Bizitzaren alde, berriro, jubilatuok kalera

2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Alain Krivine lagun zaharrak esan berri du 68ko belaunaldia fisikoki zein politikoki hila dagoela, baina bere horretan irauten dutenek badutela oraindik borrokan jarraitzeko grinarik, baita belaunaldi berriekin txertatzeko zioa ere. Bat egiten dut iritzi horrekin.

Orain dela urte bi zendu zen Stephen Hawking-ek askotan adierazi zuen ez ziola beldurrik herioari; alabaina, bizitzea merezi zuela eta ez zuela presarik hiltzeko.

Irakurle arruntek, segur aski, Krivine eta Hawking-en artean ez dute antzemango loturarik edo antzekotasun handirik. Bata, gauchista petoa, 68ko Parisko maiatzean bere une loriatsuena bizitakoa, eta ondorengo borroka internazionalistaren eremu gutxituan askorentzat ispilu izandakoa; bestea, arrakasta handiko zientzialaria, denboraren joan-etorrian fisikoki ahultzen zihoan heinean, intelektualki handitzen joan zena, mundu osoa aho bete hortz utziz.

Biak ala biak Prometeoren oinordekoak, iraultzaile petoak fisikan zein politikan. Unibertsoa zein mundua beste modu batera ulertzera engaiatuak, eta egoera okerrenean ere bizitzea merezi duela sinesgarri egin dutenak.

Krivinek bere bizitza osoan denbora gutxi egin du kartzelan; halaz ere, bizitza osoa ziega ilunetan gatibu izan zen August Blanqui-ren oinordekotzat du bere burua. Hawking-i gorputza bihurtu zitzaion kartzela. Batak zein besteak adimen irudimentsuari esker gainditu zituzten ezintasunaren mugak, gizaki askeak bihurtuz.

Biak ateoak, gainera. Bata, marxistamaterialista; bestea, «ez dago zerurik edo beste bizitzarik ordenagailu apurtuentzat» adierazi zuen zientzialaria.

Biak ere gizarte justuago baten aldekoak. Communard iraultzailea, Parisko Komunaren eta Manifestu komunista-ren jarraitzailea bata; bestea, «denek izan dezakete luxuz beteriko bizitza bat makinek sorturiko aberastasuna banatzen bada, edo gehienek miseria gorrian amai dezakete makinen jabeek lortzen badute aberastasunaren banaketa zapuztea», halako manifestu iraultzailea egiteko gai izan zena.

Eta egunotan heriotzatik bizitzatik baino hurbilago gauden milaka eta milaka jubilatu kalera aterako gara gaur, abenduaren 5ean, Toledoko Itunaren alde kezkagarrien aurka, bizi garen artean duintasunez bizi nahi dugula adieraziz.

Gora gu eta gutarrak, jubilatu martxosoak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.