Bai biologiak bai kulturak eragin sakona dute generoaren eraikuntzan. Hori dela eta, funtsezkoa iruditzen zait hausnartzea bi sail horien inguruan. Izan ere, arlo horietako diskurtsoek genero egituretan eragiten dute. Alde batetik, biologismoak azaleko erakargarritasuna du, fenomeno konplexuetarako azalpen sinple eta argiak ematen baititu —baina, ikusiko dugunez, hori ez da formula egokiena kasu guztietan; gizartea maiz konplexuagoa baita—. Bestetik, kulturak laguntzen gaitu begirada kritikoagoa lantzen.
Hala ere, hiru belaunalditan bakarrik gertatu diren aldaketei begiratzen diegunean, argi dago desberdintasun horiek ez direla batzuek nahi bezain naturalak eta saihetsezinak. Adibidez, gure aitona-amonen garaian, emakumeak soilik etxekoandreak izatea espero zen, eta gaur egun, berriz, gizarteko esparru guztietan aktiboki parte hartzen dute —maila batean edo bestean, hori beste kontu bat da—. Adibide horrek nolabait nabarmentzen du praktika sozialek gure nortasuna eraikitzeko duten garrantzia. Izan ere, jaiotzen garen unetik, gure izateko eta jokatzeko modua moldatzen duten itxaropenez eta presioz inguratzen ditugu, nahi edo ez; eta, horrek, jakina, genero arauak barne hartzen ditu. Hori dela eta, funtsezkoa iruditzen zait arau horiek zalantzan jartzea, askotan naturalak balira bezala onartzen ditugulako; eta, egia esan, prozesu historiko eta kulturalen emaitza dira soilik. Adibidez, gizonek hornitzaile eta emakumeek zaintzaile izan behar dutela dioen ideia ez da egia unibertsala, denboran zehar eta kulturen artean izugarri aldatu den eraikuntza baizik.
Txikitatik, gure generoaren arabera jokatzen eta aurkezten irakasten digute. Horren barruan barne hartzen da nola mugitzen garen, nola hitz egiten dugun, nola janzten garen eta zer jardueraz gozatzea espero den. Kezkagarria iruditzen zait nola espektatiba horiek gure potentziala eta askatasuna mugatzen duten. Garapen pertsonalari eragiteaz gain, ezaugarri edo portaera jakin batzuk berez maskulinoak edo femeninoak diren ideia betikotzen baitituzte.
Hori guztia esanda, behar-beharrezkoa iruditzen zait azpimarratzea hurrengo ideia: pertsonak biologiaren eta kulturaren konbinazio bat gara. Batzuetan, biologismoa kritikatu nahian, biologiaren zeregina alde batera uzteko arriskua dugu, baina uste dut akats handia izango litzatekeela. Biologia garenaren zati bat da, noski, baina ez gaitu erabat definitzen. Benetan gizaki egiten gaituena gure muga biologikoak gainditzeko dugun gaitasuna da, kulturaren, hezkuntzaren eta gizarte lankidetzaren bidez. Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun fisiko batzuk benetakoak eta nabariak izan daitezkeen arren, kasu: ez dituzte justifikatzen desberdintasun sozialak eta genero rol zurrunak. Gure gizarteak eraikitzeko eta berreraikitzeko gaitasunean aurkitzen dugu gure benetako gizatasuna.
Dena dela, narratiba biologistak zalantzan jartzeak aukera ematen digu mundu sozialago bat irudikatzeko. Are gehiago, biologiaren eta kulturaren arteko elkarrekintza onartzeak, elkar hobeto ulertzen laguntzeaz gain, etorkizun inklusiboagoa eta bidezkoagoa irudikatzeko aukera ematen digu. Baina aldaketa hori lortzeko, ikasitakoa desikasten ikasi behar dugu, narratiba berriak eraikitzeko.