Halaxe esan zidan gure amari buruz bere medikuak: «Ez da bizitza duina». Gure amak iktusa izan zuen duela ia lau urte, 2021eko uztailaren 8an. Berbea guztiz galdu, guztiz elbarri geratu eta zunda nasogastrikoaren bidez elikatzen nuen. Istriputik urte erdira edo, ahotik jateko gogoa zuela ikusi, ahotik jateko gauza zela ikusi, eta ahotik gelatina ematen hasi nintzaion. Urtebetera, hamar eguneko tartean zunda kendu eta ahotik bakarrik elikatu nuen (ahia, pureak, gelatina), analitika itzel, baina dagoeneko berandu zen horretarako, eztulka hasten zen irentsi ezinda, batez ere medikazioa espesanteaz loditutako uretan urtuta edo ematerakoan. Ia lau urtean itsu-itsuka ibili naiz, laguntza mediku gutxi-gutxirekin, sedazioa eta heriotza baino ez beti plater gainean.
Gure amaren bizitzak duina izateari utzi zion iktusa izan zuenetik? Ala lehenago, duela hogei urte dementziaren sintomekin hasi zenean utzi zion duina izateari? Zer da bizitza duina izatea? Jaiotzatiko gaixotasunagatik edo elbarritasunagatik euren bizitza osoan dependiente izango direnek ez dute bizitza duinik?
Zergatik ez zioten gure amari iktus kodea ezarri? Iktusa gertatzean Gurutzetako larrialdietan goizeko zortziak baino lehen egonda, orduantxe eskanerra egin ziotenean, ez zuela ezer larririk esan zidaten. Eguerdiko hamabietan agertu zitzaigun neurologoa iktus txiki bat izan zuela eta iktus kodea ezarriko ziotela esaten. Zerbait eman zioten. Baina konortea guztiz galduta Gorlizko Ospitalera bidali zutenean, amari ez ziotela iktus kodea ezarri esan zidaten. Zergatik ez zioten gure amari iktus kodea ezarri? Ezagutzen ditut tratamendu hori hartu eta galdutakoa berehala berreskuratu dutenak. Gure amak iktusa baino arinago zentzuz eta ederto baten egiten zuen berba eta guztiz berbalduna zen, etxean oinez bera bakarrik ibiltzen zen, bera bakarrik janzten zen, berak bakarrik jaten zuen eta ez zuen irensteko ezelako arazorik, karta jokoan nik baino hobeto egiten zuen… Zergatik erabaki zuten berari iktus kodea ez ezartzea eta guztiz elbarri uztea? Eta zergatik, horrela egitea erabaki zutenek haren bizitzaren alde egin behar zela esan, haien osteko guztiek heriotzaren irtenbidea baino ez emateko?
Medikuak ekin eta ekin egiten zidan: «Ezin badizu berbarik egin!». Eta nik amak berba begiekin egiten zidala esaten nion, beti neurekin egon nahi zuela esaten zidala, ez zuela inoiz nigandik aldendu gura. Gure ama nire ahotsa entzunez guztiz lasaitzen zen, gustu-gustura egoten zen niri entzuten, edo kantu eder asko elkarrekin entzuten genituenean. Eta lo ere ederto egiten genuen elkarren ondoan. Elkarrekin bizi izan ditugun minutu guztiak gutxi izan dira amatxuri «nire kutuntxue zara» esateko, ama besarkatzeko, amari musuak emateko… Baina honelako kontuak ulertezinak izaten hasi dira nor gehiagoko gizarte guztiz materialista honetan, ezindu, makal eta ahularen guztiz baztertzailea den gizarte honetan.
Beste mediku batek esan zidan «el tremendo vínculo», ama eta bion arteko lotura hain estua gaitzetsiz. Eta neuk ere medikua izan barik dakit amaren bizitza luzatu duena gure arteko lotura hain estu hori izan dela, erabili eta botako gizarte honetan guztiz ulertezina izaten hasi dena.
Funerariakoek amak heriotza orduan zeraman pijama zaramara bota zutela esan zidatenean, zurtz eginda eta guztiz atsekabetuta geratu nintzen. Ez nien esan halakorik ez egiteko, halakorik egingo zutela inoiz otu ere ez zitzaidalako egingo. Neuk oparitu nion pijama polit-polita zen, eta hori baino askoz garrantzitsuago, bere azken orduan erabili zuen arropa horrekin betiko geratzeko beharrizan itzel-itzela nuela.
Medikuek jakingo dute lotura estuen jatorria genetikoa ote den. Euskal Herrian amarengandik aldendu ezin izan direnak euren jaiotetxean (esaterako, baserrian) geratu izan dira, gurean hala gertatu da behintzat. Eta lotura estu horrek bermatu du elkar behar handiko giro horretan ama hizkuntza izan den euskararen iraupena ere. Gure amaren ama, amama Klaudia, neskame egon zen Bilbon andre aberats baten etxean (bere amak, gure birramama Ambrosiak, berea ez den buruko orraztxu bat aurkituz gero ere ugazaba andreari emateko aholkua emanda joan zen, erdara ere ikasteko). Gazte-gaztetatik alargundutako ama bisitan joaten zitzaionean, Klaudia alaba negarrez hasten ei zitzaion. Orduan Ambrosiak alabari itauntzen zion: «Ez zagoz pozik ala, Klauditxu?». Eta alabak erantzuten zion: «Ni pozik nago, ama, baina zu ikusi eta negarrak urtetan dost». Bai, jakina, Klauditxuk etxera itzuli behar izan zuen, eta jaiotetxea zuen baserrira ezkondu zen, herkidea zuen eta ezkondu baino lehen Ameriketan artzain egon zen gure aitite Antoniorekin. (Klauditxuren neba biak, bata abadea eta bestea fraidea ziren, bere ahizpa biak ezkongabe geratu ziren, bata etxean eta bestea hur-hurrean neskame lehengusu abadearekin). Baserria utzi zutenek gehienetan euskara ere utzi zuten. Ameriketan zein Bilbon guztiz aberastu ziren batzuk. Bilbon guztiz aberastu zirenen artean euskara guztiz utzi (ez hori Ameriketan), euren jatorriari eta abizen euskaldunari uko egin eta abizena erdarara (espainierara) itzuli zutenena ere ondo dakit.
Eta zein da bizitza duinagoa, guztiz elbarri dagoen emakumearena, ala horrela dagoen emazteari inutila dela oihukatzen dion gizonarena?
Duina da gizakiaren esplotazioa dirua egiteko edo kirol markak hausteko? Duina da norgehiagoka eta lehiaketa hutsa den bizitza? Zein da benetako tragedia, Athleticek partidua galtzea ala euskaldunok gure hizkuntza galtzea? Ba, futbol partidua galtzea asko eta askorentzat guztiz etsigarria den bitartean, gure hizkuntza galtzeak gehiengoari bost axola dio. Halaxe entzun nion bati, euskara bere arbasoen hizkuntza izan zela, baina bere hizkuntzak espainiera eta ingelesa direla. Eta aitortu ez arren, zoritxarrez, horixe dugu gehiengoaren errealitatea Hego Euskal Herrian (Kutxabankeko buru Anton Arriolak ere euskara den oztopoaz esan du), eta Ipar Euskal Herrian euskararen transmisioa are galduago dago.
Bizitza duina daukagu, gudu den mundua mugitzen dutenak dirua eta borregismoa direla?