EHKSko militantea

EH Bilduren barne kongresuaz: behin betiko integraziorako bidea

Manex Gurrutxaga
2025eko otsailaren 19a
16:45
Entzun

Hilabetearen hasieran egin zuen EH Bilduk III. Kongresua, Iruñean. «Ezohiko ondorioak» ateratzeko balio duen «ohiko kongresua» omen, edo horrela jaso dute behintzat Zutunik ponentzian, zuzendaritzak proposatu eta militantziak aho batez onartu duen idatzian. Nik esango nuke aspalditik datorren norabide batean sakontzea duela helburu, eta kongresua pauso bat gehiago dela EH Bilduren jarduna normalizatzeko eta betikotzeko Espainiar Estatuko instituzioetan, horiekin noizbait hausteko aukera erabat baztertzeko eta gizarte eredu kapitalista ontzat emateko, forma inplizituan bada ere. Goazen pixkanaka.

Ezker Abertzalea pasa da Espainiako Trantsizioa, frankismoaren erreforma eta hortik eratorritako instituzioak ez legitimatzetik, 78ko erregimenak ezartzen duen marko politikoa eta juridikoa politika egiteko joko-zelai legitimo eta nagusi bezala ulertzera; frankismoarekin haustura defendatzetik, Erorien Monumentua ez eraistera. Helburu politikoak lortzeko tresna legitimo eta lehentasunezko bezala ulertzen ditu instituzio estatal eta autonomikoak EH Bilduk.

Ildo politikoaren eraldaketa erradikal horrek, gainera, ez du autokritika ariketarik izan Ezker Abertzalearen partetik, are gehiago, azken hamarkadetan oinarriko militantzia gutxinaka mugiarazi dute estatuak ezarritako joko-zelaia onartzeraino, eta ez naiz ari borroka-moldeez, estrategiaren edukiari buruz baizik, sarri teilakatu egin delako eduki estrategikoari buruzko eztabaida forma edo moldeenarekin. Orain EH Bilduren buruzagi direnak, beste batzuekin batera, hegemonizatzen aritu dira pixkanaka egun alderdia materializatzen ari den ildo politikoa, Ezker Abertzalean aurrena eta EH Bildu osatzen duten gainontzeko sektoreetan ondoren. Modu nabarmenean lehenengoz 2009an adierazi zen, Altsasun, baina lehenagotik dator. Kongresuak erabili dituzte aurretik militantzian zabaldutako tesi politikoak pixkanaka ofizializatzeko, gero eta integratuagoak 78ko erregimenean eta, sarri, eztabaida zintzoari traba eta debekuak jarrita. Norabide berean, aurrerantzean ere beharra identifikatu dute barne mailan kontraesanak sortzen dituzten «gai estrategikoen inguruan kidegoa trinkotzeko».

Zentzu batean mugarri bat da EH Bilduren III. Kongresua, sinbolikoki bada ere fase bat ixten duelako. Alderdi ezberdinen arteko koalizio bezala jaio zena, eta estrategia eta ziklo aldaketa batek ezaugarritu duena, instituzio estataletan eta kapitalistetan normalizatuta dagoen alderdi klasiko bezala osatu da orain, prest dagoena instituzioen kudeaketan EAJrekin txandakatze zirkuitu batean sartzeko. Alderdi elektoral-klasiko baten errealitatera egokitu dute programa politikoa, militantzia eredua, oinarri soziala eta egitura, eta hori ofizializatzeko funtzioa bete du Kongresuak. Nahiz eta zuzendaritza saiatzen ari den kontrabotere itxura ematen alderdiari, errealitatea kontrakoa da; oro har gizarteko botere egituretan normalizatuta dagoen ertain klase bat ordezkatzen du EH Bilduk, EAJren balio eta kudeaketa moduak partekatzen ez dituela dioena, baina funtsean ez daukana bestelako gizarte-eredu proposamenik, botere eta kudeaketa instantzia handiagoetan bere lekua aldarrikatzea baino.

Alderdi elektoral klasiko batean egituratu da, programa sozialdemokrata eta nazionalista oinarri dituena, eta argi ikusten da hori gizarteko eragile eta kolektiboekin irudikatzen duten harreman ereduan ere. Oinarriko militantziaren eta mobilizazioaren alde egiten da ponentzian, baina modu utilitarista eta integratzaile batean ulertzen dira horiek, alderdiari mesede egiteko azken helburuarekin eta ez estatuaz gaindi langile klasearen antolakuntza, subjektu izaera eta boterea indartzeko. Horrela, kaleko mugimenduaren egiteko nagusia EH Bilduren zentzu komuna eta oinarri soziala lantzea da, gero alderdiak lan hori bere aldeko boto bihurtzeko, eta, azkenik, instituzioen tresna juridiko eta politikoei esker, alderdiak bere helburuak erdiesteko. EH Bildu litzateke orduan langile klasearen aldarrikapen eta mobilizazioen ordezkaria, eta horiek gauzatzeko esparrua, berriz, Estatuak ezarritako muga juridiko eta politikoak.

2011n koalizioa osatu zuten alderdiei dagokienez, berriz, jan egin ditu EH Bilduren makineria elektoralak, egun ez dago alderdi horien artean ezberdintasun ideologiko eta programatiko sustantzialik, ez dute ia praxi politiko propiorik eta koadro politiko garrantzitsuenak EH Bildura bideratzen dituzte. Sorturen existitzeko arrazoi nagusia da Ezker Abertzalearen historia EH Bildurekin konektatzea eta EH Bilduren ezkerrera sortu daitezken kritika eta proposamen politikoen aurrean kontentzio lana egitea.

Ildo politikoari dagokionez, EH Bilduk Zutunik ponentzian berretsi duena da Estatuaren muga juridiko eta politikoen barnean autogobernua gradualki handitzeko apustua, eta horrek, funtsean, independentziarako aukerak behin betiko alboratzea esan nahi du, inoiz ailegatuko ez den etorkizun batera atzeratzen duelako etengabe. Idatzian jasotzen da borondate bat konstituzioak eta autonomia estatutuak ezarritako muga horiek gainditzeko, «Euskal Herria beste egoera batera eramateko», baina aldarri abstraktua da, horretarako proposamenik ez da inon ageri, eta errealki bide autonomista folklore independentistaz mozorrotzeko funtzioa baino ez du betetzen. EH Bilduren egitekoa omen da joko-arauen barnean «emantzipazio prozesu graduala» bultzatzea, independentzia lortzeko norabidean, baina praktikan, nola ematea proposatzen da autogobernutik independentziarako saltoa?

Igaro dira 2016an Otegik Belodromoan «Espainiako ezker berriari» esatetik ez dagoela Estatu Espainiarra demokratizatzeko aukerarik eta babesteko prozesu independentistak, Zutunik-en idaztera «EH Bilduk balizko demokratizazio saioak babestuko dituela edonon», eta Otxandianok Diario Vasco-n esatera Konstituzioaren barnean Estatu Konfederal batera pausoak emateko garaia dela.

Funtsezko auzi estrategikoa da autogobernuaren eta independentziaren arteko harremana erantzunik gabe uzteko. Are gehiago, gainera, Abian eztabaida prozesuan onartutako aldebakartasunaren, desobedientziaren eta konfrontazio demokratikoaren aldeko hautua albo batera geratu dela jakinda. Orduan? Noizbait Gernikako Estatutua %100ean betetzea lortzen bada ere, nola eman daiteke independentziarako pausoa muga juridiko eta politikoak errespetatuz? Zer gertatzen da Espainiako Konstituzioak ezartzen dituen mugekin? Zer gertatzen da «espainiar guztien aberri komun eta banaezinarenarekin»?

Horri guztiari EH Bilduren ponentziak eman dion erantzun antzeko bakarra da «nazioartean indarrean diren gutxieneko arauei erreparatuta» egin behar dela independentziarako prozesua, legediaren barnean, eta nazioarteko agenteen onespena eta errekonozimendua lortzeko helburuarekin. Baina zein agente internazionalez ari dira? AEBek eta NATOk beraien interesetara eta nahietara erabiltzen duten legedi internazionala errespetatuta egin behar omen da; akaso agente horiek deseroso ez sentiarazteko helburua izango dute, eta, horri esker, auskalo zein herrialderen onespena lortzeko itxaropena. Munduko herriak arpilatu eta masakratzen dituen bloke geopolitikoaren legedia errespetatzea eta haien onespena lortzea da antza XXI. mendeko independentzia eta sozialismoa.

Baina, balizko egoera utopiko hori imajinatuta ere, zergatik eta zertarako babestuko luke Mendebaldeko herrialderen batek Euskal Estatu jaio berri bat?

Estatu egituretan eta legedi internazionalean ez da kabitzen langile klasearen intereseko proposamen politikoa, eta garai batean Ezker Abertzaleak ondo zekien hori. Ordena kapitalista erreproduzitzeko daude estatu aparatuak, eta baita langile klasearen borondate nazionala zapaltzeko ere euskaldunon kasuan. Horrez gain, testuinguruak ere ez du apustu elektoralista bat eskatzen, ezta langile klasearen indarra boto bihurtzea eta instituzionalizatzea ere. Faxismoaren gorakada globala —garai bateko Ford-ak Tesla bihurtu dira—, bloke geopolitikoen arteko tentsionamendu are handiagoa eta langileen pobretzea da egungo errealitatea.

Beharrezkoa da langile klasearen antolakuntza sustatzea, estatu egitura eta kapitalaren atzaparretatik kanpo; maila sozialean gerra kultural bat ematea langileen artean faxismoaren gorakadari aurre egingo dion zentzu komuna eraikitzeko, mobilizatzea gerra kapitalistaren eta industria krisiak dakartzan kaleratzeen aurka, ongizate estatuaren gainbeherari aurre egitea, Euskal Herriko langile klasearen autodeterminazio-eskubidea errealitate bat bihurtzea eta abar luze bat.

Hori ez da estatuaren instituzioetatik egiten. Testuinguru horri ezin zaio aurre egin PSOEren gobernutik eta ezta ere Ajuriaenetik. Horretarako langile klasearen antolakunde handiak eta indartsuak behar dira, masa mugimenduak lurraldean, lantokietan eta bizitzako esparru guztietan sustraituta daudenak, eta gaitasuna dutenak modu bateratuan eta eraginkorrean aritzeko. Gai direnak Euskal Herriaren eta munduaren norantzan eragiteko. Estatu egiturak zilegiztatu eta indartzeko baino, horiek ahultzeko garaia da, alderdi komunista maila internazionalean berreraikitzeko garaia da, demostratu baitu langile mugimenduaren historia oparoak hori dela tresna nagusia langileriaren bizi eta lan baldintzetan hobekuntzak lortzeko, iraultza sozialistari bidea irekitzeko eta langileen autodeterminazioa errealizatuko duen estatu sozialistak eraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.