Bizitza sei letratan

2014ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Hiru urte datoz Bittor Kapanaga, Otxandioko jakintsua joan zitzaigunetik, eta hainbat euskaltzale, hizkuntzalari, euskaltzain, eta beren ezagun eta adiskide elkartu izan gara urte hauetan bere ondarea zabaltzeko asmoz. Bittor hil ostean, orain eta geroan oso interesgarri suertatu dakizkigukeen 10 karpeta bete idazki laga zizkigun: saiakerak, gutunak, hizkuntza lanak, olerkiak, ipuinak... horiek egokitzea eta argitaratzea izango da ekimenaren helburu nagusia.

Berak esandakoaz baliatuko naiz. Kapanagarentzat, oraina etorkizunari begira garatzeko, iragana ikuskatzea derrigorrezkoa zen. Eta uneko gaietan iragana izango zuen aztergai. «Asmakizun orok beti erroetara joan beharra du» zioen. Kanpotik, azal hutsean bizi garen garai hauetan, Bittor oinarriak aztertzen zebilen. «Hizkuntza bakoitzak bere mezua darama barnean eta euskerak gauza askoren mezuak ekartzen dizkigu, euren artean pentsakerari eta erligioari buruz. Noraino erabiltzen ote ditugu hizkuntzak eramaten dizkigun bideak? Noraino erabili ahal ditugu?»

Bittorrek logika erabiltzen zuen ardatzat eta galdera zuzenentzako erantzun zehatzak zeuzkan. «Ohitura txar asko dagoela uste dut eta hauen artean esan beharra dut irendu egiten gaituela gaurko sistemak». «Pasatzen da, beste hizkuntza zaharren artean oso modernoa dan latinak, asmatu behar eta… asmatu zuten hau, hemendik datorrela eta kitto. Behin diskutitu ere egin nuen eta esan nuen… Como sois capaces de decir que la nieta ha parido a la abuela».

«Badira dana euskeratik datorrela esaten dutenak ere. Apologetak. Gaurko euskeratik hartu eta hala, peninsulan zehar agertzen dan oro euskeratik datorrela diotenak. Halako astakeriak ere esaten dira. Purismo kastrante bihurtu zaigunak ere ikaragarrizko mina egin digu». «(barrezka) Gaurko sisteman, explikazorik onena zera liteke: meteoro baten ondoria dela euskera, eta arkakuxoak eta perretxikoak bezalaxe sortu zela».

«Hor, bien artean ibili beharra dago. Ezin daiteke guk asmatuta esan, ezta ezin daiteke beste batzuek asmatutakoa egiatzat dauden gezurrak ontzat hartu. Gauzak berrikusteko eta egiatzat dauden gezur sakratuak gezurtzat salatzeko edo gezurtzat dauden egi gordinak egiaztatzeko materia daukagu».

Aipamen interesgarriren jabe dugu Bittor. «Bakoitzaren sentimendu erligiosoak errespetatzen ditut», zioen, «danenak, baina zientifikoki gauza bat ikusi behar denean, uste dut zientzia hartu behar dela bidetzat eta ez sineskerak edo iritziak. Gauzak sinestea oso polita da baina barruak onartu behar du».

«Euskerak erakusten digu erlijioaren karga oraintxearte bizi izan dala. Nik uste dut euskal erlijioa jatorriz naturalezaren inguruan datorkigula, elukubrazioak egin barik, logika hutsez aztertu behar da. Hizkuntzari dagokionez, ohiturari dagokionez, guztietan logika erabili behar da». «Erlijio guztiak mezu bat darama bere herriarendako. Eta gu, nondik gatoz? Hor dago gakoa!».

Oraintsuko elkarrizketa baten, gaur egungo Franzisko Aita Santuari iraultzailetzat hartzen ote duen bere burua galdetzen zioten, eta honako hauek beronen erantzunak: «Benetako iraultza erroetara joatea da eta gaurko globalizazioaren aurrean, nortasun kulturalaren garrantzia azpimarratu beharra dugu. Aldaketa nabarmenak egiteko modurik egokienak sakoneko identitatetik datoz, bizitzan ezin da urrats bat bera ere egin atzetik ez bada, nondik natorren, zein abizen daukadan, zein abizen kultural edota erlijiosoa jakin gabe».

