Birus distopikoari irribarrea

2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Birus batek lortu du sistema totalitarioenek inoiz lortu ez dutena: kaleak hutsik geratzea eta guztiok etxe barruan egotea indarkeria erabili gabe eta gehiengoaren oniritziarekin. Lau horma barruan (kasu anitzetan metro karratu gutxitan) sarrarazi gaituzte hainbat asterako, eta, ondorioz, testuingurua ezin hobea bihurtu da kontrol sozialaren inguruan esperimentatzeko, akuriak izango bagina bezala.

Esan gabe doa konfinamendua egiteko argudio nagusiarekin bat egiten dugula askok, arduraren izenean egiten baita. Sinesgarriak dira mahai gainean jartzen diren osasun arrazoiak, eta jakina, geure senide helduenen egoerak biziki kezkatzen gaitu, are gehiago gaixotasun kronikoren bat badute.

Konfinamendua kudeatzeko prozedurak, jarrerak eta portaerak dira nire kezka nagusietakoa momentu honetan: batetik, instituzio publikoen aldetik eta haien ordenaren funtzionarioen partetik; bestetik, gutako bakoitzaren aldetik, beste hiritarrekin harremanak ditugunean salbuespen egoera honen barruan. Horrelako testuinguru batean arduraren eta obedientziaren arteko mugak lausoak izaten dira, eta susmagarri bihurtzeko arriskua biderkatzen da. Beraz, adi egon beharrean gaude.

Instituzio publikoen prozedurak eta agintarien mezuak aztertzea ezinbestekoa iruditzen zait aipatu arriskuak azkar identifikatzeko. Gure hirietako aterabideetan trafiko kontrolak ezartzeak zentzuzkoa dirudi, baina auzo batzuetan ikusi dugun presentzia polizialari gehiegizkoa deritzot, eta batez ere polizia batzuen jarrera oldarkorrari erosketak egitera joaten den auzokidearekiko. Oraingo salbuespen egoera aukera aparta bilakatu da estatu polizial batekin amets egiten duen zenbait uniformedunentzat.

Aurreko astean, eguerdian, fruta dendara nindoala polizia kotxe batek geldiarazi, itaundu eta sentiarazi ninduen zerbaiten susmagarri, eta asteburuan, 20:00etako txaloa egiterakoan, balkoitik behera begira jarri ginen gure kaleko hainbat izkinatan zortzi polizia geldirik zeudelako. Kalea hutsik zegoen, haiek izan ezik, baina bazirudien manifestazio baten ondorengo balizko istiluen zain zeudela. Surrealista! Eskerrak txaloen unea heldu zenean haiek ere txaloka hasi zirela, polizia antidisturbio irudia leunduz.

Dena den, polizien portaerak baino hiritar bakoitzaren harremanak nola kudeatzen ari garen gehiago arduratzen nau. Konfinamendu egoera honetan, balkoiak, atariak, barazki denda, okindegia eta bakoitzaren kalea, borroka politikoaren eremu nagusietako bihurtu direla sentitzen dut benetan. Jarrera distopikoak eta utopikoak aurrez aurre egiten dutelako izkina bakoitzean eta denda bakoitzean.

Portaera distopikoak zuzenean ikusteaz gain, sare sozialen bitartez horien berri ere jasotzen ari gara, eta kezka iturri bilakatu dira geure salbuespen egunerokotasun honetan. Alde batetik, poliziarena egitea gustuko duen jendea baliatu da testuinguruaz salatari bihurtzeko eta bere balkoitik akusatzeko kalean zehar ikusten duen edonor, gehienetan jakin gabe nora doan auzokide hori. Kasu batzuetan, arrazakeria ere nabarmendu da pulpitu-balkoitik predikua botatzen ari den salatariaren partetik. Beste alde batetik, ezarritako neurriei buruzko portaera histerikoak pairatzea tokatu zaigu leku batzuetan. Joan den egunean, esaterako, arrandegian pertsona batek bere buruaren kontrola galdu zuen, eta haserre bizian eta bortizkeria handiz bertan geunden guztioi egundoko errieta bota zigun gure arteko balizko distantzia desegokia zelakoan. Zorionez, bertan geundenok kalera ateratzera gonbidatu genuen, eta berehala lortu genuen berreskuratzea irribarrea eta giro gozoa.

Beste jarrera distopiko batzuk ez dira hain bortitzak baina bai kezkatzeko modukoak. Bestearekiko mesfidantza da aipatu beharrekoa. Okindegiaren ilaran zure ondoan dagoen begirada mesfidatiak arreta deitu dit, kutsatuta egon zaitezkeen beldurra adierazten duena. Horregatik guztiagatik, asteotan, gune hurbilenak, lokalak eta komunitarioak, bestelako portaerak erakusteko borroka politikoaren eremu estrategikotzat jo behar ditugulakoan nago. Horregatik, sekulako poza eman zidan jakiteak Bilboko Alde Zaharreko Barrenkaleko hainbat auzokidek erakutsitako jarrera solidarioa bertako gazte batekiko, polizia isuna jartzera joan zenean musika jartzeagatik. Abusu poliziaren aurrean erantzun kolektiboa eman zen eta poliziek egundoko kazerolada entzun behar izan zuten.

Konfinamenduak ere ahalbidetu du gure aurrean dagoen eraikinaren balkoiko familia ezagutu ahal izatea eta egunero elkar agurtzea, baita hitz egitea ere, antzinako komunitatearen hurbiltasuna gogora ekarriz. Aldi berean, ohitura bihurtu den arratsaldeko 20:00etako txaloaldiak balio handia hartu du, osasungintzako langileak goraipatzeaz gain, inguruan bizi diren auzokideekinbakarrik ez gaudelako sentimendua partekatzeko, baita irribarreak trukatzeko ere.

Gainera, txaloaldia amaitu ostean, gure atariko lehenengo pisuko auzokideek beraien musika ekipoa piztu eta euskal kanta bat oparitzen digute iluntze aldera. Harrigarria da inor ez dela sartzen bere etxean, izan ere balkoian jarraitzen dugu musikaz gozatzen, batzuetan abesten, eta kanta bukatutakoan txalotzen, elkarrekin kontzertu areto batean egongo bagina bezala.

Horregatik guztiagatik, okindegiaren ilaran egonda, ezagutzen ez duzun horri mesfidati begiratu beharrean irribarre bat luzatzea eta sartzen zarenean ogia ematen dizun langileari irribarre handiago bat oparitzea birus distopikoaren aurkako botikarik onena izan daiteke, eskua luzatu, besarkatu eta ferekatzen uzten ez diguten bitartean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.