Bizitza vs aurrekontuak

2016ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Azkeneko asteetan Nafarroako aurrekontuak onartu dira eta EAJk esan du martxoaren amaiera aldera EAEkoak bideratu daitezkeela. Aurreko abenduaren 16an Labriten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Nafarroako Parlamentu Sozialak onartu berri den kontu publikoen legearen inguruan antolatutako batzarrean adierazi zenez, Nafarroako aldaketa instituzionalak aldaketa soziala bermatu behar du. Aldaketa handiagoa eta sozialagoa aldarrikatu zen. Guk aldaketa feministagoa nahi dugula gehitzen diogu, alegia, emakume eta gizonen arteko botere harremanak sustraitik eraldatuko dituena, eta aberastasunaren banaketa erdietsiko dituena. Mugimendu soziosindikala aldaketaren bide hori bultzatu eta babesteko prest dago, erregimenak mantentzen dituen botereguneen jakitun. EAJren politika neoliberalak ezagututa (eta pairatuta), bestalde, kapitalarentzat zerga gutxi eta gizarte politikak kaltetuko dituzten murrizketak iragartzen dituzte EAEko aurrekontuek.

Bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazkan, beraz, kapitalaren aldeko indar korrelazioak dirau. Sistema ekonomiko kapitalista hau biozida da, kapitala pilatzeko mekanismoek zuzenean erasotzen dietelako bizitza iraunarazteko prozesuei, esaterako: natur baliabideak birsortzeko zikloak, pertsonen behar erreproduktibo eta afektiboak asetzeko jarduerak, gehiengoaren behar materialak betetzeko baliabideak eta abar. Mehatxupean dagoen bizitzari, orduan, emakumeek etxeetan musutruk egiten dugun ezkutuko lan prekarioarekin ematen zaio irtenbide. Jendarteak zaintza zor neurgaitza dauka emakumeekin. Are gehiago krisiaren aitzakiapean egindako murrizketen aroan: Zeinek hartu ditu estatuak alde batera utzitako ardurak? Non zaintzen dira ospitaleko oheak azkar husteko etxera bidalitako pertsonak?

Aurrekontuak diseinatzen direnean, ekonomiaren ikuspegi ortodoxoa nagusitzen da. Horrek ulertzen du enpresa jarduera dela aberastasuna sortzen duen bakarra, soilik merkatuarekin zerikusia daukana. Kezkaz begiratzen diogu 2008ko gurutzada neoliberalarekin instituzio publikoek eskumen politikoak galdu izanari. Horrek azaltzen du erakundeek «hala bedi» esan izana enpresen etekinak puzteko osasun edo hezkuntzaren inbertsioa jaitsi edota langileen lan baldintzak okertu behar izan direnean.

Zenbakiak ez dira neutroak, ogasuna eta kontu publikoak jendartearen hierarkiekin erabat lotuta daude. Aurrekontuen legea gobernu baten politika eta hitzen gorputza da, tresna arautzaile nagusia. Jendartearen egiturazko eraldaketarako lanabes aparta, beraz. Horregatik, premiazkoa da aurrekontu eta politika fiskal eta sozialen aldaketa bultzatzea: murrizketak amaitu, ondasunen birbanaketan sakontzeko politika fiskal justu eta progresiboa, sektore sozial estrategikoak bermatzeko zerbitzu publiko propioak garatzea, langabezia eta prekaritateari erantzuteko prestazio sozialak handitzea, edota menpekotasun egoerei erantzuteko politikak garatzea.

Botere publikoek interes komunitarioa (herritarron gehiengoarena) bermatu beharko lukete eta ez interes pribatua. Jarduera ekonomikoa pertsonen zerbitzura jarri behar da. Erakundeen ardura da diskriminazio sozialei mugak jarri eta berdintasun erreal-erradikala ezartzea ere, langileok, emakumeok, migranteok, gazteok, zaharrok, transexualok, heteroarauetatik at bizi garenok, aniztasun sexuala dugunok... eskubide osoz bizi gaitezen, behingoagatik.

Begiratu diezaiogun orain genero bereizkeriari. Oraindik, nahita begiak ixten dituenak soilik uka dezake sistema kapitalistak oinarri sexuatua daukala, emakumeok eremu guztietan dugun zapalkuntzan oinarritzen dela, kapitalaren etekinen eta gizonen ongizatearen mesedetan. Egiturazko bazterketa horri aurre egiteko aurrekontuek transbertsalki genero ikuspegia txertatu behar dute arlo guztietan. Berdintasunaren aldeko diskurtso politikoki zuzenarekin ez du balio. Intentzioek diru partida, bitarteko eta errealitatearen analisi zuzen bat eskatzen dute.

Aurrekontuak egiteko garaian, ezinbestekoa da emakumeon hitza kontuan hartzea, emakumeon parte-hartzea sustatzeko bitartekoak eskainiz. Ondoren, emakumeen beharrak aintzat hartu eta horiek betetzeko neurriak sortu behar dira eremuz eremu: hirigintzan eta landa eremuan, etxebizitzan, osasunean, enplegu eta garapen ekonomiko politiketan, kulturan, eta abarretan. Genero desorekak amaitzeko proiektu integralak behar ditugu, administrazio sailen isolamendua gaindituko dutenak. Norabide anitzetan eragin beharko dute, eta errezeta konplexuak aplikatu, emakumeon errealitatea askotarikoa baita.

Emakumeen ahalduntzea eta jardun feminista indartzea, genero sentsibilizazio eta formakuntza sail guztietan, indarkeria sexista prebenitu eta deuseztatzeko bitartekoak, hezkidetza, edota emakumeak ekonomikoki autonomoak izateko bideratutako neurriak dira gakoetako batzuk. Horrek guztiak genero ikuspegiz egindako diagnostiko, adierazle, ebaluazio irizpide eta jarraipena eskatzen du, noski. Amaitzeko, pertsonen erreprodukzio ardura bere gain hartu behar dute instituzioek, kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak sortuz, zainduta izateko eskubideak eta zaintzaileen lan baldintza duinak bermatuz. Zaintzaren kolektibizazioan sakontzeko sare komunitarioak indartzeko politikak ere beharko ditugu.

Aberastasuna beste modu batean banatu daiteke, beste politika publiko batzuk egin daitezke, borondate politiko kontua da: helburu ekonomikoei konpromiso soziala gainjartzekoa. Bide horretan, gure errezetaren osagai nagusia herritarron boteretzea, antolatzea eta mobilizazioa dira. Emakumeon interesak defendatuko dituen Mugimendu Feminista indartsua artikulatzea, Mugimendu Soziosindikalaren aliantzak, elkarlana eta batera jotzea. Esaera zahar batek dioen moduan, izan daitezen hemengo irrintzi askeak han oihartzun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.