EH Bildu, lehen indarra Araban

Xabier Rodriguez eta Nikolas Xamardo
2024ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun

Berrogei urte atzerago, Araba feudo espainiarra zen. Zer gertatu da orduz geroztik tamaina horretako aldaketa izateko: EH Bilduren garaipen ukaezina azken hauteskundeetan?

Egitate singular hau ezin da ulertu prozesu ebolutibo batetik abiatuta, zeinaren bidez kontzientzia espainiarra euskal kontzientzia bihurtu den.

Guk postulatzen dugu tamaina honetako aldaketa soilik gertakizun baten sorreratik uler daitekeela: egitate singular bat, lehena (Àlava, España) eta geroa (Araba, Euskal Herria) markatzen duena gertatzen den tokian. Hau da, ustekabeko zerbait, zaharra utzi (identitate espainiarra) eta berria sortzen duena, euskal hizkuntzan eta kulturan oinarri duena.

Ikus dezagun zertan datzan kontzientzia berri honen gertakizun fundatzailea.

Ez dezagun ahaztu berrogei urte atzerago Araban ezinezkoa zela euskalduntzea. PSOEk eta EAJk A eta B ereduak inposatzen zizkiguten, esanaz hezkuntza euskaraz bideraezina zela gure herrialdean.

Tokieder ikastolaren borroka luzeak gure gazteriaren eta gure lurraldearen euskalduntzearen oinarriak ipini zituen.

Gogoratu dezagun, prozesu hori interpelazioari esker mamitu ahal izan zela, ENAMek, herri honen gaur egungo askatasun-borrokaren gertakizun fundatzaileak, gure kontzientziari eginiko deiari esker gertatu ere, EAJk erakutsitako pasibotasunaren aurrean.

Egitate singular honek, zuzenean edo zeharka, gure gazteria osoa, euskaldunak zein ez-euskaldunak, gure herriaren deiari sentikor, markatu du eta markatzen du, gaur arte.

Gogoratu dezagun gertakizun oro beti subjektu singular batean gauzatzen dela (ENAM, Tokieder, kasu honetan), berria aldarrikatzeko gai dena, zabaltze-gaitasun handiaren jabe, eta efektu iragarriezin eta sumaezinak dituena, harekiko errefraktario direnentzat ikusezinak.

Horri dagokionez, analista espainiar gehienak ez dira gai izan EH Bilduk Araban izan duen garaipen ukaezinaren benetako arrazoiak ikusteko. Gehien-gehienek —euren artean Ortuzar jauna— zioten hazkunde hori Podemosen boto-emaile zaharretatik zetorrela. Gogoratu dezagun Podemosi masiboki eman zitzaiola botoa, ustez Madrilen gure herriaren eskubide nazionalak, eta gure presoenak, defendituko zituelakoan. Behaturik hau ez dela horrela izan, emeki-emeki desagertzen joan dira.

Aldiz, aitortu beharra dago kazetari gazte batek, kate espainiar ezagun bateko tertulianoa berau, esan zuela Arabako gazte gehienek EH Bilduri eman ziotela botoa, euskaraz mintzatzen zitzaielako. Bere erara, esaten ari zen euskal identitatea (euskara eta kultura), zeinaren prozesua aipatu dugun, EH Bilduk Araban izan duen garaipenaren oinarrian zegoela.

Konbentziturik gaude prozesu honen jakitun dela EH Bildu, eta orain arte jarraitutako bidea berretsiko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.