Bizimodu duin baterako eskubidea eztabaidagai Eusko Legebiltzarrean

Josu Oskoz, Andres Krakenberger eta Miguel Angel Navarro
2022ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Guztira, 22.075 pertsonak babestu dute baldintzarik gabeko oinarrizko errenta bat ezartzeko herri ekinaldi legegilea. Kontuan harturik herri ekinaldi bat sustatzeko behar diren sinadurak halako bi bildu direla, egitasmoa arrakasta erabatekoa izan da mobilizazio eta atxikimendu aldetik. Onartzen badute, hilean 900 euro lirateke 18 urtetik gorako guztientzat, 270 euro 14 urtetik beherakoentzat, eta 450 euro 14tik 17ra bitartekoentzat.

Oso esanguratsua da ezen, hamazazpi autonomia erkidegoen artean, Euskadin planteatu izana lehen aldiz halako ekinaldi bat. Eta, hori esaten dugunean, ohartuta gaude gure erkidegoan dagoela eredurik garatuena eta eskuzabalena, aurrekontu aldetik, pobreziaren kontra borrokatzeko: eredu bat oinarri duena gutxieneko errenta baldintzatu bat, DSBLa (diru sarrerak bermatzeko laguntza), zeina 54.000 etxetara iristen baita gaur egun.

Zergatik erabaki da hain justu hemen beste eredu bat defendatzea, baldintzarik gabeko oinarrizko errentarena alegia, zeinaren helburu nagusia orobat baita pobrezia eta prekaritatea amaiaraztea, diru sari publiko baten bitartez, xede gisa harturik biztanle guztien oinarrizko beharrak beteko direla bermatzea, Eusko Jaurlaritzak modu indibidualean, unibertsalean eta baldintzarik gabe diru bat ordainduta?

Begi bistan dago zergatik, pobreziaren kontra borrokatzeko gaur egungo ereduak 30 urte baino gehiago dituen honetan: baldintzarik gabea, unibertsala eta indibiduala ez den eredu batek sekula ezingo du pobrezia amaiarazi. Eusko Jaurlaritzak pobreziaren eta desberdintasun sozialen inguruan egindako azken inkestaren arabera, pobretzeko arriskuan zeudenen %30ek ez zeukaten modurik diru sarrerak bermatzeko laguntza jasotzeko, eta modua zutenen %34k, berriz, adierazi zuten pobreak zirela hala ere.

Argituz giza eskubideen aldeko elkartekook ezinbestean aitortu behar dugu herri ekinaldi legegile horren sustatzaile guztiek egin duten ahalegina; izugarrizko arrakastaz bete dute ekinaldiaren lehenengo fasea, eta Eusko Legebiltzarrera iritsi da. Orain, lege proposamen gisa tramitatu behar da, hots, Legebiltzarreko Mahaiak egun bat zehaztu behar du Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak eztabaidatu eta bozkatu dezan ea legez onartzen duen edo ez duen onartzen etorkizunean euskal lege bihur dadin.

Alde horretatik, giza eskubideen ikuspegitik heldu nahi diogu eztabaidari, eta hor kokatu nahi dugu ekinaldia onartzeko aukera, gogora ekarrita ezen Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Nazioarteko Itunean —171 estatuk sinatua dute—, 11. artikuluan, esaten dela pertsona guztiek dutela eskubidea «beretzako eta bere familiarentzako egokia izango den bizi maila bat izateko —jan-edanak, janzkiak eta etxebizitza barne—, eta bizi baldintzak etengabe hobetzeko»; horretarako, estatuek «beharrezko neurriak hartu behar dituzte eskubide hori betetzen dela ziurtatzeko [...]».

Bizitzeko eskubideari ahalik eta babesik eta eraginkortasunik handiena emateko bide horrexetan datza bizi maila egoki baterako eskubidearekin duen lotura. Jakina denez, bizitzeko eskubidea giza eskubide funtsezkoa da, eta hura egiatan babestea ezinbestekoa da gainerako giza eskubide guztiak baliatu ahal izateko. Bizitzeko eskubideak garrantzi guztiz erabakigarria du norbanakoentzat eta gizarte osoarentzat, eta errespetatu eta bermatu egin behar da, bereizi gabe bakoitza zer arrazatakoa den, zer sexutakoa, zer jatorri nazional edo sozialetakoa, zer egoera sozioekonomikotakoa, zer adinetakoa...

Bizitzeko eskubidea ez litzateke interpretatu behar modu hertsi batean. NBEko Giza Eskubideen Batzordearen hitzetan, zera da: «Naturala ez den modu batean edo behar baino goizago hiltzea dakarten edo ekar dezaketen ekintzen edo ekintza faltaren menpe ez egoteko eskubidea, eta bizimodu duin batez gozatzekoa» (36. Ohar Orokorra, 2019). Azpimarragarria da, alde horretatik, bizitzeko eskubide funtsezkoak berekin dakarrela ez soilik pertsona guztiek eskubidea izatea bizia modu arbitrarioan ez galtzeko—betebehar negatiboa—, baizik eta orobat eskatzen duela beharrezko neurri egoki guztiak hartzea bizitzeko eskubidea babestu eta segurtatzeko—betebehar positiboa—.

Hala, bizitzeko eskubidea babestu eta bermatzeko bidean, eskumena duten administrazioek huts egin gabe bete behar dituzten obligazioetako bat da gizakiaren duintasunak eskatzen dituen gutxieneko bizi baldintzak sortzea, eta, era berean, ez sortzea eskubide hori zaildu edo eragotziko duen baldintzarik. Bestela esanda, bizitza babesteko betebeharrak berekin dakar, aldi berean, estatuek neurri positiboak hartzea bizimodu duin baterako eskubidea segurtatzeko.

Hain justu hori kontuan hartuta nabarmendu nahi dugu legebiltzarrean erregistratutako herri ekinaldi legegilearen garrantzia, modu orekatu eta bidezko bat baita funtsezko eskubideak hobeto bermatzeko, bereizkeriarik gabe pertsona guztien duintasunak eskatzen dituen gutxieneko bizi baldintzak sortzeko, eta bizi proiektuei heltzeko behar besteko baldintza ekonomikoak bermatzeko ere bai, libertate eta autonomia handiagoz, pertsona guztientzat.

Zenbait azterlanetan, berretsi dute zerga erreforma sakon baten bitartez bideragarria dela pobreziaren atalasearen neurri bereko oinarrizko errenta baldintzagabe bat finantzatzea; erreforma horretan, gizarteko aberatsenek, errentarik eta ondasunik handienekoek, beren alea jarri beharko dute finantzaketa horretarako, beren egiazko aberastasunaren proportzioan ordainduz zergak, besteok egiten dugun bezalaxe.

Bestalde, ez legoke gaizki gertakizunei aurrea hartzea, gauzak gertatu ondoren erreakzionatzen ibili ordez. Aspalditik ohartarazten ari zaizkigu ekonomia robotizatu egingo dela eta horrek izugarri handituko duela langabezia; horrez gainera, aspaldi honetan gero eta jende gehiago dago pobreziaren atalasean, enplegua edukita ere. Horiek guztiak aski arrazoi dira baldintzarik gabeko oinarrizko errenta bat aplikatzea serio aztertzeko.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.