Bildu: ondo gobernatu eta itxaropena sendotu

2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Maiatzaren 22ko hauteskundeak igarota, eta foru eta udal agintariak ezartzeko prozesua eginda, esan dezakegu oso onuragarria izan dela balantzea. Halakoxea izan da Bildu koalizioaren bat-bateko agerraldia ere, ezkerreko talde bateratu gisa —Independenteak, Eusko Alkartasuna eta Alternatiba bilduta—; eskaintza berri, ausart eta itxaropentsu bat helarazi die hautesleei, adorez aintzat hartuta euskal herriari berez dagozkion eskubide guztiak baliatu ahal izateko aukera.

M-22ko hauteskundeen aurretik legez kanpo utzi zituztenetik, asko idatzi da, eta zalantza ugari agertu da bai Bildu erakundeetan sartu izanaz, eta bai Bilduri garaipena kentzeko aukeraz, hauteskundeetako gutxiengoen arteko hainbat osaera matematikoren eta aliantzaren bidez —batik bat, Donostian eta Gipuzkoan—. Ordea, Bilduk berak luzatu zion eskua EAJri, Arabako Lurralde Historikoan agintea gal ez zezan, eta trukean ez zion inolako ordainik eskatu, han-hemen izandako hainbat itsuskeria gorabehera —esaterako, Bizkaian, Batzar Nagusietako Mahaia osatzerakoan—. Baina, gehienbat, etorkizuna interesatzen zaigu, eta orain arte egindako lan guztia abiaburutzat hartu behar dugu, batik bat Eusko Alkartasunan eta ezker abertzalean egindakoa, bateratze horixe baitzuten helburu; eta bateratze horrek ilusioa sortu dio, berriro ere, euskal herritarren ehuneko handi bati. Alde horretatik, lanean segitu beharko dugu, jokaleku politiko berria sendotzeko asmoz, eta adostasuna lortu beharko dugu: besteak beste, euskal presoen egoera konpontzeko, gure kultur ezaugarri bereziei iraunarazi ahal izateko, eta Sortu legezko bihurtzeko eta Arnaldo Otegi libre uzteko borrokan aurrera segitzeko; betiere, bide baketsu, zibil eta demokratikoak baliatuta.

Baina hori guztia zilegi izan dadin, aurrerantzean ere egunez egun lan egin beharko dugu, eta ongi gobernatu, erantzukizunez eta irudimenez; hala, batetik, itxaropen gabeziaren igarle zorigaiztokoak isilaraziko ditugu, eta, bestetik, gure proposamenak eta programak beteko, herritar guzti-guztiek bizi-kalitate hobea izan dezaten eta benetako gizarte aske eta berdinzale batean bizi daitezen laster.

Bilduri dagokionez, desberdinen artean ehundu beharko dute zumea, eta jokaleku politikoa sendotu eta zabaldu, proiektu subiranista argi bezain ahaltsu baten bidez, eta gai horri buruz hitz egin beharko dute beste indar politiko batzuekin. Baina hori zilegi izan dadin, eta erakunde politiko demokratiko bat eratzeko, hainbat premisa funtsezko baliatu beharko dituzte: hala nola errespetua eta tolerantzia. Alde horretatik, konfiantzako jokalekuak ezarri beharko ditugu, Bilduren tokiko batzarren esparruan, eta hainbat egintza politiko diseinatu, indibidualismo eta pertsonalismo guztien gaindik. Bilduren tokiko batzarrek parte hartzaileak izan beharko dute, eta guztien pentsamenduak, ideiak eta proiektuak jaso beharko dituzte, gizarte hobe bat eratuz aurrerantz egiteko eta gure helburu subiranistak erdiesteko. Etorkizunari begira, horrexek beharko du izan Bilduren beste zereginetako bat, eta, ziur asko, lagungarri izango du haien gobernuek ongi jardutea eta irmo iraunaraztea itxaropen sortu berriari, maiatzaren 22an horixe hautatu baitzuten bakean eta aske bizi nahi duten milaka euskaldunek.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.