Bolsonaroren errezeta erregionala

2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpainan zehar Brasilerako proposatzen zuen kanpo politikari buruzko indefinizioak eta kontraerranak bertzerik eskaini ez bazituen ere, eta agintea hartu zuenetik hiru hilabete eskas pasatu direlarik, dagoeneko igartzen hasiak dira Jair Bolsonaro militar ultraeskuindar eta kontserbadorea geografikoki, demografikoki eta ekonomikoki Hego Amerikako herrialderik handienaren gidaritzarat iritsi izanaren eragin erregionalak.

Txilerat eginiko lehen atzerriko bidaia ofizialak eta AEBetara berriki egindako bisitak agerian uzten ditu Brasilgo azken 40 urtetako kanpo politikaren biraren lehen zantzuak. Izan ere, Bolsonarok horrenbertze goresten duen diktadura amaitu arte, Brasilek AEBekiko lerrokatzea eta azpikontinente mailako isolazionismo eta protekzionismoa uztartu zituen. Demokrazia berreskuratzearekin batera, fokua alboko herrialdeekiko harremanak sustatzera eta nolabaitekoAEBekiko independentzia finkatzera igaro zen. Horrela, Hego Amerikako gobernu neoliberaletako 90eko hamarkada neoliberalean ere Mercosur sortu zuten Brasilek, Argentinak, Uruguaik eta Paraguaik. Ondoko hamarkadan gailendu ziren gobernu ezkertiar eta aurrerakoiek hori zabaldu eta bertzelako erregio-integrazio erakundeak sortu zituzten, Unasur eta Celac, kasurako. Modu paraleloan, mundu multipolar batean integratzearren, Brasilek gogor apustu egin zuen Brics taldearen barnean lan egitearen alde, eta bereziki Txinarekiko harreman ekonomiko, komertzial eta politiko sendoak garatu zituen. Alabaina, presidente hautatu eta gero, Bolsonarok Itamaratyren (Brasilgo Kanpo Harremanetako Ministerio boteretsua) «azken urteotako nazioarteko harreman ideologizatuetatik askatuko» zituela adierazi zuen.

AEBetarat egindako bidaian Trumpekiko izandako sintonia onaren ondoriozko akordio zehatzak ezagutarazi ez baziren ere, argi geratu da Brasilia Txinatik urrundu nahi duela, eta Washingtonen orbitapean kokatuko dela hemendik aitzin. Horrek ondorioak izanen ditu auzokoekiko harremanetan. Adibide gisa, AEBek 750.000 gari tona zergarik gabe Brasilerat esportatzeko berriki emandako baimenak dagoeneko kezka handia sortu du Argentinan, tradizionalki hornitzaile nagusia izan baita. Izan ere, inguruko herrialde gehienek Brasilgo ekonomiarekiko menpekotasun handia dute (aldiz, Brasilgo Akilesen orpo nagusia Boliviarekiko duen gas menpekotasuna da). Argiki, Bolsonarok alboratu egingo du orain arte Brasilek Mercosurri emandako lehentasuna, aldebiko hitzarmen komertzialen mesedetan. Gainera, Mercosur aduana batasun eredutik merkataritza askeko akordiorat gibelatzeko nahiak guztiz eragotz lezake Europar Batasunarekin negoziatzen ari den merkataritza akordioa. Brasilgo erregio-estrategia aldaketaren inpaktua, beraz, nabarmena izanen da.

Azken urteotako Hego Amerikako gobernu gehienen eskuinerako birak Celac edo Unasurren funtzionamendua desaktibatua bazuen ere, Bolsonarorekin horiek guztiz lurperatzeko agertokia nagusitzen da. Izan ere, joan den astean, Prosur (Latinoamerikako aurrerapen eta garapenerako elkartea) delako alde anitzeko foroa aurkeztu dute Santiagon. Txileko eta Kolonbiako presidenteak bultzatzaileak izanik, erregio-harremanetarako «lankidetza eta elkarrizketa gune» honek azpiegitura, energia, defentsa, segurtasuna eta krimenaren aurkako borroka, natur-hondamendien prebentzioa eta kudeaketa eta osasuna jotzen ditu lehentasunezko gaitzat. Venezuela propio bazterturik utzi dute, eta Boliviak eta Uruguaik—oraindik olatu eskuindar berritik salbu daude— behatzaile gisa parte hartu dute. Argi denez, izaera liberal argiko mekanismo gisa planteatzen da, AEBen inguruan biratuz.

Aipatu gaion artean, merkataritzari loturikoez gain defentsa eta segurtasuna nabarmentzen dira. Batetik, AEBei azkenaldian zaildutako base militarrak ezartzea edota bertzelako «lankidetzen» bidezko presentzia erraztea eratorriko dela ondoriozta daiteke. Aspaldikoa da Amazonian eta Akuifero Guaraniaren eremuan kokatzeko interes estatubatuarra. Bertzetik, biolentzia antolatuaren aurka borrokatzeko esku gogorra izan da Bolsonarok bere bozkatzaileei agindu diena, eta horretarako, eta bide batez, ezkertiarrak, MST lurrik gabekoen mugimenduko kideak, jatorrizko herriak eta, oro har, disidente oro, jazartzeko kooperazioa bultzatzea aurreikusten ahal da. Defentsa eta segurtasunaren izenean, errepresio politiko eta soziala hedatzen ari da Brasilgo mugen barnean, dagoeneko bide horretan berriz hasiak diren Argentina edo Txileren jarrerak berretsiz. Defentsa eta segurtasunaren izenean ere immigrazioaren kontra borrokatzeaz eta horren aurkako neurriak hartzeaz mintzatu da Bolsonaro. Horrek Mercosur, Can eta Txilek onarturiko egoitza askearen zonaldearen amaieraren hastapena bilaka daiteke, eta, ondorioz, domino efektua sor dezake auzoko herrialdeetan, lehengo egoerarat itzuliz migrazio-desoreken benetako arrazoiei eutsi gabe.

Aurtengo urrian eskuinak erronka du hiru herrialdetako presidentetzarako hauteskundeetan: Argentinan ikusteko dago agintea mantentzea lortuko ote duen, eta berriz, Bolivian eta Uruguain erronka irabaztea da. Kasu bakoitzean barne egoeraren ezaugarriak berezkoak diren arren, ezin da zalantzarik izan Bolsonaroren Brasilek abiatu duen ibilbideak barne eztabaida nabarmen baldintzatuko duela. Laburrean, maila ekonomikoan ultraliberalismoa eta maila politiko eta sozialean autoritarismoa da haren errezeta, Hego Amerikako etorkizuna pozoitzen segitzeko itxura osoa duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.