Billy el Niño eta PSNz

2014ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Apirilaren 12an, fusilatuen omenezko ekitaldi enblematiko bat egin zen Gaztelugibelen, eta, abagune egokia zela iritzita, PSN-PSOEko parlamentari bati jakinarazi nion Billy el Niño eta Jesus Muñecas torturatzaileen hainbat biktimaren —besteak beste, nire— nahia zela Nafarroako Parlamentura joatea, hara eramateko haiek gure herrialdean —edo, besterik ezean, Argentinan— epaitzea lortzeko gure borroka. Eskaera CEAQUA bidez egin zen, frankismoaren krimenen kontrako Argentinaren kereilari laguntza emateko koordinakunde estatalaren bidez.

Eskaera berbera egin zieten I-E, Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarioei, eta ezin hobeto onartu zuten; beraz, beharrezko gehiengoa bazegoen egin ahal izateko.

Asmoa zen, gainera, hilabeteotan gertatuaren berri jakinaraztea, baita epaitzeko Argentinara estradita zitzaten eginiko saialdiaren berri ematea ere, eta Nafarroako Parlamentuan ahalegintzea erabaki bat harrarazten justizia, egia eta erreparazio eskubidearen aldeko gure borroka babesteko.

Sinetsita nengoen onartuko zutela, sozialisten botoekin lortua baitzuten beste hainbat parlamentutan —Katalunia, Euskadi, Andaluzia eta Asturiaskoetan—; Madrilen ez zen halakorik gertatu, PPren gehiengo absolutua zela bitarteko.

Behintzat, gure argudioak entzunarazi nahi genizkizuen, duela ez hainbeste bizi izandako gure sufrimenduaren berri eman.

Sozialista gisa egin nuen, egintza hura gertatu zen garaian PCEko kide banintzen ere, frankismoaren kontrako borrokako lehen lerroan kokatutako hartan, jakitun bere burua ezkertzat daukan jendeak ahalegin horretan elkar hartu beharra zeukala.

Orain, nire harrigarri —ezustean lehenik eta haserre gero—, jakinarazpen bat bidali didazue, hotz eta motz dioena ez zaizuela «egoki iruditzen» gure presentzia hori eta, beraz, bost axola zaizuela hemen horretaz hitz egin ahal izatea. Zuen erabaki arbuiagarri horren haritik, hainbat galdera egin nahi dizkizuet: Ez al zaizue egoki iruditzen? Nortzuk zarete zuek ez «irizteko egoki» frankismoaren torturen biktimak Nafarroako Parlamentura joan ahal izateari gure esperientzia azaltzera, zuek guztiok orain gozatzen ari zareten demokrazia horrexen aldeko borrokan genbiltzala pasatu genuen sufrimenduaren berri ematera? Bestelako zenbat antolakunde, talde eta erakunderi utzi diezue joaten? Zergatik ez utzi guri? Hainbesteko beldurra al diozue gure kontakizunari? Edo ez dizuete horretarako baimenik eman gure ekintza guztiak modu sistematikoan oztopatzen dituzten horiexek? Nolatan daukazue zeuen burua ezkerrekotzat, ez bazarete gai ezta frankismoaren biktimei beren egia azaltzen uzteko ere?

Ezkerreko militante izan naiz 45 urtean, komunista 23an, sozialista beste 22 urtean, eta sekula ez dut sentitu halako laido lotsagarririk, ez beren burua ezkerrekotzat daukaten —baina frankismoaren konplize gisa diharduen— jendearengandik.

Zeren eta: Zer-nolakotzat hartu behar da bere jarrerarekin faxismoaren krimenak babesten eta ezkutuan gordetzen dituen hori? Zer-nola definitzen duzue zuek guztiok eragoztea Nafarroako Parlamentuan azaltzea guk DGS Segurtasun Zuzendaritza Nagusian pasatutakoa? Zergatik estaltzen dituzue Billy el Niñok eta Muñecasek jasanarazi zizkiguten torturak salatzen dituztenen ahotsak?

Ez zaizuela «egoki iruditzen»: hitzok irakurrita, berriro sentitu ditut Billyren eskuak, ni astintzen, batik bat garondoan eman zizkidan kolpeak Enrique Ruanoz oroitzen ari nintzelarik, haren ostikadak, ukabilkadak, irainak, oihuak; gogora ekarri dizkidate DGS zorigaiztoko hartan emandako egun haiek, BPSko kideez inguratuta, ziegetatik galdeketa salarako jaitsi-igo etengabean; eta zeuenak guztionak ere sentitu ditut. Zuen hitzokin berriro sentitu naiz laidoztatua, umiliatua, iraindua, eta are okerrago: traizio egina. Baina, nik gutxienez, eutsi egin nion nire duintasunari, kemenari, eta ez nuen sekula makurtu lepogaina haien aurrean. Zer egingo zenuketen zuek? Nahiz eta, halako egoera batean, mahaipean kikilduta egongo zatekeen zuek bezalako jendea.

Iruditzen zait traizio egin didatela kide izan beharko nituzkeen guztiek, buruzagi jardun beharko zuketenek, elkarlanean arituta lagunduz justiziaren, egiaren eta erreparazioaren aldeko ahaleginean.

Zilegi bekit kontutxoren bat esatea, baina ez esan beharko nizuekeen guztia ere, lehenaz gain salaketa judizial bat jar ez diezadazuen: halako erabakia hartuta, traizio egiten diozue ezkerrari, langileen klaseari, eta ezkerreko militanteen oroimenari, larrutik ordainarazi baitzieten demokrazia ezartzen ahalegindu izana, eskubide zibilak, askatasunak; traizio egiten diozue PSNri eta haren historia ohoragarriari ere. Haien (gure) ahalegina onartu beharrean, aurpegiratu egiten diezue (diguzue), bizkarra ematen diguzue gehien behar zaituztegun honetan, nolabaiteko konplize bihurtzen zarete, gu atxilotu, suntsitu gintuztenen konplize, eta frankismoa hil eta herio aldeztu zuten haien konplize.

Jakizue, argi eta garbi: ez zarete sekula libratuko orban horretaz; nik neuk, behintzat, ez dut sekula ahaztuko, eta espero dut gainerako herritar guztiek ere ez ahaztea.

Bi hitzok betiko markatuko zaituzte, ezkerreko duin, ohoragarri eta borrokalaritik kanpo kokarazteraino.

Oihuka hasteko gogoa ematen didazue, baina ez naiz hasiko PSNrekiko errespetuz, zeinak ez baitzaituzte merezi militante gisa. Madarikatua zuen erabakia, gure arerioen zelaian kokatzen baitzaituzte.

Egun batean utzi egin beharko diozue benetan bat ez zatozen alderdi bateko kide izateari, zeren eta jakizue gure presentzia onartuko zukeela PSNk, haren historiak, haren funtsak.

Ez ahal zaituztet ikusiko frankismoaren kontrako borrokaren oroimenezko ezein ekitalditan, egintzen bidez mamitzen baitira teoriak, eta memoria — zuen erabakiarekin lurperatu nahi duzuen hori— berreskuratzeko borrokarekin lortzen nork bere burua nabarmentzeko argazkiak.

Baina, ez izan zalantzarik, nekaezin iraungo dugu justiziaren, egiaren eta erreparazioaren aldeko gure borrokan, zuek guztiok gabe, baina eutsi egingo diogu geurean, baita Nafarroan ere, eta horretan dihardugun egun bakoitzean gogoraraziko dizuegu zuen koldarkeria, oraingo zuen traizio hau.

Iritsi berria da gure herrialdera María Servini de Cubría magistratua, krimen frankisten kontrako prozesuak biziberritzeko asmoz. Helburu hori lor dezan, oraintxe da garaia ezkerreko abertzaleok mobilizatzeko. Garaia da Nafarroako Parlamentua mobilizatzekoa ere. Zuek geldiaraziko al duzue?

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.