Etiker

Bizikidetza kaltetua sendatzen

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa
2025eko martxoaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez da nahikoa elkarren ondoan bizitzea, bizikidetza hori baino askoz gehiago da. Gure arteko bizikidetza zauritua berrosatu beharrean gaude, giza harremanak hobetzearen eta berritzearen bitartez. Elkarbizitza ezinbesteko betekizun sozial eta etikoa da. Aurrera egin dugu, egia da, bizitza sozialean eta politikoan: gure erakundeak sendotu egin dira eta herritar askok beren konpromisoa erakusten dute gizartearekiko. Baina, era berean, alderdien, sindikatuen eta mota guztietako elkarteen arteko etengabeko salaketa eta irainek zeharo ahultzen dute gure elkarbizitza. Tristea da onartzea, baina adierazten diren hainbat argudio eta arrazoiren azpian, erasoak eta irainak antzematen dira aurkari politikoaren, sozialaren edo norberak bezala pentsatzen ez duenaren kontra. 

Ildo horretan, funtsezkoa da gure herrietako bizikidetzarako oraintsu bizi izandakoari buruzko memoria kritikoa lantzea, baita bizitza pertsonalerako eta sozialerako ere. Argitaratutako azken azterlan eta inkestetan, herritarren bizikidetzari, adiskidetzeari eta balioen galerari buruzko galderen falta sumatzen dugu.  

ETAk indarkeria armatuari uko egitea funtsezko urratsa izan zen bizikidetzarako eta bizitza sozial eta ekonomikoa normalizatzeko, baina oraindik asko dago egiteko, gertatutako guztia kontuan hartuta, egiara, justiziara, biktimei ordaina ematera eta pertsonen arteko adiskidetzera bidean. Sakondu beharra dago biktimekiko oinazean eta jasandako bidegabekerian, baita presoen egoeran ere. Bizikidetza berrosatzeko konpromisoak eta bultzadak, aldi berean, ideia batzuk argi izatea eskatzen du, alderdien zenbait proposamenekin ez nahasteko. ETAren ekintza terroristaren ondorioz eta Estatuaren hainbat ekintza bidegabe zirela-eta, gure herriak bizi izan duen kaltea eta oinazea zintzoki argitzeko beharrezkoak dira egia, justizia, erreparazioa, eta, hala dagokionean, barkamena ere. Era berean, guztiz ezinbestekoa da genero indarkeria doilorraren inguruko arazo sakonari ere irtenbidea ematea.

Bizitza ekonomikoa bizikidetzan

Bizikidetza baketsuari eta adiskidetzeari ekiteko, errealitate ekonomikoa kontuan hartu beharra dago, nahitaez. Zor publikoaren kontrola —horretarako erreforma fiskal egokia behar da, zergen nahikotasuna eta ekarpenen ekitatea bermatuko dituena—, laneko prekaritatea gainditzea, edota sindikatuen eta enpresa erakundeen arteko etengabeko liskarrak ia eguneroko arazoak ditugu. Aitortu behar da, gure artean, pobrezia arriskua Estatuko txikiena dela, baina oraindik ere soldaten arteko alde nabarmenak daude sektore batzuen eta besteen artean. Bestalde, zabalduta dago gure artean carpe diem aldarrikatzen duen joera iheskorra ere, baina egia da, halaber, familia batzuk oso justu iristen direla hilaren azkenera edo lan bila ibili behar izaten dutela bizirik irauteko. Gutxi batzuk gastu itzeletan sartzen diren bitartean, beste askok, nahitaez, austeritateari eutsi behar izaten diote. 

Aitortzekoak dira gure erakunde askoren egonkortasuna eta egiten duten lan positiboa, baina, onartu behar da, aldi berean, norberekoikeria guztiz hedatuta dagoela; pentsamolde indibidualista eta berekoia da gaur nagusi, honako doktrina honekin: «Ni ondo banabil, besteak ere ez dituk hain gaizki ibiliko».

Adiskidetzea pertsonen arlokoa da, pertsonen barrura begiratzen du. Bakegintzak, berriz, batez ere, errealitate sozial eta politikoari begiratzen dio. Horregatik da inoiz baino beharrezkoagoa egiazko prestakuntza, gizakia bizitza irizpideak bere gain hartzera eramango duena.

Horrek guztiak gertatua sakon eta zintzotasunez aztertzea eskatzen du, propaganda alderdikoietan erori gabe. Ez da posible izango adiskidetzea guztion artean egia bilatzeko eta elkarrekin lan egiteko jarrera zintzorik gabe. Adiskidetze prozesua, erabat burutzen ez bada ere, bide eraginkorra eta ezinbestekoa da bizikidetzarako. 

Adiskidetzearen bidean, behar-beharrezkoak dira zenbait betekizun praktiko, hala nola aurkariari entzuteko gaitasuna, amore ematen eta bestearen alde konprometitzen jakitea, proiektu zehatz posible eta egiaztagarriak proposatzea eta beti arrazoi osoa ez dugula jakinaren gainean egotea. Aldaketa erradikalak eskatzea, funtsik gabeko salaketa ideologikoak egitea eta proiektu etereoak aldarrikatzea sobran daude. Norberaren asebetetzea bilatzea arriskutsua da, baina are arriskutsuagoak dira iritzi publikoari iruzur egiten dioten proiektu gauzaezinak. Arrazoi osoz esan izan da zailagoa dela gezur orokor bat gainditzea atomo bat desegitea baino.

Adostasun egonkorrak eraiki behar ditugu, aniztasuna errespetatzen dutenak eta sortzen zaizkigun oztopoak gaindituko dituztenak. Hori da aurrerakoitasuna. Machado zuzen zegoen hau idatzi zuenean: «Oinezko hori, bidea ibiliz egiten da… baina nora joan jakinda. Bestela… alferrik da ibiltzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.