Duela hilabete batzuk gure ama galdu genuen, eta gure anaiak, Unaik, publikoki agertu nahi izan zuen BERRIAra eta Gara-ra bidalitako gutun batean. Espainiar agintariek eta Granadako espetxeak ez zioten utzi gure ama agurtzen. Gutun horretan salatu zituen gure ama gaixorik izan zen bitartean, eta hil ondoren, jasandako tratu txarrak. Ezin izan zen harekin egon, oztopoak jarri zizkiotelako. Unairen lagunek ere prentsan salatu zuten Unai Portugaleteko tanatoriora eraman zutenean ertzainek erakutsitako jarrera. Oraingoan, gure aita galdu dugu, eta kolpe latza izan da. Ama duela gutxi zendu zelako, ustekabean. Kasu honetan ere, Unai ezin izan da aitaren ondoan egon sakabanatze eta urruntze politiken erruz.
Gure anaia etxera ekarri zutenean Ertzaintzak eduki zuen jarrera salatu beharrean gaude. Unai ezin izan zen tanatoriora joan; horregatik, senideok erabaki genuen etxera ekar zezatela. Uztailaren 24an izan zen bisita. Unai Zaballako espetxetik jaso zutenetik, jarrera bortitza izan zuten ertzainek. Normalean, Ertzaintzaren zaintzapean dauden presoei eskumutur batzuk jartzen dizkiete eskuburdinetatik babesteko; gure anaiari ez zizkioten jarri, eta, gainera, eskuburdinak oso estu jarri zizkioten.
Etxera heltzean, Unai eta geuk eskatu genion operatiboaren arduradunari eskuburdinak kentzeko. Inolako azalpenik gabeko bere ezetzaren aurrean, gure desadostasuna eta haserrea azaldu genion. Haren erantzuna izan zen Unai etxetik eramango zutela ertzainekin hitz egiten jarraitzen bagenuen. Tentsio uneak izan ziren. Etxean zegoen 13 urteko gure iloba Irati, eta, osaba eskuak loturik ikusirik eta uneko tentsioak eraginda, negarrez hasi zen. Bisitak iraun zuen bitartean, gure anaia eskuak lotuta eduki zuten. Unaik, bisitaren iraupena zehazteko eskatu zienean, ez zuen erantzunik jaso. Azkenean 50 minutu iraun zuen bisitak.
Etxeko atarian, agertutako jarrera aurpegiratu zien Unaik ertzainei, eta jaso zuen erantzun bakarra haien bultzada bortitzak izan ziren. Anaia zaintzen zuen ertzainak eskuburdinetatik tira zion, eta autora arrastaka eramatearekin mehatxatu zuen, kalean babesa erakusteko bildu ziren lagunak agurtzen bazituen. Bere bi arrebak han geunden, eta horren lekuko izan ginen.
Geure buruari galdetzen diogu norena izan zen oinarrizko baldintza duinetan Unairekin batera gure aitarengatik negar egiten ez uztearen erabakia. Norena izan zen gure anaia besarkatzen eta hari tentsiorik gabe gure babesa eta maitasuna erakusten ez uztearen erabakia. Geure buruari galdetzen diogu norena izan zen Unai lotuta mantentzearen erabakia.
Argi dugu gertatutakoaren erantzukizuna Eusko Jaurlaritzarena dela. Ez dugu zalantzarik hau gertatu dela gure anaiaren militantziagatik eta euskal preso politikoa delako. Hau ez da kasu isolatua, eta horregatik salatu nahi dugu.
Senideek Eusko Jaurlaritzari mota guztietako eskaerak egin dizkiote, eskatu diote espetxeetako politika aldatzeko. Errealitatea zera da, ikusi behar dogu nola iraintzen dituzten gure senideak eta zelako tratu txarrak ematen dizkieten beste batzuek beste alde batera begiratzen duten bitartean.
Unaik idatzi zuen oztopo guztien gainetik bere erara agurtu zuela gure ama. Oraingoan, guk geuk harekin konpartitu ditugun sentimenduak azpimarratu nahi ditugu, eta, jasandako tratua txarra izan arren, alde onena gogoratu nahi dugu. Gure anaiarekin bildu gara aita gogoratzeko. Gure gurasoez harro gaude. Betidanik guztia eman ziguten, eta haiek utzitako oroitzapen onak ditugu aurrera egiteko. Tristea da ama eta aita zendu izana semea etxean ikusigabe. Horregatik, inoiz baino gehiago desiatzen dugu errepresaliatuen guraso guztiak oroitzea eta errepresaliatuen etxerako itzulera. Ez da desio soila, borrokan jarraituko baitugu preso eta iheslari guztiak etxera ekartzearen alde.
Amaitzeko, eskertu nahi dugu une latz hauetan jaso dugun babesa. Eskertzen dugu, bihotz-bihotzez, senide eta lagunen maitasuna. Baita Unairen lagunei ere, une oro gurekin izan direlako eta, posible den heinean, Unairekin, eta Granadako haren kideei ere bai. Guztiok duzue gure begirunea eta aitortza. Mila esker guztiagatik.
Bilbao Solaetxe senideen salaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu