Bolivia: benetako erronkak

Iñaki Etaio eta Rene Behoteguy Chavez
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Urriaren 18an Bolivian egindako hauteskundeetan, sektore herrikoiek indar erakustaldi bat egin zuten. MAS mugimenduak irabazi zuen, erabateko gehiengoarekin (botoen%55, MAS gobernura heldu zeneko 2005eko emaitzak berdinduz), eta diputatuen zein senatarien ganberetan ere gehiengoa lortu zuen. Garaipen irmo honek hainbat alderdi agerian utzi du.

Herriaren mobilizazioa gakoa izan da. Boterean hiru hilabete baino egongo ez zen gobernu kolpistak aitzakia topatu zuen pandemian, hauteskundeak hiru aldiz atzeratzeko. Antolatutako herriak nahikoa zela esan zuen arte. Izan ere, abuztuan herrialdeko garraiobideak moztu zituzten hauteskundeetarako datak legez ezarri arte. Ondoren, urte bat lehenago botere politikoa lapurtu zien jukutria makiavelikoa garaitu zuten hauteskundeetan. Honek irakaspena erakusten dio ezkerrari: hauteskunde-garaipenak posibleak dira aurretik indar erreakzionarioak kalean eta mobilizazioarekin garaituak badira.

MAS-IPSP alderdiak bizirik jarraitzen du. MAS-IPSPk erakutsi du herri boliviarraren gehiengoa ordezkatzen jarraitzen duen indarra dela, baita 2019ko hauteskundeen ustezko iruzurra muntaia izan zela ere. Hain argia izan da garaipena, muntaia haren babesleek, AEE Amerikako Estatuen Erakundeko presidente Luis Almagrok eta Boliviako eskuinaren liderrek, Arce eta Choquehuanca zoriontzea beste erremediorik ez dutela izan.

Garaipenak mugak zeharkatzen ditu. MASek gobernua berreskuratzea AEEk, Limako taldeak eta AEBetako administrazioak bultzatutako estrategia inperial eta autoritariorako oztopo handi bilakatzen da. Era berean, lorpen garrantzitsu bat da Abya Yala/Latinoamerika eta munduko gainontzeko herrientzat.

Garaipenaren eduki dekoloniala. Duela urte bat, jatorrizko herrien kontrako indarkeria fisiko eta sinbolikoa Sacaba eta Senkatako sarraskietan, wiphala erretzean, «basatiak» izendatzean, Bibliaren inposizioan edota jatorrizko herrien kosmobisioa ukatzen duten mezuetan irudikatu zen. Orain, aimara, kitxua eta beste sektore zabalek argi erakutsi dute ez daudela prest elite kolpisten Estatu kolonialera bueltatzeko.

Erreleboaren beharra. Evo Morales eta Alvaro Garcia Lineraren zalantzarik gabeko lidergo-ezaugarriez harago, laugarren agintaldirako aurkeztea ez zen ziurrenez aukerarik onena. Hautagai berriek, galdutako boto asko berreskuratu dituzte. Buruzagi berrien formazioa eta sustapena, bereziki buruzagitza kolektiboena non ezinbesteko liderrik ez dagoen, bermea da aldakera-prozesuetarako. Herri boliviarrak erakutsi du ez duela sostengatzen pertsona bat, baizik eta jatorrizko herri eta sektore herrikoien aldeko burujabetze-proiektu politiko bat.

Era berean, agertoki berriak zalantza eta erronka batzuk planteatzen ditu, pandemiari eta ekonomia-krisiari nola aurre egin jakitetik haratago doazenak.

Demokrazia ez da berreskuratu. Adierazpen hau maiz erabili bada ere, berreskuratu dena (oraindik karguan ezartzea gauzatzeko…) botere politikoa izan da. Hau ez da, berez, demokraziaren sinonimoa. Botere ekonomikoa mantenduko da, neurri handi batean, oligarkia kolpistaren eskuetan, eta, ekoizpen-baliabideen herri kontrolik ez badago, Estatua ahula da oso gertagarria den sabotaje ekonomikoaren aurrean. Boliviako hedabide nagusiek, estatu kolpea gauzatzeko eta Añezen gobernuari zilegitasuna emateko ezinbestekoak izan zirenek, esku pribatuetan diraute.

Armek ere, gobernuaren kontra matxinatu ziren polizien eta Evo Morales uko egitera «gonbidatu» zuten militarren eskuetan darraite. Duela urte bat argi geratu zen botere politikoa izatea eta Estatua kontrolatzea kontu ezberdinak direla. Zentzu horretan, herri-milizien sorrera nolabaiteko kontrapisua izan daiteke.

Justizia eta erreparazioa egongo da? Kolpearen erantzuleak prozesatuko dituzte? Eta behin-behineko gobernu bati ez dagozkion erabakiak (enpresen pribatizazioa, enbaxadoreak aldatzea…) hartu zituztenak? Eta Sacaba eta Senkatako sarraskien eta beste hilketa, kartzelatze eta jazarpenen erantzuleak? Batasun eta adiskidetzerako deiek ezin dute zigorgabetasuna ekarri. Bere herriaren aurrean gobernu berriak bete behar duen justizia, duintasun eta sinesgarritasun zeregin bat da.

Onartuko dute beren porrota? Hauteskundeetan jasotako kolpeak zurtuta eta ahulduta utzi baditu ere, Boliviako elite ekonomikoak eta AEBetako administrazioak ez dute onartuko herria bere etorkizunaren jabe izatea. Aldaketa prozesua geldiarazteko eta Bolivia kontrolpean hartzeko estatu kolpe bat burutu bazuten, ezin dugu pentsatu hauteskundeen emaitza era demokratikoan onartuko dutenik.

Autokritika eta tentsioa, ezinbestekoak. Itxarotea ezinbestekoa izango da gobernutik hartuko diren neurrien erradikaltasun maila ezagutzeko, baita ikusteko ea aldaketa prozesua bizkortzea bilatuko duten ala, aldiz, jatorriko herrien eta mugimendu sozialen eskubideak sustatzen dituen estatu asistentzialista leheneratzetik ez den pasatuko, egitura-aldaketa nabarmenik egin gabe, burgesia eta berari lotutako botereekiko talka ekiditen saiatuz. Izan ere, indar armatuen eta poliziaren mehatxuak, elite ekonomikoen eta beren talka-talde paramilitarrekin batera, gobernu berriaren erabakiak baldintza ditzake. Zentzu horretan, ezinbestekoa da etengabeko autokritika ariketa, eta baita tentsioa mantentzea ere MASen oinarri eta egituretan, hasierako asmotik eta ordezkatzen dituen sektoreen beharretatik desbideratzerik ez egoteko.

Urte bat beranduago, leku berara bueltatzen gara? Bai eta ez. Galdera hauei emango zaien erantzunak baldintzatuko du Boliviako herriak, baita Abya Yala eta mundoko herriek behar duten aldaketaren sendotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.