Eman dio burua ispiluari eta baietz deliberatu du, hori dela nahi behar zuen aurpegia. Ondikotz, beti bezain gogor jarraitu du depresioak garunak xarmatzen eta zoratzen buru barnean neguberriko argiak piztu-itzalka. Nolako tristura antolatutako poza eta medikuaren aho alkoholdunak egotzi aholkuak. Paseatu, jendearekilan solastatu, antzinako lagunak gonbidatu, edo deitu behintzat, bazkariren bat antola. Nehork ez omen huts egiten halako proposamena hiri honetan. Medikua bere burua gonbidatzen ari dela hauteman du, eta errukarriak susmoa bermatu du noiznahi deitu ahal izateko txartela eman diolarik.
Buruaz bertze egiteko arriskuan naizela uste ote du medikuak? Aldi bat eman du zakurrari so. Ez dagoela salgai jakinarazi dio segurtasuneko morroiak irribarre gozo bat zintzilik. Eta hausnarraren lehen emaitzak etorri zaizkio. Zer Puppy, beti jesarririk pelikula noiz aldatuko? Nehoiz ez, ergela, beti betikoa ikusterat hago makur malurtua, bai, ipurdia belarretan freskatzea zer den jakin gabe. Ez dakizu badirela zakur libroak? Noiz zutunduko haiz? Ez haiz, ez haiz gauza emakume bat, bat bederen defendatzeko!
Kasildaren parkean eguzki printza ahulduek ahalegindu zaizkio oinetakoen ilustratzen. Zelan edo halan suntsitu behar du Ilunpea. Oraino orritsu ageri diren zuhaitzetarat finkatu ditu begiak. Beheiti adarretarik, egin leku kimu berriei! Haserre, beranteko hostoei zapladaka heldu da ezin konta ahala zuhaitz dituen parkeko onbu bakarrera. Onbu laztana, onbu laztana… Lagunik maitatuena, maitatuena… Dardara batek inarrosi du zuhaitza. Eta neguherriko argiek piztu-itzalka sortzen dioten iluntza gaindituz, Arrazoimen Hunkikorra atxiki diote onbuaren zainek.
Zazpi ahalak akitu ditu histuka has ez dadin burua eusten duen poste gotorrari. Gailurrean Burua, Unamuno! Eternitateak ikus zaitzan. Ondoezik ote dagoen interesatzen zaizkio bi minutuz behin. Begiak itxi eta ezezkoa buruaz. Filosofo handia! Poeta petoa! Salamanticatik etorria emaztekiak iraintzerat. Entzun, poeta, entzun filosofo, entzun sasimaisu, entzun ergel alaena! Arribatu zintuzten Salamanticazaleek salbaien leziatzerat ustez jainko bat zinela, baina oraino ez duzu gure mintzaira egiazko erlisionerat labainarazi. Nehoiz ez du onbuak dardar eginen zureganat.
Larrosa sorta bat eskuan heldu da Hareatzara deusetaz sakon arduratzerat murgildu gabe. Ez alai, baina burujabe. So egon ahal izan du nehork ondoezik dagoen galde, familiakoa duen itaun edo bertsolaria izan zela esplikatu barik. Balendin Enbeitaren bertsoaren zortzi lerroak beretu ditu. Begiak itxi eta bi aldiz kantatu du zortziko nagusia. Bitara murriztu ditu puntuak, Ezaugarria eta Euskal Herria. Larrosa gorriei musu bana emanik paratu du lore sorta bertsolariaren besatxokoan.
Intimitate Hunkikorra txipitasunera itzuli behar genukeela ari zaio Berroeta Aldamar kalea zapaldu duenean. Bigarren zenbakia. Hemen jaio zen… Eskua poltsan sartu, ile multzo bat atera eta kokotsean txertatu du. Ispilu bat ondoren. Ados, hau da, batez be hau da nire aurpegiak behar duena. Hemen jaio zen… Saiatu da, baina plaka hagitz goitua esku musu baten emateko Gabriel Arestiri. Askaotik Sendejara Bilbaon esperantza oso mehar, ilun eta laburra dela erran zuen poetak, baina Albiako lorategietan zabal, nabar eta luzea da esperantzarik eza. Nondik bertzenaz, zerengatik bertzenaz depresio hauek? Sabino, Sabinetxea, Justizia Jauregia.
Euzkotarren aberria Euzkadi dela… Eta bilbotarren aberria Bilbo. Ez naiz etorri lore eskainka, Sabino. Euzkotarrek aski duzue leku bat. Euskaldunok ez dugu aski leku bat. Depresio handiegiak urruntzen gaitu zuenganik. Entzun Balendinen mezua. Hizkuntza dogu herri bateko nortasun Ezaugarria eta Euskarak adierazten du hau dela Euskal Herria. Ken bizar hori Sabino, atxik bertze hau! Eta bizarra bere kokotsetik idokirik Sabinoren kokotsera du jaurtiki. Egitate Hunkikorra. Eta Justizia Jauregiko banderen petik doala, Arestiren kopla ezagun hura kantari ebatzi du ohea egin nahi behar duela. Abian da Iraultza Minimoa.