Biktimak, kontaketa, memoria... sen ona

2013ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herrian, alde bakarretik bada ere, bizi izan dugun gatazka armatuaren zauria ixten hasiak garen honetan, gatazka hau nagusiki elikatu dutenek, oztopoak jartzeaz eta jarrera bera mantentzeaz gain, ez dute ezer egin nahi. Beraien oztopoek, beraien jarrera zurrunak eta beraien immobilismoa, espainiar estatuaren manipulazioa, sinesgarritasun eza, fidagaiztasuna azaleratzeaz gain, gatazka armatuaren arduradun nagusia dela agerian uzten du. Gainera, egoera aldatu denean, aldatu aurreko jarrerari atxikitzea, zalantza izpirik gabe, jarrera gogortzea da. Egun hauetan guztion ahotan bolo-bolo dabiltzan hainbat kontzeptu sakon aztertzea argigarria izan dakiguke.

ETAk 2011ko urriaren 20an borroka armatuaren amaiera iragarri aurretik, eta iragarpenaren ondoren areago, bere erabilera deigarri egiten zaidan biktima kontzeptutik hasiko gara.

Biktimez eta biktimaz asko hitz egiten da, baina zer da biktima izatea? Nor da biktima? Nor ez da biktima? RAEren arabera, biktima, «sakrifiziorako gordetako gizakia edo aberea», eta baita «beste baten mesederako arrisku larri batera arriskatzen edo eskaintzen den gizakia. Ustekabeko zioagatik edo inoren erruz mina jasaten duen gizakia. Ustekabeko zioagatik edo inoren erruz hiltzen den gizakia». Inondik inora ez du esaten biktima baten senidea biktima denik, ez da biktimaren definizioetako bat. Halere, espainiar estatuak aspaldi egokitu zuen kontzeptua beraiek nahi zuten esanahira, biktimaren kontzeptua aldatu eta neurriko kontzeptu berri bat sortzeko. Baina aldaketa hori, gizarte mailan, maila politikoan egin dute, ez RAEren eremu akademikoan; zerbaitengatik izango da.

Unionistei jokoa jarraitu dietenak ere badira, haiek badakite zergatik. Kontzeptu bat horrela aldatzeko gai direnak, baita ere, biktima nor ez den ezartzeko gai direla uste dute, eta horretan dabiltza. Gaztelera hizkuntzaren autoritate gorenaren arabera, biktimaren kontzeptua neutroa da. Ez du kolorez, politikaz edo bandoz ulertzen.

Tsunami batean, lurrikara batean, sumendi baten eztandan edo sute batean hil edo larri zauritzen direnak biktima izan ohi dira, sute hori probokatua izan bada, eta egileak hildakoen artean aurkitzen badira, biktimatzat hartuak izan ohi dira. Auto gidari kamikazeek eragindako istripuetan hil diren guztiak, kamikazea barne, guztiak biktima dira. Eta guda batean? Biktima zibilak lurralde guztietakoak, biktima militarrak bando guztietakoak zenbatu ohi dira. Baina biktimen senideak, ez, hauek ondorio larriak jasan arren ez dira aintzat hartzen, ez dira zenbatzen. Baina Euskal Herriko gatazka armatuari dagokionez, biktimen senideak biktima bihurtu dituzte, eta, gainera, borroka armatuan arituz edo aritzearen ondorioz estatuak larri zauritu, hil eta desagerrarazi dituen euskal erakunde armatuetako kideak ez dira biktimak. Edozein gatazka armatuan, aurrez aurre dauden bi aldeetako biktimak zenbatzen direnean, tira! Hau ez baldin bada errealitatea itxuraldatzeko saio nabarmena…

«Los verdugos no pueden ser víctimas» errepikatzen dute fundamentalismo hutsez, fundamentu gabeko fundamentalismoaz, fundamentalismoa fundamentu gutxiko jarrera baita. Azter dezagun. Biktimario bat biktima izan daiteke?, eta biktima bat biktimario? Bai, noski. Adibidez, guardia zibilak edo poliziak tiroketa batean eusko gudari bat hil izan dutenean eta honek bera hil dutenetako bat hiltzen badu, hildako guztiak biktima dira. Ez du axola nor hil den lehenago, nork hil duen gehiago, nola hil duen… soilik hil direla, guztiak biktimario, guztiak biktima. Gehiago esango dut, tiroketarik egon gabe balaz josi dituztenak, nahiz eta beraiek ez zuten tiro bakar bat botatzeko aukera izan, eta nahiz eta gertaerak justifikatzeko polizia indarrak tirokatu zituztela asmatu eta antzeztu, hauek ere biktima dira, noski, biktimario izan ala ez, hil egin zituztelako. Areago, estatuaren tortura, errepresioa, jazarpena… jasan dituen biktima bat, bere biktima egoerak bultzatu edo eraginda, ETAn antolatu eta biktimario bihur zitekeen inor hilko balu; eta ETAn militatzearen ondorioz estatuaren biktima, hildako, izaten bukatu. Beraien biktimen artean, onartzen dituzte, Meliton Manzanas, Carrero Blanco eta beste asko bezala biktimario izan diren biktimak. Beraz, unionisten egiaztapena faltsua da, okerra.

ETAren iragarpenaren ondoren, beste gai batekin ere guztiz tematuta dabiltza, kontaketan beraien ikuspegia gailentzeko asmoekin. Honen inguruan, lehenik eta behin, galdera honi erantzun behar geniokeela iruditzen zait. Nola eraiki daiteke euskal gatazka armatuaren errelatu objektibo bat ETAren aurretik gertatutako guztia aintzat hartu gabe? Nola egin dezakegu kontaketa objektibo bat biktimen kontzeptua, gai honetan giltzarri dena, manipulatu eta faltsutzen dutenekin?

Historia garaileek idazten dutela esan ohi da, irabazle argirik gabe amaitu den euskal gatazka armatuaren historia guztion artean idatzi behar dugu, guztiok garaile izateko. Bestela, guztiak garaituak izateko, egoerak garaituak izateko arriskua dugu, galtzaile izateko arriskua. Memoria oso garrantzitsua da, bai norbanakoentzat, bai herrientzat, batez ere akatsak ez errepikatzeko. Kontaketa objektibo bat eraikitzeko, behar-beharrezkoa da gertatutako guztiaren onarpenetik abiatuta gertatutako guzti-guztia azaltzea. Gertatutako guztia, ikuspegi guztietatik eta bakoitza bere kontakizunarekin. Horrela, etorkizunean, kontaketa horren hartzaileak gatazka armatu honen kontaketa nagusia osatzen duten mikro kontaketak ezagututa erabaki ahal izango du.

Beste bide guztiak antzuak dira, interesatuak, egiaz gertatutakoa estaliz eraikitzen den egia gezurra baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.