Kike Amonarriz

Bizikidetza linguistikoaz

2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Foro Sozialeko adiskideek bizikidetza demokratikoaz eta berau eraikitzeko askatu beharreko korapiloez hausnartzeko aukera zabaldu dute. Egiten ari diren lan emankor eta garrantzitsuan aletxo bat jarri asmoz, eraikuntza-prozesu horretan, beste elementu askorekin batera, aintzat hartu beharreko bizikidetza linguistikoaz aritu nahi nuke.

Lehenengo eta behin, esan dezagun harreman linguistikoak ez direla hizkuntzen artean gertatzen, hiztunen, hizkuntza-komunitateen eta estatu eta nazioen artean baizik. Bizikidetza linguistikoaz ari garenean, beraz, pertsonen arteko harremanez, eskubide pertsonal eta kolektiboez, politika konkretuez, eta harreman eta egitura politiko-instituzionalez ari gara; pertsona eta giza-antolamendu guztiak ukitzen dituen zerbaiti buruz, alegia.

Euskara da euskaldun egiten gaituena eta Euskal Herriari nortasuna ematen dion elementurik behinena. Hizkuntzaren aldagaia eta beronek suposatzen duen elementu bereizlea aintzat hartu gabe, ezin dira gure historia, nortasun indibidual eta kolektiboak, edo bizi izan ditugun akulturazio zein biziberritze-prozesuak ulertu. Izan ere, estatuetatik bideratutako prozesu homogeneizatzaileen jomuga nagusien artean egon dira hizkuntza gutxituak, eta Euskal Herriko gatazka politiko modernoen azpian ere, euskararen agoniaren eta menpekotasunaren kontzientzia egon da.

Bizikidetzaren helburuak, beraz, ezinbestean barnebildu behar du auzi linguistikoa.

Bizikidetza sendo batek, baita linguistikoak ere, giza-eskubideak aintzat hartuko dituen itun sozio-politiko zabala behar du, euskara bezalako hizkuntza gutxitu bati dagokionez, helburu hauek ere beharko lituzkeena, hiztun guztien eskubide-berdintasuna lortze aldera: euskararen biziraupena bermatzea; euskara erabiltzea ohikoa eta erosoa izan dadin baldintzak sortu eta garatzea —alegia, normalizazioa—; herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta euskara ardatz izango duen komunitate eleanitz bat eratzea, errealitate soziolinguistikoak aintzat harturik.

Hizkuntza normalizazioa edo bizikidetza linguistikoa lortzea, prozesu sozio-politiko konplexua da. Altxa dezagun begirada, eta jar gaitezen etorkizunera begira, belaunaldi bateko ikusmirarekin. Hemendik 30 urtera ere, euskal herritarren artean izango dira beren lehen eta ohiko hizkuntzatzat euskara, gaztelania, frantsesa edo beste hainbat izaten jarraituko dutenak. Denon artean eraikiko dugu herri honen etorkizuna, eta euskararen geroak eta bizikidetzak, gehienen elkartasunezko atxikimendua beharko du, bizikidetzaren hodeiertzean baitaude euskararen biziraupena eta normalizazioa.

Biziberritze-prozesua aitzinatzeko, euskarak babes soziala, instituzionala eta legezkoa izaten jarraitu beharko du, besteak beste, gaztelaniak eta frantsesak, munduko estatu-hizkuntza indartsuenetako bi diren neurrian, hegemonikoak izaten jarraituko dutelako bizitza sozialaren alor askotan, Euskal Herriaren egituratze politikoa bat ala beste izan. Bizikidetza linguistikoa bermatzeko, beronen alde egingo duten estatu-egiturak eta egitura administratiboak beharko dira, bestela, aurrerapen teknologikoek, inteligentzia artifizialaren garapenak, biztanleria-mugimenduek edo globalizazio neoliberalaren ondorioek, hizkuntza hegemonikoen aldeko inertziak indartuko dituztelako.

Bizikidetzak eta hizkuntza-berdintasunak euskararen ezagutza unibertsalizatzea, ikasteko aukera herritar guztiei ziurtatzea eta herritarren engaiamendua eskatzen ditu, elkarren arteko ulermena ziurtatzeko, gutxienez. Eta, euskararentzako arnasgune geografiko eta funtzionalak bermatzea, funtzio formal/informal askotan hizkuntza nagusia izatea eta egungo erabilera-indizeak nabarmen handitzea esparru guztietan.

Memoria, justizia eta erreparazioa ezinbestekotzat jotzen dira bizikidetza oinarri sendotan eraikitzeko. Gauza bera plantea daiteke hizkuntzen kasuan ere. Eta gai askorekin egiten den bezala, gaiarekiko kontzientzia eta atxikimendu soziala landu beharko lirateke, gaiaz eztabaidatu, elkarri entzun eta jendartearen zoru komuna ongarritu. Helburu horrekin, Topalabe taldetik, gure diskurtsoetan bizikidetza, berdintasuna, aniztasuna, erantzukizuna, errespetua edo justizia bezalako kontzeptuak barneratzea proposatu genuen Berrikasi eta berrikusi txostenean.

Aniztasun linguistiko-kulturalaren galera eta hizkuntzen arteko bizikidetza mundu-mailako kezka bilakatzen ari dira, batzuetan, estatuek beraiek ezin dutelako bermatu beren hizkuntzen erabilera —ikus-entzunezkoetan, adibidez—, edo hizkuntza hegemonikoak inposatzen jarraitzen dutelako. Zorionez, Groenlandia, Frantzia edo Zeelanda Berria bezalako lekuetan, hizkuntza gutxituen aldeko mugimendu interesgarriak ari gara ezagutzen. Eta aintzat harturik, helburuak lortzetik urrun bagaude ere, biziberritze prozesuetan dagoen esperientziarik aurreratuenetakoa dela gurea, hau da munduari egin geniezaiokeen ekarpenik ederrenetako bat hizkuntza bizikidetzari dagokionez: herritarren hizkuntza eskubideak eta Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna errespetatuko dituen euskararen biziberritze-prozesu arrakastatsua bermatzea.

OHARRA: Artikulu hau Foro Sozial Iraunkorraren Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala prozesuari eginiko ekarpen bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.