Jule Goikoetxea

Biolentzia

2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Zer da biolentzia? Janaria egonda, gosez hiltzea. Tratamendua duen gaixotasunaren ondorioz hiltzea. Baliabideak egonda, baliabiderik ez edukitzea. Ordezkaritza egonik, ordezkatuta ez egotea. Ahoa eduki eta ahotsik ez izatea.

Biolentzia bortxa fisiko zuzenera murriztea humanitatea giza talde semiotiko gisa ezeztatzea da. Guk kolpe bat eman diezaiokegu elkarri zenbat maite dugun adierazteko. Hori ez da biolentzia. Aldiz, biolentzia da zure azal kolorea, sexua, klasea edo nazionalitatea duten horiek idatzi, egin eta esaten dutena inon ez agertzea, apenas inork irakurri eta entzutea: subjektu politikoak sortzen dituen Historiatik kanpo uztea.

Biolentzia ez da airean dabilen eta deabru bilakatu den jainko maltzur bat, ostikoz, pintadaz, barrikadaz beztituta. Biolentzia egitate konplexu esanahiduna da, eta esanahia, my friend, ez da inoren monopolioa, ez pobreak joka edo tiroka hasten direnean protestatzen duten kristau liberal moralistena, ezta gizon zuri aberatsena ere.

Aztertu ditzagun pausoz pauso gai honen geruza askotarikoak. Lehenik, dimentsio soziala, filosofikoa eta zientifikoa.

Zuk egin dezakezu txiste bat, beltza (edo emakume) izanik beltzei (edo emakumeei) buruzkoa, beltzei (edo emakumeei) biolentoa iruditu ez zaiena, zuri (edo gizon) batek egiten duen arte. Eta hori da ezker-eskuineko moralista liberalek, eta beste hainbat dogmatikok, gorroto dutena: gauza berberak esanahi desberdinak izatea testuinguruaren arabera. Zergatik ez dute gustuko?

Heresia horrek gorputzen, hitzen, balioen eta teoria ororen partzialtasuna ikusgarri egiten duelako eta pretentsio unibertsalistak partikularizatzen dituelako. Moralismo liberalaren ziurtasun nartzisista erlatiboa bilakatzen duelako eta mandamentu-formatua duen pentsamendu egolatra eguzkipean eta guztion aurrean izter-zabalik uzten duelako. Zer esan nahi du «A ez da beti A»-k? Esan nahi du zientzia eta ezagutza eurozentriko ilustratuaren oinarriak politizazioa behar dutela, identitate eta kontraesanik ezaren printzipioa, hots, «A = A eta A ? ¬A faltsua da» logika matematikotik ezin dela logika politikoa ulertu, eta politika ez da soilik praktika multzo estrategikoa: zientzia mota bat ere bada.

Mandamentuak, adibidez «ez duzu hilko eta ez duzu biolentzia erabiliko», biolentzia bilakatzen dira, biolentzia erabili gabe biziraun dezaketen gorputzek egiten dituztenean. Bakezale guztiak ez dira berdinak, eta zilegizko hautu etikoa da, baina zintzoa izatea helburu duen moral liberal-kristauak ez du zerikusirik duintasun politikoa helburu duen etika politikoarekin. Lehenengoak unibertsalismo inpartzialean du oinarria, eta zeruan edo zintzoen erreinuan onartua izatea du xede. Bigarrena partikularra eta posizionatua da, eta gorputzak eta komunitatea gobernatzea du helburu.

Hau irakurtzean, Ghandiren argazkia erakutsiko didate sareetan, aditzera emanez Ghandi borrokalaria izanik ere biolentziaren aurka zegoela, berriro ere ahaztuz berak emakumeekin erabiltzen zuen biolentzia (hau despistea!). Pentsamendu zintzopentsanteak uste du biolentzia beti besteek egiten dutela, haien tesiak defendatzeko historia ezabatzeraino; historia, datuak, ikerketa ekonomiko, sozial eta politikoak, non argi erakusten den desjabetuak, diskriminatuak eta zapalduak biolentziaz erantzuten dutenean populazioak lehen entzuten ez zituen ahots horiek hautematen hasten dela. Eta, orain, Rosa Parksen argazkia jarriko didate. Baina Rosa Parksen aurretik Claudette Colvin dugu, historiatik ezabatuta, emakume onaren irudia ematen ez zuelako. Emakume ona, beltz ona eta pobre ona bezalaxe, menekoa eta ez biolentoa da. Amen.

Egin dezagun orain salto dimentsio antropologikora. Ugaztun bat subjektu bilakatzeak domestikazio prozesu bat eskatzen du, eta domestikazio oro da dominazio prozesu bat, biolentoa, gehiago edo gutxiago. Ba al dakizue non existitzen diren biolentzia inoiz erabili ez duten moralista zintzoak, eta infernura doazen gaizto biolentoak? Zineman.

Ikus dezagun orain dimentsio historikoa. «Biolentziak ez garamatza inora». Iraultzak, esklabotza, kolonizazioa, deskolonizazioa, eskubideak, independentzia, feudalismoa, sufragio unibertsala, kapitalismoa, patriarkatua, diziplina, hiritartasuna, industrializazioa, kanalizazioak, ehiza, nekazaritza, arrantza eta zibilizazioa kenduta.

Eta biolentziak inora eramaten ez duenez, hemen jarraitzen dugu zuzenbide kanonikoarekin, 16 orduko lanegunekin, bozkatu ezinik eta analfabeto. Horregatik gara guztiok naziak eta politeistak. Horregatik gara guztiok frantses napoleonikoak eta bikingoak.

Ba al dakizue nola lortu diren hezkuntza eta osasungintza publikoa, demokratizazio oro, subjektu politikoen existentzia, ahotsa eta ordezkaritza? Kantu kantari. Herentziak eta propietatea lortzen diren estribillo eta zetazko tul berarekin.

Azken dimentsioa: errealitatea. Guztiok dakigu ez garela emakume edo gizon jaiotzen, ez garela beltz, katoliko, eta, gezurra badirudi ere, PNVko edo espainiar jaiotzen. Egin egiten gaituzte. Ba al dakizue nola egiten gaituzten emakume, beltz, langile, pobre edo frantses? Biolentzia ikaragarriarekin.

Biolentziak ez gaitu eramango, ez, zintzoen paradisu mono-dimentsionalera. Baina nork esan du hara joan nahi dugunik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.