Biolentzia-Ezaren Nazioarteko Egunaren biharamunean

Andoni Iriondo eta Aitziber Salazar
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Martin Luther King Jr.-ek esan zuen moduan, «biolentzia-eza gure garaiko erantzuna da arazo politiko eta moralen aurrean; gizateriaren beharra baita opresioa eta biolentzia gainditzea opresio eta biolentzia berrietan erori gabe». Atzo izan zen Biolentzia-Ezaren Nazioarteko Eguna, eta, gaur egun, erantzun horretatik urrun gaude. Urrunegi, zoritxarrez.

Martin Luther King Jr. afro-estatubatuarren aldeko mugimenduan borrokatu zen, segregazioa eta diskriminazio arrazialari amaiera emateko helburuarekin; 1968an erail zuten. 50 urteren ostean, 1.010 pertsona tiroz hil zituen AEBetako poliziak, gehiengoa arraza beltzekoak izanik, soilik beltzak izateagatik. Egoera horren aurrean, Black Lives Matter eta antzeko mugimenduen bidez kanalizatu dira protestak, betiere MLKen biolentzia-ezaren oinarriak erabiliz.

Gazte Abertzaleak-en beti egongo gara antimilitarismoarekin, pazifismoarekin eta biolentzia-ezarekin konprometituak, bai Euskal Herrian, baita gure herritik kanpo ere. 2012tik, Euskal Herrian biolentzia iraganean geratu da, eta, horrek asko pozten gaituen arren, ezin dieugu ez ikusiarena egin munduan dauden beste gatazkei: Kolonbiatik Palestinara, Kurdistan, Burundi edota Filipinetatik pasatuta, azken aste honetan berriro ireki den Artsajeko gatazka (Nagorno-Karabakh) ahaztu gabe.

Gazte Abertzaleak-etik ulertzen dugu arestian aipatutako gatazketan eta beste hainbatetan, izan armatuak edo ez, azken soluzioa nahi eta nahi ez oprimituei ahotsa ematean eta euren eskubideak errespetatzean oinarrituko dela, betiere gatazken soluzio bideak erabiliz. Bestela, beste edozein sasi-ebazpen gatazkaren itxiera faltsu bat izango da.

Artsajek gaur egun bizi duen egoerak argi uzten du berriki esandakoa. Bertan gatazka 1988ko otsailean hasi zen, Azerbaijango Errepublika Sozialista Sobietarraren parlamentuan diputatu armeniarrek Artsajen askatasunaren aldeko nahia adierazi zutenean. Ekintza horren zergatia lurraldearen gehiengo armeniarraren nahia eta Azerbaijango Gobernuak kontrolatutako azerifikazioari aurre egitea izan ziren. Honen ostean, Azerbaijanen hainbat armeniarrek jasandako sarraski segidek motibatuta, gatazka militarra hasi zen Artsajen. 1991n SESB desegin ostean, gatazka militar hori gogortu egin zen, eta ustezko bake eta tentsioak ohikoak izan dira urteetan zehar, gaur egunera iritsi arte.

Hala eta guztiz ere, estatu asko dira gutxiengo etniko edo/eta kulturalen eskubideak urratzen dituztenak. Zoritxarrez eskubide urraketa hauek jasatzen duten zigor sozial eta internazionala oso txikiak dira, estatuen arteko babes sistemak sortu eta horren bidez gutxiengo horien jazarpen politiko eta soziala sistematizatu egiten baita. Urrutira joan gabe, Artsajeko gatazka ezin da esplikatu Azerbaijan eta Turkiaren arteko adostasunik gabe; eta, Turkiarekin jarraituta, Kurdistango herriak sistematikoki jasotzen duen jazarpenaz ere luze hitz egin genezake.

Urriaren 2an, Biolentzia-Ezaren Nazioarteko Egunean, Gazte Abertzaleak-ek bere babesa berresten dio gatazka politikoen soluzio-bide bakar eta egokia biolentzia-eza izateari. Modu berean, nazioarteko komunitateari soluzio-bide egoki eta efektiboak sortzeko eta babesteko beharra helarazten diogu. Zapaldutako herri guztiak gogoratuz, besarkada estu bat eman nahi diogu Armenia eta Artsajeko herriari egungo garai zail hauetan. Gatazkari laster aterabide bat eman dadin opa diegu, bakean eta askatasunean bizi daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.