Hil aurreko hilabetean itaundu nion:

—Zer Bittor, burutuko dogu ala?

—Burutzen ari gara.

Eta handik lasterrera:

—Non gagoz Bittor?

—Hemen gagoz, sopas en la mano y hablando castellano.

—Nora goaz Bittor?

—Bagenki! inteligentzia pazientziaren ama da, eta hain dago gitxi. Zentzua aldatu beharra dago. Non gagozan ez konturatzea… grabea da. Benetan zer nahi dogun ez jakitea, grabeagoa da.

—Nork, Noiz eta Zelan aldatu daikegu hau?

—Nork? Geuk. Noiz? Momentu guztiak dira aprobetxagarriak. Zelan? Burua hotz eta hankak ibilian.

—Nor gara Bittor?

—Izandako belaunaldi baten irlatxo bat, haien ondorengoen arlo bat.

—Zer dugu?

—Adar eta mezu ugari dituen erroa. Balio unibertsaleko fenomeno bat. Erro horien mezuak aztertzea eta interpretatzea dagokigu. Nahiz eta irentasun asko dagoen.

Gure galderei erantzun zehatzak botatzen zizkien. Aspaldi bateko pentsakeraren euskal senari lotua egon izan den arketipoa genuen Bittor. Carlos Castañeda antropologoak hain ondo deskribatutako Juan amerikar yaqui Indioaren antzeko azti pentsalaria zen guretzat Bittor. Euskeraren erraietan eta izatasunean murgildu zena eta hitzen esanahiak maixutasunez irakatsi zizkiguna. Bittorren ustetan gizarte patriarkaletik matriarkalera pasatako arrastoetan ari gara. ARetik URerako joanean. AR (Arra). UR(emea): urruza. Aldaketa honen sakontasuna neurtzeko denbora beharko da eta bildurra ere eman diezaguke, zioen.

«Hitz askok arrastre bat izan zuten matriarkadutik patriarkadura?». Bittorrentzat hitzen morfologiaren azterketak erantzun asko eta asko eman diezazkiguke. Euskeran, ahoz aho jasotako hizkuntza izanik, agertutako idatzietatik haragora joan beharra dago, hitzen erroak aztertzera eta bestetik, euskeran idatzitako lehen textuak apaizen eskuetatik datozkigula eta, honek iritzi edo norabide zuzen bat izan zezakeenez, bere mugak izan ditzake».

«Biblia bera, noizbait idatzi zan, gure txikitan Jainkoak idatzi zuelaesaten ziguten. Hebreotarren historia dela? Gehiena bai baina. Genesisa suposatzen da nunbaitetik hartua zutela. Caldeo, Sumerioak… Har dezagun bibliak dinoena, baina Biblia bera aztertu beharko genuke. Genesian agertzen da Noe, eta haren semeak, Sem, Can eta Jafet… Eta Semen semeak: Arfaxat, Lud, Aram...».

Eta Ur eguzkiari emandako izena ere izan zitekeela eta Urte (eguzkiaren ziklo bat). Urartioen inperioa hedatuz joan zela, eta Eguk denen gainetik zegoen Jainko zentzua zuela argitzen zigun, halaxe, orduak eta orduak pasa zezakeen Bittorrek guzti hau aztertu nahian.

Otxandioko jakintsu edo aztiari askok eta askok Sokrates ere deitu izan diogu, Filosofo gutxi izango da munduan gizakion bizitza 6 letretan laburtzeko gai denik. Bittor Kapanagak horrela laburtu zuen:

«iz, in, il. Iz: izatea, In: egitea, Il: hiltzea». Hizkuntza, ibilian dabilen harria da, darabilguna eta garabiltzana.

Bittor Kapanaga hil zeneko III. urteurrenean, haren figura eta obra gogoan, datorren zapatuan, uztailak 12, bere izenaz eta esanaz baliatu izan garen bertsolari eta kantariok, bertsoaldi eta kantaldi ederra eskeiniko dugu Otxandion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.