Bizitza bakoitzaren prezioa

2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Zein garai goxoa uda! Trasteak hartu, maletan sartu eta deskantsatzera joateko unea iristeko irrikan pasatzen dugu urtea. Zoriontasunez betetzen naiz neure burua irudikatzen dudanean Mediterraneo itsasoko hondartzetako txiringitoetan garagardo fresko bat hartzen; edo etxetik gertuago geratuta, Landetako kanpin lasai batean liburu on bat irakurtzen pinudien azpian etzanda. Baita bidaiatu nahi ez badut ere, gure kostaldean geratuta, eta turistifikazioak baimentzen badu, sardinak eta txakolina itsasertzean hartzen. Oporrak beti merezi ditugu, baina bereziki orain, urte latzak igaro baititugu azkenaldi honetan eta deskonektatzeko eta zoriontsu izateko unea iritsi zaigu behingoz. Guztiz zilegi da (baita justua ere) leku batetik bestera bidaiatu ahal izatea, lanari, kezkei, inflazioari eta fakturei ihes egiteko, merezi dugun deskonexio hori eskainiko digun lekurik hoberenaren bila. Baina ironikoa bada ere,guretzat txango soil bat dena pertsona askorentzat heriotzara eraman dezakeen bide bat da.

Izan ere, Cadizeko hondartza batean eguzkia hartzen dugun bitartean, gure orkatilak laztantzen dituen ur fresko bera sarraski baten lekuko izan da. Migration Data Portal proiektuaren arabera, 2014tik aurtengo apirilera bitartean erregistratutako migratzaileen heriotza gehienak Mediterraneo itsasoan gertatu dira, eta ia 23.900 heriotza edo desagerpen dokumentatu dira. Izen-abizenak, familia, ametsak eta itxaropenak zituzten 23.900 pertsona. Cadizeko hondartza batean eguzkia inoiz hartu ezingo duten 23.900 pertsona.

Baina oporraldi honetan ez gara hain urrun joan behar gozatzera. Bainujantzia, eguzkitako krema eta toalla motxilan dugula kotxea edo trena hartu eta Bidasoa ibaia minutu gutxi batzuetan zeharkatu dezakegu Hendaiako hondartzan surfean aritzeko. Bidasoa ibai horrek berak urte eta erdi pasatxoan bost bizitza irentsi ditu. Yaya Karamoko, Abdoulaye Coulibaly, Ibrahim Diallo, Abderrman Bas, eta izen ezezaguna duen gazte bat bizia arriskatzera (eta hiltzera) behartu zituzten mugako kontrol arrazista eta ilegalek. Bost mutil horiek ezin izango dute inoiz surfean aritu.

Asko mugitu nahi ez badugu, Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean gera gaitezke eta gure hondartzez eta etxeko gastronomiaz gozatu, izango dugun pribilegioaz jabetu barik. Bitartean, milaka pertsona giltzapetuta egongo dira etxe barruan kalera irtetera ausartzen ez direlako ezinbestekoa ez bada, arraza-estereotipoen arabera egiten diren sarekada arrazisten beldur. Pertsona horientzat oporrik ez dago, beldurra baita nagusi haien bizitzan. Edozein unetan atxilotu, Atzerritarren Barneratze Zentro (CIE) batean sartu eta kanporatu ditzakete.

Nola izan daiteke posible puntu geografiko berberetan esperientzia hain desberdinak bizitzea? Zergatik gutako edozeinentzat plazer-bidaia edo ibilaldi atsegina denak beste batzuentzat heriotza-arriskua ekar dezake? Ba al du zentzurik bakoitzaren itxurak edo jatorriak norberaren bizitzaren balioa horrela baldintzatzeak? Egia esan, azken galdera horretan dago gakoa: zenbat balio du bizitza batek; zein bizitza dira baztergarriak eta zein ez. Are gehiago, zein bizitza sakrifikatu behar dira gainerakook gure pribilegioak mantendu ahal izateko.

Melillako tragediak agendan jarri du immigrazioaren gaia uda honetan, eta, berriz ere, giza bizitza batzuek guretzat duten balio eskasa erakutsi du: telebistan ikusten dugu sarraskia, gutako batzuk eskandalizatu egiten gara pixka bat, Fernando Grande-Marlaskak gezurra esaten du, Pedro Sanchezek dio sentitzen duela «baina...», eskuin muturra eztabaidaren markoaz elikatzen da, eta akabo, beste gai batera. Bitartean, mugetan, jendeak hiltzen jarraituko du.

Gobernuek etengabe esango digute ezinezkoa dela mugak beste modu batera kudeatzea, hemen ez dela beste inor sartzen. Esango digute, baita ere, legea une oro betetzen ari direla.

Baina hori guztia gezurra izango da. Mugak kudeatu daitezke giza eskubideak oinarri hartuta, eta hori izan beharko litzateke aukera bakarra. Hemen, errefuxiatu ukrainarren harrera prozesuarekin jada egiaztatu dugu boteretsuek nahi dutenak sar daitezkeela, horri (behar den bezala) modu arin eta eraginkorrean heldu baitzaio. Eta legea betetzen delako baieztapena oso eztabaidagarria da: pertsona guztiek dute Europan asiloa eskatzeko eskubidea, baina nola egingo dute hori muga zeharkatzea galarazten bazaie? Edo are okerrago, nola egingo dute behin gurutzatuta berehala kanporatzen badituzte?

Gobernuek egungo mugen politika onartzen jarraitzen duten bitartean, bide segururik eta legalik ez dagoen bitartean, jendeak hiltzen jarraituko du. Zoritxarrez, heriotza horien prezioa politikoki askoz merkeagoa da haiek salbatzen saiatzearena baino. Oporraldi honetan, behintzat, ez ditzagun ahaztu bidaia batean bizia galdu zutelako atseden hartu ezin izango duten horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.