Udaberri honetan 85 urte betetzen dira 1937an faxismoa Bizkaian sartu zenetik. Gerra bat ekarri ziguten, eta, horrekin, errepresioa, asimilazio saiakera bortitza eta, beste behin ere, gure herriaren ukazioa. Faxismo horren aurrean, gerraren aurrean, herri baketsu hau kapaza izan zen antolaketa herritarra eta erresistentzia ariketa erraldoi bat egiteko. Auzolanean, instituzioetatik, lantokietan, elkartasunez, eremu guztietan antolatuz... Ekainean Bizkaia erori zen, eta, tartean, Europan zibilen aurka emandako lehenengo bonbardaketak jasan genituen Otxandion, Durangon, Gernikan eta Bizkaiko beste hainbat herritan. Basakeriaren aurrean gure herriaren askatasunaren alde eta faxismoaren aurka borrokatu ziren bizkaitar asko hil zituzten udaberri hartan.
Ahaztu ezin ditugun gertakari haietatik, errauts haietatik, etenik izan ez duen hari borrokalari bat egon da; gaur arte etenik izan ez duena eta gure lurraldean isla izaten jarraitzen duena. Jakin izan dugu berriz altxatzen eta borroka era ezberdinetan lantzen askatasunerako bidean. Gaurko errealitateari begiratuta, Bizkaia borroka subjektu izan da, kokaleku soila barik. Ezinezkoa zaigu gure herriaren atzoko, gaurko eta biharko jarduna ulertzea etorkinen meatzeko izerdirik gabe; Ezkerraldeko Labe Garaien borrokarik gabe; Lemoizko zentral nuklearraren aurkako edo Erandioko kutsaduraren kontrako protesta barik; Basauriko 11 emakumeak; Bandas; Euskalduna; sare pelagikoen aurkako borroka portuetan... Gertaera horiek, eta askoz gehiagok, zentzu osoa ematen diete gaurko mugimendu feministaren hedapenari, pentsiodunen erresistentziari, osasun sistema publikoaren defentsari, langileen eskubideen aldarrikapenei, mugimendu ekologistaren ekarpenei edota gazte mugimenduen borrokei. Argi dago ez garela zerotik abiatzen.
Badaukagu nondik ikasi, geure burua edukiz janzteko eta garaiko erremintekin eraberritzeko. Nondik gatozen, non gauden eta, batez ere, etenik gabeko hari horrek nora eramango gaituen marrazten jarriko gara. Sufritzen badakigu, historiak hainbat aldiz erakutsi duen bezala. Baina ez dugu etsitzen; izan, bagarelako mila eta bat aldiz altxatzen dakigunak. Nondik gatozen badakigu, eta hainbat borrokaren lurraldea izateak itxaropentsuak egiten gaitu. Gaur egun ere, herri sektore borrokalari ugari daudelako eta askotan lortutako garaipen txiki zein handi horiek lortu direlako, badaukagu garaipenen ortzi-mugak eskaintzeko aukera; umil eta abegitsu. Aitortzarik barik joan ziren haiengatik gaude gu hemen, puntada berri bat emateko.
Bizkaia Hari Gorria udaberri honetan jaio den dinamika herritarra da. 85. urteurren honen efemerideen bueltan, gure herria askatasunera eraman nahi dugun Bizkaiko eskualdeetako begietatik abiatu dena. Memoria etorkizunerako lanabes gisa landu eta borroka ezberdinen haria helduleku izango duena. Dinamika bizkaitarra, gorria, bizia, indartsua, alaia, kolektiboa. Lehenago ere faxismoaren aurrean zutitu ziren pertsonengandik ikasi eta gaurko eskuin muturrak dakartzan gorroto ideien aurrean, pertsonen, komunitateen edota herrien emantzipazioan gauden gehiengo zabalarentzat sortua.
Gure lurraldea ezin da egun ulertu etenik gabeko hari hura aintzat hartu gabe. Eta, era berean, borroka-hari horretan murgilduta egon diren izena eta izana dutenen ekarpenik gabe.Nolako Bizkaia izango genuke egun, Esteban Urkiaga, Polixene Trabudua, Eli Gallastegi, Jule Gabilondo, Lezo Urreiztieta, Dolores Ibarruri, Jose Antonio Agirre, Maurizia Aldaiturriaga, Gabriel Aresti, Izaskun Larreategi, Periko Solabarria, edo ahanzturan diren ehundaka bizkaitarren borrokari esker izan ez balitz?
Udaberrian zehar, hari gorri honek askotariko txoko, herri eta eremuetan isla izango du hitzaldi, erakusketa, ibilbide historiko eta ekimen ezberdinetan. Hitzordurik garrantzitsuena ekainaren 18an izango dugu, larunbatarekin, Bilbon. Data gorde, izango garena gure esku dagoela ohartzeko plaza izango baita. Ez da soilik mobilizazio bat izango: lanketa honen isla izango da, aldarrikapena eta alaitasuna batuko dituena. Ekainaren 19a Bilboren erorketaren efemeridea da, eta bezperan erakutsiko dugu Bizkaiak segitzen duela borroken lurralde eta subjektu izaten, Oskorrik Aresti abestu zuen bezala, gariz eta burdinaz lantzeko Bizkaia.
Bizkaia Hari Gorria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu