Biktimen legea, bai, baina justua eta denentzako berdina

Andoni Txasko, Ainara Esteran, Josu Ibargutxi
2016ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Uztailaren 28an osoko bilkura egin dute Eusko Legebiltzarrean, eta eztabaidagai izan dute Estatuaren indarkeriak eragindako biktimak aitortzeari eta haiei erreparazioa emateari buruzko legea. Guk geuk eta hainbat talde politikok ere hala eskaturik, hainbat pertsonak eta taldek aukera izan dugu hainbat oharpen eta iradokizun egiteko, legearen hasierako zirriborroa hobetzeko eta antzemandako hainbat gabezia zuzentzeko asmoz. Zoritxarrez, eta azkeneko lege proposamena ikusirik, ez dituzte aintzakotzat hartu.

Ezin ezkutatuko dugu hamabost urteotan hainbat pauso eman dituztela EAEko erakundeek biktimak aitortzeari eta haiei erreparazioa emateari dagokionez, baina hartu diren erabaki guztiak behin eta birritan kritikatu izan dira, nahikoa ez direlakoan eta biktima guztiak berdin ez baizik eta bereizkeriaz tratatzen dituztelakoan. Lege egitasmo berri horretan, bada —1978tik 1999ra arteko biktimei buruzkoa oraingoan—, gabezia eta errotiko hutsegite berberak atzeman ditugu, planteamenduan, nahiz eta argitara eman ditzaten balioko duten neurri batean.

Izan ere, zerbaitek ezaugarritzen badu edozein biktima, dena delako jatorrikoa delarik ere, begien bistaratua sentitzea da, eta aitortzen zaizkiola dagozkion eskubideak, zeinak urratu egin baitizkiote nortara edo hartara. Zoritxarrez, kasu jakin batzuetan bakarrik mamitu izan da begien bistaratze eta aitortze hori: modu alderdikoian goretsi izan diren kasu batzuetan, neurriz gain; beste batzuetan, ahantziz eta mespretxu agerikoz.

Hainbat gabezia antzeman ziren lege horretan: besteak beste, zer terminologia darabilen, zer eperi dagokion, nolako anbiguotasunak dituen aplikatzekoa den eremuari dagokionez, zer erreparazio eta artatze maila baliatu behar den, eta abar. Horregatik, gu prest agertu ginen gure ekarpena egiteko, hura hobetzearren. Argudioz gainezka jo genuen Eusko Legebiltzarraren Giza Eskubideen Batzordera, eta NBEk giza eskubideen inguruan dituen kontalariek abala emanik, zeintzuek gomendatuz eta exijituz behartu nahi baitituzte Espainiako Estatua eta erkidegoetako edo tokian tokiko administrazioak nazioarteko legedia betearaz dezaten, giza eskubideak urratu zaizkien biktimak babesteko eta Egiari, Justiziari, Erreparazioari eta Gertatutakoa ez Errepikatzeko Bermeari buruz dagokien eskubidea baliarazteko.

Baina, berriro ere, etsigarria da azkeneko emaitza: terminologia desberdina erabili da indarkeria mota bat edo bestea izendatzeko; denboraren tarteei ere eutsi egin zaie, eta, are larriago, bereizkeriazko erreparazioak ematen zaizkie biktimei; azken batean, kategorizatu egiten dira biktimak, eta, zer motatako indarkeriak eraginak diren, horren arabera tratatzen dira.

Lege horrek babesik gabe uzten ditu, esaterako, Estatuak bere betebeharrak ez betetzearen ondorioz giza eskubideak urratu zaizkien biktimak: hala nola sakabanaketari bere hartan eutsita —ehunka herritarrek aurre egin behar izaten diote horri, eta badira 16 lagun hilak, eta ehunka zaurituak—; bai eta batzuen inguruan baliatu izan dituzten bertsio ofizialak direla eta, zenbaiti bizia kentzearen zuribide gisa eta benetan gertaturikoa mozorrotze aldera. Gure ustez, gutxienez, ikertu egin beharko lirateke suposizio horiek, ondorioren bat atera ahal izateko. Izan ere, zoritxarrez, badakigu zer edo zer bertsio ofizialen inguruan. Esaterako, martxoaren 3ko hilketen inguruan zabaldu zutena, haiek zuritze aldera: «Tiro egin beste erremediorik ez genuen izan, ohiko eraso terrorista bati aurre egiteko... Mikel Zabalzak bere zaintzaileengandik ihes egitea lortu zuen, eskuak bilurturik ihes egin ere, eta Endarlatsako tuneleko hutsarte batera jauzi egin zuen, eta ibaira erori zen, eta itota hil, ez baitzekien igerian...». Edota Irunberriko gertakariei buruzkoak, bere buruari bi aldiz tiro eginda bere buruaz beste egin omen zuen harena... Begiratu bat eman nahi izanez gero, luzea da halako bertsioen zerrenda, eta denoi ere karranka egiten digute nolabait.

Litekeena da Espainiako Estatuak hainbat helegite jartzea, eta, halako mehatxu bati aurre egiteko, segurtasun juridikoa eman behar omen zaio legeari; alegia, ezabatu egin behar dira legez kontrako errepresioa eta antzeko kontzeptuak, zilegizko lege batzuen eraginez gertatu baitzen halako errepresioa. Ez omen da onartu behar gatazka politikorik, ez hitz erdirik egin behar ere hari buruz, zeina baita arazoaren sorburu nagusietako bat. Argudio gisa darabilte, halaber, kontuz ibili beharra dagoela erabakitzeko orduan nor hartu biktimatzat, abal gisako sententzia bidez ez baldin bada, eta ezin direla berdintzat jo biktima guztiak. Falazia bat da erabaki judizialak baliatu nahi izatea giza eskubideak urratu zaizkien hainbat biktimaren abal gisa, zigorgabetasuna baldin bada gailen Espainian. Korapilatsua da erantzuleak seinalatzea, epaitu ordez abaroa eta babesa ematen baldin bazaie, eta eragotzi ere egiten baldin bada beste toki batzuetan epaitu ditzaten. Kasu bakan batzuetan baino ez dira baliatu torturatzaileen kontrako sententziak Estatuaren biktimen abal gisa. Ordea, ugari dira babesgabetasun kasuak: adibidez, ba al da sententziarik inolako erantzukizunik seinalatzen duenik 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren eta beste hainbat errepresio jardueraren inguruan? Ez baldin badira epaitzen egindako urraketak, eta erantzuleen zigorgabetasuna babesten baldin bada, kimera hutsa da biktima aitorturik egotea.

Baina sententziarik ez egoteak ez du esan nahi biktimarik ez dagoenik; badaude, eta egiaztatzeko modukoak. Eta behin halako biktimei beren izaera aitortuz gero, erreparazio bat eman behar zaie ezinbestean, beste batzuei eman bezala, ekitateak ez baitu esan nahi parekatzea. Zabala eta konplexua da biktimen mundua, eta giza eskubideak urratzen dituzten hainbat jardueratatik eratorria. Biktima da atentatu batean bizia galdu duen pertsona bat, baina biktima da, halaber, uniforme grisdunek eliza bat gaseztatu eta gero haren barrenetik iheska atera den pertsona tiroz hila. Giza eskubideak urratzen dira kasu bietan, eta modu berean izan behar dute aitortuak. Gehiago balio al du bataren edo bestearen biziak? Eta, hala uste izanez gero, nola zuritzen dute? Lege horri segurtasun juridikoa emateko eta blindatzeko, onena da zehatz-mehatz betetzea nazioarteak horri dagokionez ezarritako legeria, zeina oso argia baita horri buruz: urraketa berari tratu eta erreparazioa bera dagokio. Lege horrek, idatzita geratu den moduan, ez ditu betetzen ezarritako parametroak.

Noiz edo noiz Estatu indarkeriaren ondorioak jasan behar izan ditugun biktimok, bada, Egia, Justizia eta Aitorpena galdegiten dugu, eta ez dadila berriro gertatu orain arte gertaturikoa. Galdegiten dugu, halaber, amai dadila eta zuzendu dezatela gu guztiok jasaten ari garen bereizkeria sistematiko hau. Lege bat behar da, bai, baina justua eta berdintasunezkoa, eta onartu berri duten horrek erakusten digu oraindik ere beldurrak agintzen duela legegintzan. Ezinbestekoa da lege bat, arlo horretan nazioarteko legeriak biktimoi aitortzen dizkigun eskubideei erantzungo diena, eta ezeren eta ezeinen interesen mendeko izango ez den bat. Ziur asko, aurrera aterako dute hizpide dugun legea, baina ez gaitu konbentzitzen. Horregatik, abagunerik txikiena dugunean, Biktimen Lege Integral bat egin dezatela eskatuko dugu aspertu gabe, edozein biktimari egokituko zaiona, giza eskubideen edozein urratze jasan eta sufritu izan duen orori, eta 1936ko kolpe frankistatik gaurdaino egindako urraketak kontuan hartuko dituena.

Gure erakundeei eskatzen diegu joka dezatela koherentziaz, justiziaz eta erantzukizunez, eta ausarki eta modu subiranoan har ditzatela erabakiak, alderdien komenentzietara sekula errenditu gabe biktimen eskubideak. Zuzenbide estatu bat, eta zuzenbide erakundeak, letra larriz, izan ez baitira beren adierazpenengatik, baizik eta Justizia eta Erreparazioa modu iraunkorrean eta zorrozki aplikatzeagatik zuzenbidea zapaltzen den aldiro. Giza eskubideen inguruko lege nazionalak eta nazioartekoak, hain zuzen, bete beharrekoak dira. Haiek betetzen ez direlako edozein erreklamazio, beraz, biktimak ahanzten, baztertzen eta mespretxatzen diren adierazgarri da.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.