Biktimen ponentzia Eusko Legebiltzarrean

Lau Haizeetara Gogoan
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Franco hil ostean, nazioarteko komunitatearen aurrean aldaketa eta demokraziarako prozesua eszenifikatu zen Estatu espainiarreko politikan. Diktaduraren erreforma arin bat asmatu zuten horretarako; nolanahi ere, Estatuko egitura zaharrak bere horretan igaro ziren fase historiko berrira. Estatuak biolentziari eta errepresioari eutsi zion, ehunka zuzeneko heriotza eta milaka errepresaliatu eraginez.

Biolentzia testuinguru hori jorratzeko asmoz, 1911-2011 epealdian indarrean jarri den legeriak ETAk eragindakoen eskubideen aitormenak arautu nahi izan ditu. Araudi horrek batzuentzat kopuru handiko kalte-ordainak eta omenaldi instituzionalak eta besteentzat ahanztura eta bazterkeria ekarri du; legeak gizarte demokratikoetan herritar guztiei zor dien berdintasun printzipio funtsezkoa hautsi egin da era horretan.

1999ko martxoaren 31n Gasteizko legebiltzarrean sortutako ponentzia legeria multzo baztertzaile horren beste pieza bat izan zen; esaterako, bertan agertu ziren %80en aldarrikapenei (genozidio frankista eta Estatu terrorismoaren biktimen eskutik) ez zitzaien batere jaramonik egin.

2011ko uztailaren 11n ponentzia berri bat eratu da, Estatuko gorputz armatuek eta horien inguruko talde terroristek eragindako Giza Eskubideen urraketak jorratzeko asmoz. Bada, ponentziak oinarri hartu duen txostenak manipulazio historiko, juridiko eta politikoak larriak dauzka berekin. Bere helburu argia giza eskubideen urratzaileen arduradunei salbuespen eta leungarrien ezarpena zuritzea da, krimenak egin ziren une historikoak eta horien eragileak nortzuk izan ziren kontuan hartuz.

Uztailean eta abuztuan, Lau Haizetara Gogoan legebiltzarreko ponentzia osatzen duten alderdiekin bildu da; biltzearen aldeko jarrerarik agertu ez duen PSE ez beste gainerako alderdiekin, alegia. 1999ko ponentziaren prozedura eta emaitzei buruzko gure azterketa kritikoa agertu diegu alderdiei, eta, aldi berean, lan egitasmo bat azaldu diegu Giza Eskubideen urraketa larrien inguruko egoerak modu integralean gainditu ahal izateko oinarriak jartzeko asmoz. Oinarri horiek nazioarteko legaltasunean eta justizia trantsizionalak funtsezkoak dituen hiru ardatzen garapenean dute jatorria: hots, egia, justizia eta erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak barne.

Egiari dagokionez, ponentzia horrek ez du mekanismo eraginkorrik ezartzen, eskubideen urraketen arrazoiak eta ondorioak ikertu ahal izateko. Biktima batzuk diskriminatzen dira berriro, baita aztertu beharreko epealdiak zehazteko orduan ere; izan ere, ETAren biktimen zentsua osatzerakoan 1960. urtean jarri da hasiera data, baina ez zaio bukaerarik jarri. Hasierako datak gezur bat du oinarri, makina bat aldiz errepikatu dena: ETAren lehen biktima Begoña Urroz haurra izan zela, alegia (egiaz, DRIL talde armatuaren ekintza baten ondorioz hil zen). Aldiz, Estatuak eragindako biktimentzat, hasiera data 1968. urtea jarri dute (bat eginez ETAren lehen biktima gertatu zen urtearekin batera), data erreala 1936an behar lukeenean izan; amaiera datak, berriz, irekita behar luke geratu, lehen aipatu dugun kasuaren antzera.

Egungo baldintzetan ezinezkoa da 1936-1959 epean gertatutako 13.000 heriotza eta desagertzeen inguruko egia ikertzea; ez eta ere, Estatuak 1960-2010 epean eragindako ehunka hildako eta 1.200 baino gehiago zaurituen kasuak, edo eta garai bertsuko 6.000 tortura kasuak. Eta hori guztia kontuan hartu gabe haurren lapurretak, exilioa, erbesteratzeak, deportazioak, konfinamenduak, genero jazarpena eta bortxakeria sexuala, errepresio sozial eta ekonomikoa, eta abar.

Justiziaren arloan, ponentziak ez du eskubideen urraketen azterketa metodologikorik edo kategorizaziorik ezartzen, eta ez da lekukoen testigantzen bilketa, transkripzio eta balidatze prozesurik ere ezartzen.

Erreparazioari dagokionez, azkenik, esan beharra dago iragarri diren neurriak zenbait «laguntza» ekonomikoetara mugatzen direla, gobernuaren beraren borondate asistentzialari loturikoak. Kalte-ordainik ez da aipatzen, jakinik kontzeptu hori eragindako mina dela-eta Estatuaren eskutik ordaina jasotzeko biktimek daukaten eskubideei lotzen dela. Beste biktimekiko agrabio konparatiboak, ponentziak iragarri duen diru kopuruarekin hartzen du dimentsiorik lotsagarriena: 180.000 ? guztira. Kontuan hartzen badugu Espainiako Kongresuak onartu zuen «terrorismoaren biktimen» legeak aurtengo urteari begira 250.000 ? ezartzen dituela hildako bakoitzeko, argi geratzen da Eusko Jaurlaritzaren asmo baztertzailea. Adibide bakar bat jartzearren —egoera horren kontrapuntu gisa jokatu dezakeena—, esan behar da Paraguaiko gobernuak aurten bertan bost milioi dolar ezarri dituela Stroessner jeneralaren diktadurak eragindako 244 biktimei kalte ordainak emateko.

Irailaren 14an biktimen inguruko ponentziaren lehen saioa burutuko da. Eusko Jaurlaritza berak egingo du lehenbiziko agerraldia; nazioarteko legediak dioenaz beste jokatzen ari den gobernu horretxek berak hartuko du hitza, zertarako eta betiko eskuinari babes parlamentarioa eskatzeko eta bere estrategia baztertzailea sendotzeko. Bakeaz eta bizikidetzaz hitz egiten dute, baina gero, Estatu terrorismoa bermatzen eta babesten dituzten legeak onartzen dituzte.

1976an erregimen politiko baten aldaketa eszenifikatzen hasi zen munduaren aurrean, baina Estatu zaharraren egiturek bere hartan iraun zuten, eta hor diraute oraindik, inpunitatean ezarrita, gainera. Aztergai dugun errealitatea da bere ondorioetako bat.

Artikulua hauek sinatu dute: Andoni Txasko, Gotzon Garmendia, Manuel Sainz, Antxon Gomez, Iñaki Astoreka, Esteban Gota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.