Gatazka politikoetan aurkaria erabat arbuiatu gura denean, modu eraginkorrena izaten da berari izaera morala nahiz politikoa ukatzea, ez aitortzea solaskide modura, ez behintzat parekotasunean. Planteamendu hori sendotu egiten da talkak indarkeria fisikoaren taxua hartzen duenean, eta, are gehiago, garaile militar-poliziala dagoenean. Kasu horretan asimetria nabarmenagoa egiten da, eta garaileek interes handia izaten dute garbi gera dadin indarraren garaipena ideia zuzenen eta legitimotasunaren garaipenarekin batera etorri dela. Horren ondorioak izaten dira garaileen helburuak eta indarkeriazko ekintzak legitimotzat jotzen direla, eta garaituarenak doilortzat. Gatazka egoeraren arrazoiak, errua, osotasunean, garaituari leporatzen zaizkio. Garaitua deslegitimatze horretan esangura historikoz ere eranzten da beraren jarduna, zentzu barikotzat jotzen da, loturarik ez baleuka moduan inolako gertaera kate historiko edo politikorekin.
Deuseztatze edo gutxieste moral, politiko edo historikorako argudio ugari erabiltzen da, garaiaren eta garailearen gustura: garaituak ideia totalitarioak ezarri gura dituela, estatuaren eta legezkotasunaren nagusitasun politikoaren eta moralaren aurka jokatzen duela, historiaren aurrerabidearen aurka diharduela, oinarrizko giza eskubideei erasotzen diela... Denak ere nahikoa argudio manipulagarriak izaten dira eta horien erabilera intelektuala, nola praktikoa, interesatua eta okerra izaten da. Komeni denean historia erabiliko da norberaren aldeko argudio modura eta komeni denean norbanakoen eskubide hutsen dogma jartzen da edozein gorabehera historiko, politiko edo komunitarioren gainetik.
Baina garaipen militarra eta garaituaren gutxiespen politikoa, morala eta historikoa ez da nahikoa izaten garailearentzako, eta hori bezain garrantzitsutzat jotzen du gerora garaipena goretsiko duen kontaketa berea egitea, eta horretarako ezinbestekoa izaten zaio gatazkak eragin duen oinazearen kudeaketa patrimonializatzea. Era horretara, sufrimenduan ere asimetria ezarriko du, oinaze ezberdinen artean bereiziz, eta esangura eta aitortza maila hierarkizatu batean txertatuz. Horrela garaituei baita bere inguruko guztiei,—senideei, kide politikoei— era bateko edo besteko zigor erantsiak ezarriko zaizkio, egunerokotasuna zailduz, erbesteraketak bultzatuz… neurri bariko ankerkeriara iristeraino batzuetan; era berean garaileen oinazea aitortzen eta leuntzen duten neurriak ere hartzen dira. Alderdi politiko moraletik garaitua belauniko ipintzeko baldintzak jarriko dira, bere bekatuen aitormena exijituz, burua makurraraziz, eta zoru etikoak ezarriz garaileen gogoko sabai politikoaren ezarpena disimulatzeko. Oroimenean ere sartuko du eskua garaileak, eta erabakiko du zein den oroimena eta aitortza merezi duen gertaera edo biktima, eta zein ahaztu beharrekoa. Hemen, adibidez, erabaki dute frankismoak eragindako biktimek ez dutela oroimenik merezi—ez gerra garaikoek ez diktadura pekoek, 1975eko irailaren hogeita zazpian fusilatutakoek, adibidez—.
Biktimen, biktima politikoen, faltan ez gaude Euskal Herrian. Azken bi mende pasatxotan eten bariko indarkeria politikoa ezagutu dugu: gerrak, diktadurak, jazarpenak. Horien ondorio ankerrak ugari izan dira. Iraultza frantsesak ekarritako heriotzak, erbesteraketak, Iparraldean. Hegoaldean XIX. mende hasieratik hona hiru gerra latz, diktadurak, jazarpen etnozidak, ezagutu ditugu, beti Espainiatik etorritakoak. Eraso luze horri koherentzia politiko-historikoa eman diona Espainiaren batasun zatiezina ezartzeko egitasmoa izan da.
Helburua ondo zehaztua geratu zen XIX. mende hasieratik, Cadizeko konstituzioan: hots, gure lege sistema errepublikazalea ezabatzea eta espainiar «liberala» ezartzea. Hori izan da euren asmoa, eta bete dute. Egingo bagenu egitasmo horrek gure herrian eragin dituen hildakoen, erbesteratutakoen, herria uztera derrigortutakoen, torturatutakoen… zenbaketa, emaitzak ikaragarriak izango lirateke, eta jarriko gintuzke genozidio isil eta luze baten proportzioetan.
Hala izan da XIX. eta XX. mendeetan hainbat lekutan, Arlabanen, Elgetan, Nafarroako errepide bazter eta leizetan, Gernikan. Ez ditugu ahaztu behar Bilboko kartzeletan UGTkoek, sozialistek, sarraski batean, hil zituzten ehunka lagunak; horietako asko baserritar, kaletar, euskaldunak eta euskaltzaleak, ez zekitenak zer egiten zuten han. Horiek guztiek ez dute barkamen-eskerik merezi, edo gorazarrea egingo dien oroitza-museorik.
Hori dena gogoan, harrigarria egiten zait Euskal Herri osoan ez izatea azken bi mendeetako egitasmo unionistaren ezarpenak, genozidio isil eta luze horrek, eragin duen oinazearen oroigarria izango den tokirik, ez egotea eurendako aitortzarik, ezta inoren barkamen-eskerik ere.
Ulertzekoa da indar espainiarrek kontu horiek ezkutatzea, edo gure zaharren oinazea mespretxatu gura izatea, gure arbasoak atzerakoiak ei zirelakoan eta indar espainiarrak aurrerakoiak. Azken baten hortik bizi dira, eta aitortza eta barkamen-eskeak euren egitasmo politikoa bera, espainiar konstituzionalista, auzitan jartzea eskatuko luke.
Asimetria, aldebatekotasun, horretan batzuk eroso sentituko dira abantaila politikoa ematen dielako, beste batzuk horrela ezkutatzen dutelako euren ardura. Garrantzitsua daoroitzea, baina ez da gutxiago ez ahaztea.
Biktimak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu