Jesus Garate artzaina eta biok Erralde hiltegiko ukuiluetan bildotsaren komertzializazioari eta bildotsen etorkizunari buruz hitz egiten geunden. 2007ko abendua zen. Merkatuan derrigorrezkoak ziren estrategia berri batzuez mintzatzen ari ginen. Gerora, Erralde hiltegiak, Bizkaiko artzainek, EHNE nekazaritza-sindikatuak, Bizkaiko harakin-talde garrantzitsu batek eta Bizkaiko sukaldari-talde batek Bizkaiko Bildotsa estrategia komertziala bultzatzea erabaki genuen. Handik aurrera —Erralde hiltegia komertzializazioan lagun zutela—, Bizkaiko kalitateko bildotsa jarri zen merkatuan Bizkaiko harakinen eta sukaldarien eskutik. Gaur egun, ordea, Errioxako Artadi bodega da notizia.
Izan ere, diferentziazioez, merkatua beste modu batera ulertzeko gogoetaz eta, ondorioz, merkatuan burujabetzaz aritzeko hautuez hitz egiten ari gara. Egon al liteke elikadura-burujabetzarik, komertzializazioan ere hautu hori egin gabe? Hitz egin al liteke elikadura burujabetzaz, merkatuan bertako produktuek zein aurpegi eduki behar duten erabaki gabe, eta mezuak zein izan behar duen erabakitzeko eskumena geure gain hartu gabe? Politika ofizialak badaki edo jakin beharko luke Euskal Herrian elikadura-burujabetzak merkatuan eragina eduki dezan kolektiboki hartutako mezuetan eta pausoetan oinarritu beharko litzatekeela eta, ondorioz, baita komertzializazioaren eskumena praktikan ipinita ere. Baina Euskal Administrazioak gaur arte egin duen ibilbidea ikusita, Bizkaiko Bildotsari, Bizkaiko esneari... eginiko jazarpena egingo ote dio euskal administrazioak Artadi bodegari? Ala kasu horretan ez? Eta, hala bada, zergatik oraingoan ez? Nire iritzian, kasu horretan ere elikadura-burujabetzaren gogoeta eta eragina egongo lirateke jokoan.
Diru-laguntzarik jaso gabe, eta euskal administrazio publiko ezberdinen aldetik salaketa mordoa jaso ondoren, bost urte iraun genuen zutik. Izan ere, Bizkaiko Bildotsa marka komertzialak hiru salaketa jaso zituen, bai Administraziotik zuzenean, baita haren menpe dauden enpresa publikoen eskutik ere. Salaketen argudio nagusia Bizkaia terminoa erabiltzearena zen. Administrazioak zioenez, ezin genuen termino hori erabili, nahiz eta artzainak, harakinak, sukaldariak... denak bizkaitarrak izan eta Erralde hiltegian (hilketan eta komertzializazioan) bakarrik Bizkaiko bildotsekin aritu lanean. Euskal Administrazioaren iritziz, Europako erregelamendu edo direktibak urratzen genituen. Eta jakinarazi behar da gure hasierako nahia, Bizkaia terminoa, labeldun bildotsaren barnean beste identifikazio osagarri bat izatea zela. Baina ez, ezinezkoa zen bide hura, antza. Orain, aldiz, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusiko dute ardoen Errioxako jatorri-deituraren barnean Araba eta Arabako eskualdeen identifikazioak agertzea.
Administrazioaren aldetik momentu honetan ikusten den irizpide-aldaketa horren ardura ez du inork hartuko bere gain. Politizatuegia eta politikariek baldintzatuegia dagoen Administrazio baten ondorioa. Orain bai, orain Araba terminoa babestu beharko dute, eta kito. Eta oraingoan ere, inongo gogoeta teknikorik eta politikorik egin gabe jarraituko dugu. Zeren, teknikoki ere gogoetak egiteko, ikuspuntu teknikoaz gain derrigorrezkoa baita askeak diren pertsonekin jardutea, zeren, hori horrela ez bada, berriro ere Administrazioaren aldetik guk jasan genituen astakeriak errepikatu baitaitezke.
Dena Batasun Europarrean sortutako normatibetara mugatzen badugu, eta ondorioz elikagaien multinazionalek merkatuan beren interesak babesteko markatzen dituzten estrategietara, zein da Euskal Herriko nekazaritza-departamentu desberdinen funtzioa? Mezulari funtzioa? Agian Batasun Europarrean lobby desberdinek markatzen dituzten erritmoak babesteko kontrolatzaile lanak egitea egokitzen zaie? Eta lehen sektoreak derrigorrezkoak dituen birplanteamendu berriak, Bizkaiko Bildotsaren, Euskal Herriko esnearen, Artadi bodegaren edo Errigora proiektuaren esku utziko ditu politika ofizialak? Eta, beharbada, proiektu horiek merkatuan duten erantzuna ikusi ondoren hasiko da mugitzen eta ofizialtasunetik kopiatzen? Bitartean, administrazio ofizialeko hainbat departamentuk betiko gauzak betiko moduan egiten jarraituko du. Izan ere, aspaldian Euskal Herriko lehen sektorea autobideetan dauden abiadura moteltzeko erreien antzeko batean sartuta dago.
Eta, bitartean, inkoherentziak hor jarraituko du. Politika egiteko jarrita dauden entitateek ez dute politikarik egingo, eta politika egitea, komertzialki bada ere, oraingoan Errioxako upategi bati suertatu zaio. Hori da larria; seguruenik, zaharkiturik dagoen politika baten etsenplu izango dira horrelako jarduerak. Politika zaharra, kasu askotan, politika ez egitean eta erabaki berririk ez hartzean sostengatzen baita, hau da, betiko moduan jardutean, ezer aldatu gabe.
Bizkaiko bildotsetik Arabako ardora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu