Sanferminak 78 Gogoan herri ekimena

Biktimen aitortza eta memoria demokratikoa

Fermín Rodríguez, Mentxu Velasco, Piru Zabalza eta Sabino Cuadra
2024ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun

Martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legeak, Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimak errekonozitu eta erreparatzeko prozedura arautzen duenak, ibilbide bihurria izan du Nafarroako Parlamentuak onetsi zuenetik.

Kongresuko Alderdi Popularraren, Voxen eta Ciudadanosen talde parlamentarioek aurkezturiko konstituzio-kontrakotasuneko helegiteen xede izan zen eta hortik etorri ziren Auzitegi Konstituzionalaren maiatzaren 13ko 108/2021 eta ekainaren 24ko 135/2021 epaiak. Biek hala biek azpimarratzen dituzte Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeak izaten ahal dituen eginkizunak, xede diren ekintzak aztertu, dokumentatu eta ziurtatzeko orduan. Hortaz, batzordearen ikerketarako ahalmenak urardoturik gelditzen dira.

Horrela, botere judizialak murrizten ditu Batzordeak funtzionario publikoek edo eskuin muturreko taldeek eragindako motibazio politikoko delitu-ekintzak ikertzeko izaten ahal zituen posibilitateak, justizia eskuratzeko edo egileak auzipetzeko edozein bide itxiz. Modu horretan, ikertzeko jardun oro auzitegiei esleitzen zaie baina, praktikan, auzitegi horiek guztiek uko egin diote ekintza horiengatik aurkeztutako kereila eta salaketei buruzko prozesuak irekitzeari, argudiatuta preskribatuak daudela edo ez daitezkeela epaitu, 1977ko Amnistiaren Legea aplikatuz.

Auzitegi Konstituzionalaren epaiek sartutako aldaketek eta, aurreikusitako kalte-ordainei dagokienez, ikusitako zenbait inkongruentzia zuzentzeko beharrak eragin zuten Nafarroako Parlamentuak uztailaren 1eko 22/2022 Foru Legea onestea, 16/2019 Foru legea aldatzeko.

Urtarrilaren 2ko 1E/2023 Foru Aginduak, 2023ko urtarrilaren 19ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoak, ezarri zuen eskaerak aurkezteko hasierako epea, 2023ko urtarrilaren 20tik 2027ko uztailaren 20a arte.

Horregatik, legea onetsi eta bost urte geroago, 2024ko apirilean errekonozitu dira eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimek aurkeztutako lehendabiziko hamabi eskaerak.

Lehendabiziko hamabi errekonozimendu horien artean, 1978ko sanferminetan jasandako eraso polizialen hiru biktima daude. Eta errekonozimendu hori bereziki aipatu nahi dugu lerro hauetan, Sanferminak 78 Gogoan ekimenarekin duen lotura dela eta. Errekonozimendu hori gehitzen zaie aurretik Iruñeko Udalak eta Nafarroako Parlamentuak ildo horretan egindakoei, gure elkarteak aurkeztutako kereila sostengatuz.

Errekonozimendu horrek indartzen du gertaera haiei buruz beti mantendu dugun ideia. Zehazki, jardun polizialak oinarrizko eskubideak urratu zituela, pertsonen bizitzaren integritatea kasu, heriotza barne. Motibazio politikoa izan zuela, nagusikeriaz. Inpunitate testuinguru batean gertatu zela eta horrek eragotzi zuela egitateen ikerketa judizial egokia eta, hortaz, errudunak zigortzea, hala nola biktimak errekonozitu eta erreparatzea. Horregatik zoriondu egiten ditugu Memoria eta Bizikidetzaren lehendabiziko ebazpen horiek.

Alabaina, ezin dugu azpimarratu gabe utzi zein inkongruente den errekonozimendua nafar administrazioak egitea, indarkeria gobernu zentralaren menpeko gorputz polizialek eragindakoa denean, eta horrek ez du inoiz errekonozimendu ezta erantzukizun adierazpenik egin ildo horretan. Aitzitik, frankismoaren sekretu ofizialen lege bat indarrean mantentzen du, funtsezko dokumentazioa eskuratzea eragotziz, Estatuaren aparatuek giza eskubideen kontra eragindako jardunen munta zehaztu ahal izateko. Orobat, sistematikoki, oztopatzen ditu epaitegi baten errekerimenduak, frankismoaren krimenen aurkako kereila argentinarra eramaten duen horrenak, Martin Villa eta biktimek seinalatutako beste erantzule batzuk epaitzea galaraziz.

Ez gara nekatuko errepikatzen ezen, giza eskubideak urratzen direnean, kitatzeko modu egokia jendarte demokratiko batendako, Egia, Justizia, Ordaina eta berriro ez gertatzeko Bermeak aintzat hartuta egin behar dela. Lau euskarri horietako batean ere huts egin gabe. Eta errekonozitutako hamabi kasu horietan ezinbertzean behar da, biktimekin batera, biktimagileak ere agertzea. Zeren eta, errekonozimendu bikoitz hori egiten ez bada, berreskuratutako egia erdizka gelditzen baita, eta, ondorioz, erreparazioa huts gelditzen da.

Justizia eskuratzea biktimen eskubidea da. Hori ukatzea, berez, bertze eraso bat da, jasandakoari gehitzen zaiona. Eta bere burua demokratikotzat hartzen duen jendarte batendako ez da egokia eskubide horri uko egitea. Idoia Zabalza Garatek, Mikel Zabalzaren arrebak, berriki egindako adierazpenetan erran duen bezala, «ebazpenak argudio eta arrazoi gehiago ematen dizkigu egia eta justizia galdetzen segitzeko. Bukaeratik, hots, errekonozimendutik, hasi gara baina funtsezkoena falta da. Egia  judiziala nahi dugu eta, horretarako, ikerketa berrireki behar da eta bukaeraraino iritsi».

Justizia itxoiten segitzen dugu, itxoiten segitzen dugu diktadura frankista eta trantsizioarekin lotutako artxibo eta dokumentuak ireki daitezen, eskakizun demokratikoa baita, eta ez diogu uko egiten eragindako krimenengatik Egia, Justizia, Ordaina eta berriro ez gertatzeko Bermeak lortzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.