.
Elkartasun antolatu hori funtsezkoa da sufrimenduaren aurkako erantzun humanizatzaile gisa, sufritzen dutenen alboan kokatuz, herriak herriari eskainitako laguntza bihurtuz. Baina, horrez gain, argi du Estatua ez duela ordezkatu behar elkartasun antolatuago eta babesleago bat eraikitzeko lanean. Elkartasunak, beraz, justizia soziala betebehar moral gisa ulertzen du, «premiazko egoerak artatzen dituzten laguntza-planak behin-behineko erantzun gisa pentsatu beharko lirateke» (Frantzisko aita santua, Evangelii Gaudium), eta, ondorioz, ezin dio Estatuari bere babes sozialeko ardura kendu.
Hiru gako hauek –entzutea jardun aurretik, erakunde solidarioetan konfiantza izatea eta krisietan administrazio publikoek izan behar duten papera aldarrikatzea– ezinbestekoak dira krisien aurrean elkartasun-erantzun sendoa bermatzeko. Martha Nussbaumek dioen bezala, «benetako elkartasuna justizia errukior bat lantzetik sortzen da; momentuko sufrimenduari erantzuna emateaz gain, epe luzerako gaitasunak sustatzea bilatzen duena».