Espainiako eskumak (PP-Vox-Junts-EAJ) bere bigarren saiakeran lortu du otsoaren babesa jaitsi eta otsoak hiltzeko baimena bermatzea, kudeaketa eufemismoaz mozorroturik. Eta oraingoan ere, duela urte pare bat jazo zen bezala, eskumak EH Bilduren abstentzio konplizearen laguntza batu du. Jakina, ezker abertzaleak behin baino gehiagotan erakutsi du, eskumaren antzera, gehiago interesatzen zaiola tokian tokiko interes ekonomiko batzuk babestea, atzerakoiak eta naturaren kontrakoak badira ere, beste zibilizazio-eredu bati begiratzea baino. Kasu honetan, batez ere, Gorbeia aldeko eta Karrantzako ganaduzaleenak. Jokabide horrekin, EH Bilduk erakutsi du, interes politiko oportunistei men eginik, benetan noraino dagoen prest gizartea eta kultura eraldatzeko. Otsoaren babesak beti agerira atera du natura osasuntsua berreskuratzeko aldarrikapena zintzoa edo marketina ote den. Baina ikus dezagun otsoaren arazoa zertan den.
Iberiar otsoa desagertzear egon zen Espainia Europan sartu aurretik, gure basakeria eta atzerapenagatik, baina azken urteetan hobeto egon da Espainiako ipar-mendebaldean, legedia aldatu eta babesa eman zaionetik, oraindik nahikoa izan ez arren. Babes hori da neurri handi batean eraitsi dena, argudio faltsuen bidez; hona hemen ohiko bat: otsoaren gainpopulazioa.
Ez dago horrelakorik, ezin da egon. Gure ekosistemen tontorra denez, otsoa urria da nahitaez. Eremu jakin batean talde bat baino ezin da egon. Otsoak bere populazioa kontrolatzen du. Talde bakoitzean urtean bikote bakarra ugaltzen da, egiten badu. Horrela, ez dago gehiegizko babesik; aitzitik, bi dira aukerak: gailur trofikoan daukan zeregina errespetatzea, edo ez errespetatzea. Otsoa ezinbestekoa da natura ingurunea osasuntsua izango bada. Guztiz hipokrita da, batetik, natura osasuntsua nahi dela esatea —otsoa barruan, jakina—, eta, bestetik, otsoa ez dela hainbeste maite erakustea, otsoak hil nahi izatea, natura kementsua nahi ez izatea.
Ganaduzaleen galerak jazotzen dira abereak mendian babes edo zaintza barik uzten direnean. Guztiz frogaturik dago ez dagoela kalterik kudeaketa profesionala egokia bada. Ganadua zaintzen ez bada —mastin ondo heziekin, abereak eskortetara baturik, unai eta artzainen presentziarekin egin beharko litzateke—, kostuak aurrezten dira, noski, baina beste galera batzuk sortzen dira, txarto kudeaturiko edozein enpresa-jardueratan bezala.
Eta, jakina, betiko argudio narrasak. Oraindik gogoan daukat tabernariek suturik aldarrikatzen zutenean ezin zela tabakoa erretzea debekatu, tabernak itxi egin beharko zituztelako; gogoan daukat fabrikek ibaiak estolda bihurturik, lurra eta airea pozoiturik, itsasoak hondakin erradioaktiboz kutsaturik, aldarrikatzen zutenean ez zegoela beste modurik, ekonomia eta gizartea hondatuko ez baziren. Aurrerapena ala paleolitikoa. Inuzenteentzako argudioak beti.
Asturiasen, Kantabrian eta Gaztela eta Leonen, otsoaren aurkako ekimenen iturrian hain zuzen, inoiz ez da interesik egon kalteen kudeaketa legeria betez aplikatzeko, teknika onekin eta ganaduzaleen prestakuntzarekin batera, ezta diru publikoaren inguruko pikarokeria ekiditeko ere. Iruzur sistematikoa onartzen dute, baita ofiziala ere: egiazta daiteke Asturiasek eta Kantabriak aldizkari ofizialetan kalte faltsuak jaso dituztela, ez datozenak bat espediente ofizialen datuekin.
Bestalde, gauza jakina da otsoak hiltzeak, normalean, ganaduaren galerak gehitzen dituela. Izan ere, otso talde gutxituak, desegituratuak, ez dira behar bezain eraginkorrak ehizan, ezin dira oso selektiboak izan, eta premiak bultzatzen ditu errazena harrapatzera: babes bako ganadua.
Duela urte batzuk otsoa Espainia osoan babestea lortu zen, horretarako eskatzen ziren baldintzak betetzen zirela frogaturik eta batzorde zientifiko independente baten kontrola gainditurik. Azken urteetan Espainian espezie baten babesa ez da populazioaren mende egon, ezta kontserbazio-egoera delakoaren mende ere; hori ere ez dago, zorionez, autonomia-erkidegoen mende.
Ganadua pribatua da; otsoa, berriz, ondasun publikoa, gizateriarena, etorkizuneko belaunaldiena, ingurumenean eginkizun ordezkaezina du eta. Interes publikoak lehentasuna izan behar du tokian tokiko pribatuaren gainetik. Otsoa ez da autonomia jakin bateko kudeatzaile ofizialen jabetza, eta are gutxiago ganaduzaleena: otsoa guztiona da.
Eskuma espainiarraren argudio nagusia da, euskal nazionalistek bere egina (Senatuko Aldizkari Ofiziala, 2025-02-18), basa-faunaren erasoek (azeriek, hartzek...) urte batean 14.000 txahal, behi, moxal, ardi… baino gehiago hil dituztela. Jakina, ez da esaten asko txakurrek hil dituztela. Baina, hori horrela balitz ere, datu ofizialen arabera, kontsumorako hildakoak kontuan harturik −ia hogei milioi behi, zaldi eta ardi−, basa-faunak guztien %0,07 baino ez du hil. Arazo izugarria!, areago erkatzen badugu 2023an alferrik galdutako elikagaiekin, 1.214 milioi kilogramo, etxeetan batez ere.
Natura osasuntsua berreskuratuko badugu, ez dugu ganaduzale txarrik behar, bai ordea naturarekin benetan konprometituriko politikari eta erakunde nahikorik.