Donostia, Gasteiz, Iruñea, Ermua, Basauri, Getxo, Zarautz, Tolosa, Burlata, Errenteria, Portugalete, Durango, Balmaseda, Eibar, Hernani, Zumaia, Arrasate, Ondarroa dira emakumeen etxeak dituzten euskal udalerrietako batzuk. Hala ere, Bilboko emakumeok ez dugu emakumeen etxerik, Bilboko mugimendu feministak azkenhamarkadan kaleetan eta erakundeetan egindako deia ozena izanda ere. Horregatik, berriz ere dei egiten diegu, lerro hauen bidez, Bilboko Udaleko udalbatza berria osatzen duten talde politiko guztiei Koloretxe proiektuaren alde lan egiten has daitezen, jakitun baikara zenbait taldek hasieratik babestu dutela proiektu hori, baina ez, ordea, udalerria gobernatzen duen taldeak, gure auzoetako emakumeen beharrei entzungor egiten baitie.
Denbora galtzen ez jarraitzeko eskatu nahi diogu Bilboko Udaleko udalbatzari, are gehiago gaur egun, estatu mailan aurreikus daitekeen panoramak asko kezkatzen gaituelako ikuspegi politiko, sozial eta feminista batetik. Emakumeok gure eskubideak errespeta daitezen bermeak behar ditugu, eta bereziki gure auzoetako emakumeok.
Gure auzoek gure hiriko bizi-itxaropen txikieneko tasa dute, eta horrek erakusten du gure auzokide askok bizi duten bizi-prekaritatea. Era berean, benetan kezkagarriak dira pobreziari, gizarte-bazterkeriari, bizi-antsietateari, enplegu-baldintza eskasei eta etxebizitzei buruzko datuak eta aurre egin behar diegun indarkeria ugariak. Horregatik, elkarrekin partekatzeko, informatzeko eta ahalduntzeko konfiantzazko espazioak behar ditugu, bizi-baldintza horiek eraldatzen lagunduko digutenak.
Arazo konplexu horri aurre egiteko, Koloretxe sortu genuen. Elkarte feminista bat da, eta Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalarentzat emakumeen etxe bat martxan jartzeko lan egiten du. Etxe horrek hiriko lehen etxea izan nahi du, baina ez azkena. Hiriaren irudia sustatzeko eta makroekitaldi turistikoak egiteko hainbeste baliabide dauden hiri honetan, gezurra iruditzen zaigu emakumeen etxea bezain beharrezkoa den espazio bat eraikitzeko borondate politikorik ez dagoela behin eta berriz jakitea. Horregatik, eta dauden adostasun sozialak kontuan hartuta, hamarkada bat baino gehiago eman dugu proiektu hau lantzen, gure auzoetako elkarteekin eta Bilboko mugimendu feministarekin partekatuta eta adostuta dagoena. Gainera, bilera ugari egin ditugu udaleko talde politikoekin eta haien berdintasun-arduradunekin. Gaur egun, aurrerapen bakarra Bilborako ahalduntze-eskola ibiltari bat sortzea izan da, ikastaro kopuru oso txikiarekin. Ez da nahikoa, premiazkoa da emakumeen etxea, premiazkoa da Koloretxe, euskal mugimendu feministaren korronte desberdinen aldarrikapen historikoa den elkartzeko eta ahalduntzeko gunea. Bilboko emakumeok behar dugu, eta gure auzokoentzat uste dugu premiazko aldarrikapena dela, legegintzaldi honetan egia bihurtu behar dena, eta, beraz, ahalegin guztiak egingo ditugu lehenbailehen errealitate izan dadin.
Bilboko emakumeen etxearena izan behar da legegintzaldi hau
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu